Elkarrizketa Berria egunkarian Aliantza politikan aukera guztiak zabalik ditu EAk baina, Unai Ziarreta idazkari nagusiaren hitzetan, euskal herritarren erabakitzeko eskubidea aitortzea baldintza izango da, koalizioak inorekin akordioak egiteko.

iMANOL MURUA URIA – BILBO

Bilboko Arenala parez pare ikusten da Unai Ziarretaren (Mungia, 1970) bulegotik. Hemendik aurrera badaki, ordea, hanka bat Bilbon eta bestea Gasteizen izan beharko dituela, legebiltzarkide aukeratu berri baitute. Eta susmoa du Legebiltzarreko bulegotik halako ikuspegirik ez duela izango.

EAJ-EA koalizioak lau legebiltzarkide galdu ditu, baina EAk eutsi egin dio zazpi parlamentariko taldeari. Pozik, beraz?

2001ekoan koalizioa igo zen eta, zerrendetan geunden tokietan geundelako, EAJren ordezkaritza handitu zen gehien. Oraingoa, alderantzizko ondorioa besterik ez da. Baina emaitzak ez dira onak. Ez gara gauza izan 2001ean botoa eman eta orain abstentziora jo duen jende hori erakartzeko. Inkestek jende asko desmobilizatu dute, ziurtzat jo dutelako koalizioak gehiengo nahikoa izango zuela, eta horrekin Estatutu berriaren proiektua babestua zegoela. Hori ziurtzat hartuta, beste aukera abertzale batzuen alde egin dute, batez ere EHAKren alde.

Agian hauteskunde hauek utzi duten argazkiak hobeto islatzen du benetako indar korrelazioa, ezta?

Bai. Orduan arrisku pertzepzio handiagoa zegoen. Salbuespenezko egoera zen. Oraingo giroa normalagoa izango da, eta utzi duen mapa errealagoa da.

Talde propioa osatuko duzue EAJrengandik bereizita, ezta?

Bai.

EAk, alderdi gisa, zer paper joka dezake aliantza estrategiak zehaztu behar dituzuen fase honetan?

Hasteko, aukera guztiak aintzat hartzen ditugu, ezer baztertu gabe. Baina beti ere, mahai gainean guretzat funtsezkoak diren oinarriak jartzen badira.

Zein dira oinarri horiek?

Bakea eta normalizazioa, giza eskubideen errespetua eta estatutu-esparru berria, hiru printzipio giltzarrirekin: lurraldetasuna, erabaki eskubidea eta bi aldeko bermeak. Lurraldetasunaren arloan aurrera egiteko tresnez ari naiz; nahiz eta Euskal Autonomia Erkidegoa hiru lurraldek osatu, zazpi lurralde garela kontuan hartzea. Erabakitzeko eskubidearekin zera ulertzen dugu: hemen bizi eta lan egiten dugunok erabaki behar dugula zer harreman izan nahi dugun Espainiarekin eta Frantziarekin. Beste baldintza bermeak izatea da, Gernikako Estatutuarekin gertatu dena ez gertatzeko, Espainiako Gobernuak nahi izan duenean ez baitu bete. Eta oinarri horiekin, nabarmena da indar batzuekin zailagoa izango dela, beste batzuekin baino.

Imazek erabaki eskubidearena beste era batera formulatu du, akordioetarako baldintzez ari zela: euskal gizartearen borondatea errespetatuz autogobernua garatzea. Baldintza beraz ari zarete?

Zaila ikusten dut autogobernuaren arloan apustu bakarra eskumen gehiago edo transferentzia gehiago lortzea izatea. Are Estatutu gehiago eskatzea da hori, baina hori gaindituta dago. Beste jokaleku batean gaude, bigarren trantsizio batean, une historikoan. Eta gure bidea lehen esandakoa da. Subiranotasunaz hitz egiten ari gara. Guretzat oso argi dago subiranotasuna euskal herrian datzala.

Akordioetarako oinarritzat aipatzen ari zaren hauek jasota daude koaliziorako izenpetutako egitasmoan? Eutsiko zaiela ziur zaudete?

Eusko Legebiltzarrean gehiengo osoz onartutako proposamenean jasota daude oinarri hauek. Lurraldetasuna hitzaurrean, erabaki eskubidea 13. artikuluan, eta bi aldeko bermeak beste hainbat ataletan. Printzipio horiekin aurkeztu gara hauteskundeetara. Gauza batzuk negoziatu ahal izango dira, baina hiru oinarri horiek funtsezkoak dira.

Beraz, Eusko Legebiltzarrak onartutako Estatutu proposamenak atzerabiderik ez duela esaten duzuenean, printzipio horiei eutsi behar zaiela esaten ari zarete, eta ez artikuluz artikulu proposamen osoari.

Emaitzak edozein izanda ere, garbi zegoen proposamenak berriro egin behar zuela bide parlamentarioa, Madrilera joan aurretik. Eta ibilbide horretan, zenbat eta atxikimendu gehiago jaso, orduan eta hobeto. Artikuluek ez dute eragozpen izan behar. Adostasuna mamian lortu behar dugu. Proposamenari berari baino, jasotzen dituen oinarri nagusi horiei eutsi behar diegu.

Printzipio horiekin, indar abertzale eta aurrerakoiekin lankidetza errazagoa izango dela aitortu duzu.

Hemen bi aukera daude: bata PSOE, eta bestea ildo abertzalea. Alderdi gisa, egingarriago ikusten dugu akordioak ildo abertzalearekin egitea. Baina PSOErekin adostasuna lortzen baldin badugu esparru politiko juridiko berri bati buruz, Euskadi nazio gisa aitortuta, eta gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugula aitortuta, lankidetza posible izango da noski. Baina zaila ikusten dut.

Hirukoa da Ibarretxeren abiapuntua. EArena ere bai?

Bai.

Hurrengo lehendakariaren rola hartu du Ibarretxek, Zapaterori bilera eskatuz eta abar. Baina lehendakaria bera izango dela ez da erabat ziurra, ezta?

Beste aukerarik ez dugu aintzat hartzen. Gainera, Ibarretxek agintealdia bukatu ahal izateko nahikoa izango den gehiengoa lortzea espero dugu. Ez dadila gertatu partida erdian jokalariak aldatzea.

Gehiengo nahiko hori lortzeko, eta PSOErena baztertuz gero…

Baztertu ez dut egiten.

Baina ezinezkoa balitz, EHAKren adostasuna bilatu beharko zenukete. Giza eskubideen urraketa guztien aurka daudela esanez egin dituzten adierazpenak aski dira haiekin akordioak normaltasunez egin ahal izateko?

Gure ikuspegitik, bai. Nahikoa da. Ez naiz era guztietako gaitzespenak eskatzearen aldeko. Hau guztia prozesu zabalago baten barruan ulertu behar da. Anoetan hasitako prozesuari nolabaiteko sinesgarritasuna ematen diogu. Bide politikoen aldeko apustua egin dute, eta gatazka kaleetatik ateratzekoa. Ildo horri eutsi behar diogu, makina behartu gabe, makina errailetatik atera gabe.

PSOEko gobernua beste irizpide batzuekin jokatzen hasi den seinale ote da EHAK-k aurkezteko aukera eduki izana?

Baiezkoan nago. Akordioetara heldu ahal izateko, jokalariek mahaiaren inguruan egon behar dute, eta mahai hori gaur egun Eusko Legebiltzarra da. Eta PSOEk bazuen interesa ezker abertzalean solaskideak izateko. Bestela, Aukera Guztiak baliogabetzeko erabili zituzten arrazoi barregarrietara jotzen badugu, AG baliogabetzeko adina arrazoi zeuden, edo gehiago, EHAK baliogabetzeko, baina ez egitea erabaki dute. Bigarren ondorio bat ere bilatu dute: koalizioaren gehiengo osoa eragoztea. Baina herriaren mapa erreala hau da, eta ez ezker abertzaleari ordezkaritza izatea eragotziz gero izango genukeena.

Zapaterok konponbidearen bila azkeneraino jokatuko dutela esan zuen; Jose Blancok, berriz, elkarrizketak bazterketarik gabea eta mugarik gabea izan behar duela. Benetan ari direla uste duzu, hitz zintzoak direla?

Zintzoak izan daitezkeela uste dugu. Edozer gauza gerta daiteke, baina Madrilen-eta jakin dugunagatik, benetako asmoak izan daitezke. Baina oraingoz ezer jakinik ez dago hitz horien atzean. PSOEk ez ditu pauso jakinak eman estrategia aldatu duela adierazteko. Baina zantzuak badaude.

Zer pauso jakin eman beharko lituzkete, hitz horiek sinesgarriak izateko?

Epe laburrera ez dakit, baina ertainera, Itun Antiterrorista alde batera uztea, Alderdien Legea bertan behera uztea, askatasun murrizketen PPren estrategiaren ondorioak desegitea, presoak gerturatzea…

Eta Downing Streeteko adierazpenaren pareko bat?

Orain oso berde ikusten dut, gaia luzerako doa, baina egin beharko dute, halako batean. Onar dezatela herri honek bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela. Ez da Zapaterok esan zuen hori: «elkarrekin bizi gara, eta elkarrekin erabaki behar dugu». Aurrena, elkarrekin bizi nahi dugun edo ez erabakitzeko ahalmena izan behar dugu. Aitorpen horretatik abiatuta, nork bere jarrera defenda dezala.

PP-PSOE Ituna kolokan sumatzen duzue?

Ikusteko dago. Ez da erraza izango sei hilabetean orain arteko dena desegin eta akordioetara heltzea. Pixkanaka eman beharko dira pausoak. Garbi dago Itun hori oztopoa dela, eta PSOEk zaldi horren gainetik jaisten hasi beharko lukeela.

Batasunak Eusko Legebiltzarrean parte hartzerik ez du izango. Hori dela eta, behin-behineko legebiltzarra izan daiteke? Noizbait Batasuna legeztatuz gero, ez lirateke hauteskundeak berriro deitu beharko?

Batasuna ordezkatua dago Legebiltzarrean. Ezin dena da, EHAK-k bederatzi parlamentari izatea, eta Batasunak beste zazpi.

Baina zuzenean ez daude.

Ez daude ageriko buruzagiak, baina ez dut uste legealdi honetako arazoak hortik etorriko direnik. Egia da, baita ere, EHAK neurri batean inkognita bat dela, eta argitu beharko dela zein diren solaskide errealak.

Parlamentuko aurreneko lana, edo bozketa behintzat, Mahaiaren osaketari buruzkoa izango da. EAko aurreko idazkari nagusia Legebiltzarreko lehendakariorde izan zen. Antzeko lanetan ikusiko zaitugu?

Gure artean [EAren taldean] gauzak argi daude, baina hori bere garaian jakingo da. Bozketari dagokionez, gure asmoa Atutxa berriro presidente izan dadila da, baina asko hitz egin beharra dago oraindik.

Jatorria: Unai Ziarreta