Martin Aranburu Karrera Legebiltzarrerako hauteskunde garaia heldu da, eta azken udal hauteskundeetan izan genuen tira-bira mediatiko-politikoa entzun dezakegu berriz ere: zerrenda guztiak legalak izango ote diren, eta, ondorioz, hautestontzietan izateko aukera erreala izango ote duten ala ez. Oraingoan protagonistak aldatu egin dira baina; Madrilen PSOE baitago agintean, eta legez kanpo utz dezaketen euskal herritarren zerrenda Aukera Guztiak baita. Halere, bada beste desberdintasunik. Ustezko legalizazioa edo ilegalizazioa Batasunaren oinordekotzan oinarritzen da Madrilen. Legez kanporatzeko helburu politikoa duela kontu jakina bada ere, tankera horretako erabakien zentzugabekeria salatu nahi dut, gogoeta sinple batzuk plazaratuz: Aukera Guztiak herri plataforma ezker abertzalearen ideologiaren ordezkaritzat jo al daiteke? Bestela esanda, Aukera Guztiak Legebiltzarrean bada hauteskundeetan lortutako emaitzen ondorioz, ezker abertzalearen kide diren euskal herritarren pentsamoldea ordezkatua al dago Legebiltzarrean? Are gehiago, Alderdi Legeak ezarritako baldintzen arabera, zerrenda horretako kide izan ahal izateko ezker abertzalearekin erlaziorik ez izanaren bermea behar baldin badute.
Zilegi da Aukera Guztiek egiten duten planteamendu politikoa egitea, eta erabat txalogarria da darabilten planteamendu zeharo demokratikoa. Euskal gizarteari proiektu bat aurkeztu diote, eta baita proiektu horren aldeko bultzada eskatu ere. Proiektu guztien zilegitasuna nabarmentzeaz gain, planteamendu guztiek hauteskundeetara aurkezteko duten eskubidea defendatzen dute.
Hori ez da ordea, Batasunaren planteamendua. Batasunak proiektu nazionala eta soziala du, gizartearen hainbat ekimen sozial eta politiko modu zehatzean eta norantza zehatzean bideratzeko itxaropenez. Ideia guztien defentsa egiteak ez du esan nahi hezkuntzarekin, nekazaritzarekin, industriarekin, merkataritzarekin eta hainbat arlorekin ados daudenik Batasunak Legebiltzarrean egingo lituzkeen planteamenduekin. Batasunaren esanetan independentzia eta sozialismoa dira helburu politiko eta sozialak, eta horren arabera ekiten du egunero Legebiltzarreko. Beraz, talde horren boto-emaileak izan direnak, independentzia eta sozialismoa defendatuko dituen beraien indar politikoa ikusi nahi dute Legebiltzarrean, ez beste ezer.
Herri honen gatazka egunerokotasun politikoko erdigune bilakatzen da uneoro. Herri baten Legebiltzarra nola osatu erabakiko duten hauteskundeen gaineko erabakia gatazka klabe soil baten bidez planteatzen dio euskal gizartearen zati handi bati. Euskal Herria eraikitzeko beharrezkoak diren eguneroko politikez beren burua ordezkatuta senti dezaten ukatu egiten zaie.
Jatorria: Martin Aranburu