Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza jarduneko sailburuak parte hartu du, gaur goizean, Deustulan Laneratzeko Zentroak antolatutako Enpleguarei buruzko I. Foroaren hasiera-ekitaldian.
Joseba Azkarragak nabarmendu duenez, autogobernuaren urte hauetan izan diren eusko jaurlaritzek poliki-poliki lan egin dute enplegua sortzen, presarik gabe baina etengabe; eta emaitzak guztion begibistan daude. Gaur egun, enplegu eta langabezia-tasei dagokienez, Europar Batasun osoan baino hobeto gaude, eta Lisboako Gaiulerrean 2010erako ezarritako helburuak lortzeko oso egoera egokian gaude. Ez dugu amore emango, helburu horiek lortu arte.
Azkarragak adierazi duenez, gure azken helburua ez da, ez, langabezia-tasa puntu bat edo puntu eta erdi gutxitzea, horiek bideko etapak baino ez dira. Gure azken helburua, utziezina, erabateko enplegua da, eta sortzen diren lanpostuak gero eta kalitate handiagokoak izatea. Aurrera joaten ari gara: enplegua sortzearen alde, eta sortzen dena kalitatezkoa izatearen alde, egiten dugu borroka, erraz konformatu gabe.
Ez gara engainatuko: zenbaki handiak alde batera utzita, badaude enplegu-arazoak dituzten euskal herritarrak, lan egiteko eskubidea izanik oraindik lortu ez dutenak, edo lana badutenak baina iraunkorra ez dena, onartu du.
Bere ustez, gobernu bat eta arduradun politiko bat pertsonengandik eta haien arazoetatik gertu dago, harremanetan giza legez jokatzeko gauza denean. Une honetan, mahaigainean irtenbideren zati bat jartzen ari da: bestearen larruan jartzea. Gaizki jokatuko genuke datuen atzean izen-abizenak, beharrak, sentimenduak eta helburuak dituzten gizonak eta emakumeak daudela ahaztuz gero.
Euskal sailburuak nabarmendu duenez, Enpleguaren Euskal Zerbitzua-Lanbide enplegua sortzeko funtsezko pieza izango da. Legegintza hasiberri hau Lanbideren legegintza izango da, ez dut dudarik. Ildo horretatik, adierazi duenaren arabera, Lanbide hazten, heltzen eta hobetzen joango da, gure herriko herritarrei ongizate handiagoa emate aldera; azken buruan, horixe baita bere helburua eta izateko arrazoia.
Orobat, Azkarragak esan du enplegua sortzen jarraitzeko eta berori kalitatezkoa izateko beharrezkoa da Lan Harremanetarako Esparru propioa izatea. Baina hori gauzatu arte, gauza izan behar dugu Euskal Autonomia Erkidegoan guztiok erakunde, enpresaburu zein langileek- enplegua sortzeko eta lan-ezegonkortasuna gutxitzeko akordio handia lortzeko. Horixe da gure erronka, izan dena eta izango dena, amaitu du sailburuak.
Jatorria: Joseba Azkarraga