Haren Sailak azterlan bat aurkeztu du, eta bertan proposatzen den sistema zentro txikietan oinarrituta dago, espetxeez besteko zigorrak eta gizalegezko banakako tratua sustatzen duena.

Azterlana azaltzen hasi aurretik, Azkarragak kritika bat egin zuen: “Gobernu-lan egokia egin ahal izateko ezinbestekoak diren hainbat arlotako kudeaketa ebatsi digute nahita, eta horrek euskal herritarrak kaltetzen ditu, zalantzarik gabe”. Zehazkiago, espetxe-erakundeen antolaketaren, erregimenaren eta funtzionamenduaren gaineko eskumena aipatu zuen; izan ere, eskumen hori EAEri aitortzen dio Autonomia Estatutuaren 10.14 artikuluak. “Inork ez du inoiz zalantzan jarri eskumena EAEri dagokiola, ezta PPren gobernuak ere; hala eta guztiz ere, popularrek lehenik eta sozialistek jarraian zera baino ez dute esan: ez dago transferentziarik nahi ez dutelako. Hipokrisi politikoz jokatzen dute, eta zigor- eta espetxe-politikaren gaineko ardura ebasten diote Eusko Jaurlaritzari” salatu zuen.

Hala eta guztiz ere, sailburuaren ustez, “mesfidantza horrek ez dio indarrik kentzen transferentzia eskatzeko eta eskumena ahalik eta hobekien betetzeko hartu dugun erabakiari”. Hortaz, gogorarazi zuen bere Sailak arlo horretan lan egin duela legegintzaldian zehar, gai horretako eskumena bere gain hartzen duten administrazioekin (Eskozia, Katalunia, Shleswis-Hölstein…) azterlanak, bilerak eta bidaiak eginez. Testuinguru horretan kokatu zuen aurkeztutako azterlana; “geure ustez ezinbestekoa da geure-geurea egin nahi dugun ereduaren diseinu argia edukitzea” esan du Azkarragak.

EGUNGO EGOERA

Azkarraga sailburuak adierazi zuenez, otsailean 1.317 preso zeuden EAEko espetxeetan (prebentziozko 249 eta 1068 zigortu), eta horietako 740 Langraizen zeuden, 298 Basaurin eta 279 Martutenen. Horietako 811 EAEn erroldatuta zeuden, eta besteak ez.

Gure erkidegoko zigortuen %68,26 berrerorleak dira; presoen %7,2 emakumezkoak dira eta atzerritarrak %25. Horietatik, %29,6 inguru Marokokoak dira eta %8,5 Algeriakoak. Era berean azpimarragarria da %15,4 Kolonbiakoak direla, %12,2 bakarrik Europar Batasuneko herrietakoak. Gainerako %30a beste herrialdeetakoak dira.

Azkarragak azpimarratu duenez, kopuru handiena da 2000 urtetik hona, eta “horren arrazoia zigor eta prozesu arloetako legeek izan dituzten aldaketetan datza, espetxe-zigorraren ugaltzea ekarri baitute”. Berez, espetxea nagusitu da beste zigorren gainean, eta bestelako neurriak baztertu dira.

Datuen azterketa erkatuari esker detektatu ahal izan dugu espetxeratuen zahartze prozesu bat dagoela. Horren arrazoi nagusia zigorren iraupen luzea eta drogamendetasuna dira; izan ere, azken horrek berrerortzera bultzatzen duela konprobatu dugu. Azterlanek baieztatzen dutenez, osasun arazo nagusiak gaixotasun mentalak, drogamendetasunak eta gaixotasun infekziosoak dira.

Azkarragak baieztatu zuenez, ez da berria salatzea espetxeetako azpiegitura eta ekipamenduak desegokiak direla, eta hori, neurri handi batean, oztopo handia da legeak xedatzen dituen printzipioetan oinarritutako kudeaketa egiteko. Printzipioei buruz ari garela, zigortuen gizarte-berrezkuntzaz ari gara, eta haiek atxiki, zaindu eta laguntzeaz. Hori guztia espetxeratuen gizatasuna eta zigorrak eragiten ez dituen eskubide eta interes juridikoak errespetatuz. Horren ildotik, gogorarazi zuen Espetxe Erakundeen zuzendari nagusiak berak ere onartu zuela, hitzez hitz, “espetxeen egoera tamalgarria” zela.

Egoera horren aurrean, Justizia Sailak hainbat ondorio orokor atera ditzake egungo sisteman aldatu beharko liratekeen ezaugarriak identifikatzeko.

1.- Espetxez besteko neurriak sustatzeko beharra, zigorrak erdiaskatasunean edo baldintzapeko askatasunean betetzeko moduak erabiliz.

2- Zigorrak eteteko eta gizartearen mesederako lanak egiteko dauden baliabideak ugaltzeko, eta segurtasun-neurriak —zentro psikiatrikoetan edo drogamendetasunak gainditzeko zentroetan sartzea— betetzeko beharra.

3.- Premia larria dago zentroak berritzeko eta langile tekniko gehiago izateko, osasun-arazoei berebiziko arreta eginez.

4.- Ezinbestekoa da espetxeratu atzerritarrei arreta berezitua ematea.

PROPOSATZEN DUGUN EREDUA

Proposatzen den eredu berria deskribatzerakoan, ezinbestekoa da zigor-betearazpenak behar dituen baliabideak aipatzea, askatasuna kentzen duten zein askatasuna kentzen ez duten zigorren kasuan.

Askatasuna kentzen duten zigorrei dagokienez, zigorrak modu egokian betetzeko beharrezkoak diren plazen kopuru bat ezartzen du azterlanak. Presoen kopuruak eta motak azkar aldatu daitezke. Hala eta guztiz ere, azterketa erkatuak hainbat datu garrantzitsu ematen ditu, besteak beste, delituei buruz, poliziaren jardunari buruz eta erabaki judizialei buruz. Horiek guztiek beharrezkoak diren plazen estimazioa egiten laguntzen digute, EAEn erroldatuta dauden espetxeratuen kopurua kontuan izanik.

Hortaz, EAEn mila biztanleko 59 espetxeratu zeuden 2004ko uztailean (hau da, 1.249 espetxeratu 2.116.000 biztanleren artean, 18 urtetik beherakoak deskontatu gabe eta arauz kanpo bizi direnak kontuan hartu gabe). Tasa hori milako 97ra iritsiko litzateke 2004ko uztailaren EAEn erroldatuta egon arren gure erkidegoz kanpoko espetxeetan dauden 809 pertsonak kontatuz gero.

Erkidegoan eta hemendik kanpo espetxeratuta dauden pertsonei buruzko benetako datu hauek kontuan izanik, ondorioa zera da: zigor-betearazpenerako etorkizuneko sistemak (zentro arruntak, irekiak eta mendeko unitateak) izan beharko lukeen plaza-kopuru egokiena 1.100 eta 1.500 artean dago.

Plaza horien %30 eta 40 bitartean —400 eta 500 bitartean— erregimen irekikoak izan beharko lirateke (Gizarteratze zentroak, mendeko unitateak, drogamendetasunak gainditzeko zerbitzuak eta abar). Gainerakoak, —700 eta 1.000 plaza bitartean— erregimen arruntekoak izan beharko lirateke.

Horren aurrean, beharrezkoa da hiru Gizarteratze Zentro irekitzea erregimen irekian, gizon eta emakume helburuentzako 75 eta 150 inguru eskaintzeko. Erkidegoko lurraldeetan bana jarriko litzateke, eta Ingurune Irekiko Ekipoak izango lituzkete askatasuna galtzekoak ez diren zigorren betearazpena eta jarraipena egiteko.

Horretaz gainera, bi zentro arrunt berri eraiki beharko lirateke zigortuta eta prebentziozko presoaldian dauden gizon helduentzat, 250 eta 350 plaza bitarte dutenak, edo, bestela, zentro bat 500 eta 700 bitarte dituena. Beste zentro bat beharko litzateke 25 eta 28 urte bitarteko gizonezko gazteentzat, eta horrek 50 eta 100 plaza bitarte izan beharko lituzke, eta beste bat emakumeentzat 100 eta 150 bitarteko plaza-kopuruarekin eta prebentziozko presoentzako eta seme-alabak ardurapean dituztenentzako sail bereziekin.

Azkarraga sailburuak argitu zuenez, lau zentro arrunt horietaz ari garela, ezin da egin gaur egun ezagutzen ditugunen —eta ordezkatuko dituztenen— kopia hutsa. “Are gehiago, gure proposamena oso desberdina da, bai formei bai ezarri beharreko programei dagokienez —besteak beste, hezkuntza eta osasun arlokoak—. Oso desberdina da, baita ere, harremanetarako ikuspegia, izan ere, segurtasunaren kontzeptua errotik aldatu nahi duen irizpidea proposatzen dugu. Hau da, azpiegituren, ekipamenduen eta programen garapenean oinarritutako segurtasuna proposatzen dugu, zigorrak eteten ez dituen eskubide guztien errespetua ahalbidetzeko. Izan ere, ez da ahaztu behar legeak dioena: “eskubide zibil, politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalak baliatu ahal izango dituzte, botoa emateko eskubidea salbuetsi gabe, atxilotzearen xedearekin edo zigorra betetzearekin bateragarriak ez badira”, adierazi du.

Bestalde, bi ospitale-unitate sortu behar dira (bat orokorra eta bestea psikiatrikoa) sare publikoari lotuak, eta plaza gutxiko etxebizitza gisako Mendeko Unitateak, gizarte-ingurunean txertatuak, eta elkarteekin edo espetxez kanpoko entitateekin egingo liratekeen hitzarmenen bidez hirugarren graduan dauden pertsonei zigorra betetzeko modu berezia emango lieketenak. Gaur, EAEn dagoen Mendeko Unitate bakarra Ametzagaña Fundazioaren gazteentzako zentroa da, nahiz eta eginkizun hori betetzen duten, baita ere, harrerarako pisuak dauzkaten beste hainbat erakundek, udalen, diputazioen edo gobernuz kanpoko erakundeen esku daudenak.

Askatasuna galtzea ez dakarten zigorrak betetzeko baliabideei dagokienez, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren azterlanak ingurune irekiko hiru lantalde berri sortzea aurreikusten du. Baloratu denez, horretarako beharko lirateke, gutxi gora-behera, 40 hezitzaile; 10 gizarte-langile; 5 jurista; 5 psikologo eta dagokien administrazio-langileria, lurraldeen eta beharren arabera banatuta.

Sailburuaren hitzetan, “planteamendu hau guztiaren oinarria beti sustatu dugun —eta zoritxarrez, gaur berriro gogora ekarri behar dugun— printzipio bat da: ez dugula ahaztu behar espetxeratuari askatasuna kendu zaiola, baina ez zaizkiola kendu gizaki gisa dagozkion beste eskubide guztiak.

Horren ildotik salatu zuenez, gaur arte Espainiako gobernuek garatu duten politika espetxeei buruzko egungo doktrinaren gomendioen eta gizalegezko irizpideen aurkakoa izan da; eta horiexek lirateke politika hori gidatu beharko luketenak.

IRIZPIDE NAGUSIAK

Joseba Azkarragak zuzentzen duen Sailak proposatutako ereduaren definizioa oinarritzen duten printzipioak —eta sailburuak gogorarazi zuen bezala, aurkako botorik gabe 2003ko azaroaren 7an, Eusko Legebiltzarrean, onartutako ez legezko Proposamen batean onartu ziren berberak— honakoak dira:

-Pertsonaren duintasunaren errespetu osoa
-Giza legearen araberako zigorrak
-Bergizarteratzea
-Gizarte politikak delituaren aurkako politikan sartzea
-Biktimaren ikuspegi legitimoa sartzea zigor-sistema osoan
-Espetxe-zigor gutxiago ezartzea beste zigor-mota batzuen mesedetan
-Hainbat zigor laburtzea
-Zigorra presoa bizi den lurraldean betetzea
-E sexu berdintasuna

Printzipio horietatik abiatuz, eredua hiru ardatzen gainean eraiki da:

-Diziplinartekotasuna, hau da, hainbat sailen arteko konpromisoa, besteak beste, Hezkuntza, Osasuna, Justizia, Lana eta Kultura.

-Gizarte politiken integrazioa, hau da, zigor-politikaren barruan hezkuntza-, lan-, osasun- eta berdintasun-politikak sartzea.

-Eta zigor sistemako eragileen inplikazio zabala. Horien artean daude Abokatuen Elkargoak, Botere Judiziala, Arartekoa, gobernuz kanpoko erakundeak, eta gizartea oro har.

Horretaz gainera, espetxeetako, eta oro har zigor-betearazpeneko sistema osoko langileak hautatu, prestatu eta funtzionatzeko sistemak aldatzea proposatzen du sistemak. Helburua zaintza hutsetik haratago doan esku hartzea sustatzea da —bergizarteratzeari begira jarriz— eta gaitasun profesionala hobetzea.

Horretaz gainera, zentro txiki eta berezituen aldeko apustua egiten da, espetxetzarren aukera baztertuz. Proposatzen dugun eredua ahalik eta tratu berezituena ematekoa da, eta horretarako beharrezkoa da gizabanakoaren egoera soziala eta pertsonalaren ezagutza handia, eta horretarako, baliabide egokiak eduki behar dira, egoitzei eta langileei dagokienez.

Zigor-betearazpenari ematen diogun orientazio sozialerako ere gardentasun osoa behar da, eta egokitzat hartzen diren kanpo-kontrolak onartu behar ditu. Gure ustez, adibidez, sistemaren funtzionamendu egokia gainbegiratzeko eta kontrolatzeko —kontrol legegile eta jurisdikzionala egiteko— eskumenen garapena erraztu behar zaie Eusko Legebiltzarrari, Arartekoari eta Botere judizialari.

Era berean, erkidegoaren inplikazioa sustatu nahi dugu zigorrak betearazteko sisteman. Puntu honetan Azkarragak goraipatu zuen “egin beharrekoa delako” hainbat elkartek eta gobernuz kanpoko erakundek espetxe zigorra giza legezkoagoa egiteko egiten duten lana, eta horien esperientzia zabala integratzearen alde agertu zen, “eraginkorragoak izan gaitezen”.

GIZA BALIABIDEAK ETA PROGRAMAK

Azkarragak berriz adierazi zuen “eraiki nahi dugu eraikin osoaren oinarria delako” oinarrizko konpromiso ukaezina delako “espetxean daudenen duintasuna eta giza eskubideen errespetua bermatzea, eta zigorrak duen bergizarteratzeko helburua betetzea”, eta horretarako beharrezkoa da giza baliabide eta programa egokiak edukitzea.

Ezarri beharreko eredu horretan langile teknikariak sustatu behar dira, eta horiek espetxeetako egungo langileen %10 edo 15 baino ez dira egun. Edonola ere, horren giltza zaintza-lana egiten duten langileak (%85-90) beste egitekoetarako prestatzea izango da.

Bestalde, osasun, hezkuntza, kultura eta garapen osorako eskubideen errespetua benetan aplikatzeko, beharrezkoa da prebentzio, higiene, hezkuntza, kirol eta aisialdirako programak garatzea, tratamendu berezitua emateaz gainera. Era berean, oinarrizkoa da lanbide-prestakuntzarako eta ekoizpen-lanerako plan bat kudeatzea prestakuntza-beharra duten pertsonei eskaintzeko, baldintza egokiak dituzten lanpostuak lortu ditzaten. Sistemaren beste erronka nagusia espetxeratuta dauden beste atzerritarren beharrei erantzutea da (gaur 40 nazionalitate desberdin daude EAEko espetxeetan).

Sailburuak azpimarratu zuenez, ezaugarri horiek dituen eredu batek Plan Zuzentzaile bat izan beharko du, garapenerako faseak era egokian egituratzeko.

ONDORIO GISA

1.- Prest gaude zigor-betearazpenari eta espetxe-politikari buruzko eskumena geure gain hartzeko, eta horregatik, transferentzia eskatzen dugu.

2.- Espetxeaz besteko zigorrak garatzen dituen eredu berri bat sustatzen dugu, banakako tratua lehenesten duena eta zigorra gizarteratzeari begira aplikatzen duena.

3.- Eredu horren oinarria espetxeratua zer den argi edukitzea da: askatasuna ez beste eskubide guztien jabe den pertsona.

3.- Hortaz, zentro txiki eta berezituen aldekoak gara, beti ere kontuan izanik EAEko beharren arabera 1.100 eta 1.500 bitarteko plaza-kopurua behar dela.

4.- Ezinbestekoa da instalazioak sortzea eta beharrezko giza baliabideak eskuratzea, espetxeratuen beharrekin eta garapenarekin bat datozen kudeaketa eta programak aplikatzeaz gainera.

5.- Eusko Legebiltzarrak onar dezan aurkeztu behar dugun planak hainbat faseren arabera antolatuko ditu garatu beharreko ekintzak, eta hainbat urteetarako inbertsio-planak jasoko ditu.

6.- Azterlan honen bidez, eztabaida eta gogoetarako prozesu bat irekitzea aurreikusten dugu, besteak beste, alderdi politikoen, gizarte-erakundeen, eta adituen artean, eta azken helburua zera izango da: zigorrak betetzeko orain arte zegoen eredua ordezkatuko duena ezartzea. Eredu hori Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu beharko du, eta horren ondoren Eusko Legebiltzarrera aurkeztu beharko da.

7.- Eredu horren —eta geure— xede oinarrizko eta ukaezina da espetxean dauden pertsonen duintasuna eta giza eskubideak bermatzea, eta zigorrak duen gizarteratzeko helburua betetzea.

Jatorria: Joseba Azkarraga