Martin Aranburu Espainiako Gorteetako egunerokotasunaz informazio handirik ez duenari zuzentzen natzaio gaur, paraje haietan azkenaldian dantzan dabilen tirabira baten berri eman eta beronen inguruko iritzia plazaratu nahirik.
Aspaldian dabiltza diputatu katalan batzuk osoko bilkuretan katalanez hitz egin nahian. Bertako legebiltzarreko buru Marin jaunak hitz bakar batzuk katalanez esaten utzi zien hasieran, nahiz eta azkenaldian sutu egin zaigun eta, ondorioz, «Patrimonio Común de todos los españoles» den gaztelania hizkuntza erabiltzea baino ez du baimentzen. Diputatu katalanak isildu egin behar, beraz, eta gainontzeko diputatuen barre iraingarrien artean gaztelaniari heldu behar diote beren herrien berri eman nahi baldin badute.
Zentzurik ba al du, ordea, borroka horrek? Galdera beste modu batean planteatuta, hango osoko bilkuretan euskararen erabilera baimenduko balute, euskararen onerako edo txarrerako litzateke urrats hori? Irakurleen artean baten batek, agian askok, positibotzat joko du urrats hori, errespetu kuestioa dela argudiatuz, herri bateko hizkuntzari zor zaion onarpenaren isla direla defendatuz. Kontrako zentzuan, itxurakeriatzat jo daitezke, Estatuko hizkuntzenganako benetako errespetua dion estatu batek darabilen gezurraren premiazko adibidean bilakatu daiteke-eta.
Urratsez baino hitz egin dezagun helburuez. Euskarak gaur egun bizi duen egoera kontuan hartuta, zinez sinesten dut bere premiak etxean konpondu beharrekoak direla, eta beste administrazio batzuetan euskararekiko izan dezaketen jarrera bigarren mailako preokupazioa behar duela izan herri honentzat. Asko lasaituko gintuzke Bruselan edo Madrilen edo Parisen euskara erabiltzea, baina horrek aldatuko al du Tuteraren edo Bilboren egoera? Are eta lazgarriagoa oraindik, aurrerapauso horrek bide emango al dio euskaraz dakien orok euskararen erabilera osoa egiteari, euskarak biztanle askorentzat gaur egun oraindik duen artifizialtasuna desagertu arte? Ez dut uste. Horregatik, euskara arloan, gure zilborrari gehiago begiratu beharko diogu etxetik kanpo egin dakizkigukeen irainei hainbeste erreparatu gabe, gure eskuetan baita nagusiki gure hizkuntzak izango duen erabilera eta garapen maila.
Larriagotzat jotzen dut Eusko Legebiltzarrean dagoen euskara erabilera eskasa Madrilek osoko bilkuretan gure hizkuntza erabiltzeko ordenaturiko debekua baino. Larriagoa da hemengo osoko bilkuretan euskara-gaztelania bat-bateko itzulpen zerbitzu ezin hobea izatea, eta, aldiz, gaztelania-euskara zerbitzurik ez egotea. Hori da larria. Ez Gorteetan espainola erabili beharra. Ez dezagun gure egoeraz ez-ikusiarena egin bizilagunarenganako kritika baliatuz. Euskarak galtzen du-eta.
Jatorria: Martin Aranburu