Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarragak aurkeztu du gaur, Lakuako Eusko Jaurlaritzaren Egoitzan, Ezintasunak dituzten Pertsonak Lan Merkatu Arruntera sartzeko Planari sostengua eta atxikimendua adierazteko agiria. Plan hori joan den astean onartu zuen Jaurlaritzaren Kontseiluak, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren ekimenari erantzunez.

Agerraldian izan dira ezinduekin harreman zuzena duten eta Euskal Autonomia Erkidegoan lan egiten duten pertsonak, ezinduen hainbat elkarteren parte hartzen dutenak. “Horren ondorioz, esan dezakegu Plan horrek bi egile dituela: alde batetik, Saila bera; eta, bestetik, inplikaturiko agenteak, ezintasunen arloan lan egiten duten Euskal Autonomia Erkidegoko elkarteen bitartez”, adierazi du sailburuak.

Ondoko pertsonak izan dira sailburuarekin eta Planari sostengua emateko agiria sinatu dute:
-Soraya Pontejo, EGINAREN EGINEZekoa (Ezindu fisikoen Arabako Federazioa)
-Guillermo Azkarate, ARANSGIkoa (Gipuzkoako haur gorren entzumen-birgaitzerako elkartea)
-Raquel Barroso, ELKARTUkoa (Ezindu fisikoak koordinatzeko Gipuzkoako federazioa. Euskadiko Federazioko presidente ere bada)
-Txema Franco, LANTEGI BATUAK-ekoa (Fundazio horrek 17 zentro —lanean trebatzekoak eta enplegurako zentro bereziak— hartzen ditu Bizkaian)
-Karmele Itziar Ruiz Antolin, FEKOOR-ekoa (Bizkaiko Gutxitu Fisikoak koordinatzeko Federazioa)
-Eta Mariano Cortés, GUREAK S.A. ordezkatuz (Elkarte horrek 30 zentro biltzen ditu Gipuzkoan, lanean trebatzekoak eta enplegurako zentro bereziak).

Planaren xedea zera da: Euskal Administrazio Publikoak —dagozkion eskumenen barruan eta gizarte-ehunean dauden sinergiak kontuan izanik— baldintza egokiak bilatzea ezintasunak dituzten pertsonak lan-merkatu arruntera sar daitezen, bertan irauteko berme erantsiak izan ditzaten, eta ezintasuna dela eta garapen profesionalean diskriminaziorik izan ez dezaten, horretarako kalitatezko neurri eraginkorrak ezarriz.

Horretarako, lau milioi eurotik gorako diru-hornidura eman zaio planari, zehatzago: 4.549.562 euro.

Testuingurua

Azken datuen arabera, lan egiteko adinean (16-64 urte) dauden ezinduak 57.000 baino zertxobait gehiago dira EAEn, horien %61,6 gizonezkoak dira, eta %38,4 emakumezkoak. Gizon ezinduak lan egiteko adinean dauden herritarren %4,6 dira, eta emakumeak %2,9.

Langabezia tasa oso handia da giza talde horretan, %33,3koa, EAEko herritarrak oro har hartuta, berriz, langabezia %7,6koa zen urte honetako hirugarren hiruhilekoan. Langabeziak antzeko eragina du gizon eta emakumeetan, nahiz eta pixka bat txikiagoa izan emakumeetan, EAEko langile guztien artean ez bezala: %33,8 gizonezkoen artean eta %32,6 emakumezkoen artean.

Lan-ezegonkortasunari dagokionez, enplegua hobetzeko eskaria langabetu guztiena baino handiagoa da. Giza talde horretan dagoen ezegonkortasuna adierazten digu datu horrek.

Kontuan izan behar da lan-egoera hobetu nahi duten gehienek enplegu-zentro berezietan lan egiten dutela, eta zentro horiek egiten dituztela ezinduen kontratazioen %80.

Ezinduei arreta emateko eredu eta politikek nahiko azkar —baina abiadura desberdinetan— eboluzionatu dute EAEn. Medikuntzan eta sorospenean oinarrituta zegoen eta ezintasuna pertsonaren arazotzat hartzen zuen lehengo eredutik abiatuz, ezgaituak laneratu, gizarteratu eta kalitatez bizi daitezen, ahalik eta independente, autonomo, eta ahaltsuen izatea lortu nahi duen egungo eredura.

EAE aitzindaria izan da Estatuan ezinduak laneratzea helburu duten neurriei dagokienez; eta hori posible izan da, neurri handi batean, bertako elkarteen mugimendu oparoari esker. Hirurogeiko hamarkadaren bukaerako tailer babestuetatik hasita, ezinduei laneratzeko banakako ibilbideak eskaintzera iritsi gara.

Ezintasunak dituzten pertsonak lan-merkatu arruntera sartzeko Plan hau, beraz, “urrats bat gehiago da, garrantzitsua gure ustez, sorospen-politiketatik gizarteratzea eta laneratzea helburu duten beste politika batzuetarako eboluzioan”, adierazi du Azkarragak.

Planaren Edukia

Plana abiarazi duten balioak honakoak dira:

• Bazterkeriarik eza —zentzu zabalean—, eta genero-ikuspegia eranstea. Ezinduek egun nozitzen duten bazterkeria ebitatu nahi da, eta bazterkeria bikoitza sortzen duten eragileen aurka lan egin —hori da, adibidez, emakume ezinduen kasua—.

• Gizartearen partaidetza. Planak lan-arloko eta elkarteetako eragileen eta ezinduen beraien partaidetza sustatuko du, jarduera-eremu horrekin zerikusia duten gizarte-erakundeen bitartez.

• Osoko ikuspegia. Laneratzeko ibilbide osoa eta enpleguaren iraunkortasun eta egonkortasuna hartu nahi ditu planak, horiek gauzatzen diren une bakoitzerako berariazko ekintzen bitartez.

• Kalitatea, eta zehazkiago, EFQM eredua, planaren barruan egiten diren ekintza guztien jarraibide gisa.

• Politika aktiboak sustatzea. Izan ere, Planaren helburu orokorra esparru bat sortzea da, Euskal Administrazio Publikoak, haren eskumenak baliatuz, ezinduak lan-merkatu arruntera sartzeko politikak diseinatu ditzan.

• Ezintasunak dituzten Pertsonak Lan Merkatu Arruntera sartzeko Plana uztartuta dago Enplegurako Erakundeen 2003-2006 Planarekin. Jaurlaritzaren Kontseiluak 2003ko uztailean onartutako azken hori ere gure Sailak sustatzen du, eta orain aurkezten dugun plana horren zati bat izango da. Bien indarraldia 2006an amaituko da.

Plana zazpi arlotan egituratuta dago, eta horietako bakoitzak aurrekontu atal bat du esleituta. Horretaz gainera, 14 helburu ditu, eta horietara iristeko 79 ekintza zehatz garatuko ditu. Zazpi arlo horiek honakoak dira:

Ø Ikerketa
Ø Sentsibilizazioa
Ø Informazioa eta enplegurako orientazioa
Ø Lanbide heziketa
Ø Enpleguaren sustapena
Ø Administrazio publikoak
Ø Lan-harremanak.

Plana egiterakoan, agerraldian gaur izan diren pertsona eta giza taldeez gainera, enpresaburuen elkarteek eta sindikatuek ere parte hartu dute, Entzunaldi Publikoaren bitartez. Egia da Entzunaldi Publikoaren sistema ez dela askotan erabili, baina guretzat oso erabilgarria izan dela uste dut zinez, Plana aberasteko baliagarria izan zaigulako.

Horretaz gainera, gizarte eragileek haien ekarpenak egin ahal izan dituzte tramitazioan zehar, haien partaidetza-organoek (CRL, CES…) ematen dituzten txostenen bitartez; eta horretarako aukera ere izango dute jarraipena egiterakoan, Planak berak jasotzen dituen formulen edo Enpleguaren Euskal Kontseiluaren bitartez.

Sailburuak adierazi duenez, Plana onartzerakoan “ahalik eta adostasun zabal eta eraginkorrena lortzea lehenetsi dugu, nahiz eta horrek planaren onarpena atzeratu. Horren ondorio dira, besteak beste, CRLk eta CESek proposatuta sartu ditugun azken aldaketak, gure ustez proiektua hobetzeko baliagarriak izan direnak”.

Horren ildotik doaz, adibidez, motibazioa, erakundeen koordinazioa, Plana Lanbideri egokitzea edo Hobetuz jasotzeko modua hobetzea helburu zuten hainbat puntu. Horretaz gainera, gizarte-eragileen egitekoak indartu dira Planaren jarraipen eta kontrola egiteari begira.

Gizarte-eragileek Planean izan behar duten partaidetzari dagokionez, Zuzendaritza eta Koordinazio Batzordea sortzea aurreikusten du Planak, Planaren garatzeko gidaritza emateko helburuarekin; horrenbestez, batzorde horrek ezarriko ditu plana ekitaldi bakoitzean betearazteko jarraibideak, Enplegurako Erakunde Arteko 2003-2004 Plana Euskal Autonomia Erkidegoan programatu eta ebaluatzeko lanetan sartu daitezen. Era berean, Batzorde horrek Plana betetzearekin konprometitutako erakundeen arteko lan koordinatua bultzatuko du.

Zuzendaritza eta Koordinazio Batzordea lau alderdiren artean osatuko da, eta bere barruan izango dira euskal administrazio publikoa, enpresaburuen elkarteak, sindikatuak eta ezinduak gizarteratzea eta laneratzea helburu duten elkarteak. Lau alderdietako bakoitzak 5 kide izango ditu, eta guztira 20 kide izango dira.

Ondorioak

“Ondorio gisa, esan behar dizuet Ezintasunak dituzten Pertsonak Lan Merkatu Arruntera sartzeko Plana beharrezkoa zela, gizarte- eta politika-eragile guztiek adierazi duten bezala, eta horregatik bakarrik bada ere, uste dut asko aurreratu dugula”.

“Baina, horretaz gainera, gure ustez Plan hau, daukan adostasun-maila kontuan izanik, ezinduak lan-merkatu arruntera sartzeko egiten diren politiken erreferentzia-gune izan daiteke, proposatzen diren helburu estrategikoak lortzen eta plana sustatzen duten balioak gauzatzen izandako arrakasta ebaluatzeaz gainera”.

“Plan honekin, berriz ere, aukera-berdintasuna bultzatzea —bai enplegua lortzeko bai enplegu horri eusteko orduan— gizartearen betebeharra eta bermatu beharreko balio demokratikoa delako uste osoa duela erakutsi du Eusko Jaurlaritzak, are gehiago horrenbeste zailtasun aurkitzen dituen giza taldearen kasuan”.

Laburbilduz, Joseba Azkarragak onartu duenez “lan luze eta zaila izango da, baina ezinduak lan-merkatu arruntera sartzea ukaezinezko helburua izan behar da denontzat. Eta hala da, behintzat, Eusko Jaurlaritzarentzat. Fede osoa dugu helburu hori lortzera iritsiko garela, baina denon artean; izan ere, guztion partaidetza eta inplikazioa ezinbestekoak baitira”.

Jatorria: Joseba Azkarraga