Martin Aranburu Karrera Espainiako presidente Rodriguez Zapatero jaunaren hitzaldia entzun eta berehala hasi naiz ordenagailuaren teklatuari kolpeka. Argi nuen bere hitzaldiaz idatziko nuela gaur, nahiz eta nagusi izango nuen sentimendua jakin ez: itxaropena edo haserrea, hau da, hark esandakoak gure herriaren bakerako lagungarri edo kaltegarri izango ziren zalantza nuen, baita gatazka konpontzeko garrantzitsuak izango diren urratsen berri eman edo betiko diskurtso antzua erabili behar ote zuen ere. Hitzaldia amaiturik, eta euskal gatazkarekin erlazio izan duten pasarteak aztertu eta gero, bat da niregan nagusitzen den sentimendua: itxaropena.
Hitzaldiaren bi pasartetan zentratu nahi nuke nire azalpena: lehendabizikoa, «Mi compromiso de explicar en el Congreso, si se diera el caso, los pasos encaminados al logro de la gran aspiración de poner fin al terrorismo y solicitar el respaldo de todos los grupos políticos». Bigarrena, «La paz no tiene precio político, pero la política puede contribuir a la paz». Bi esaldi horietan eduki politiko handia dago nire ustez: bake prozesu baten inguruan Zapaterok duen jarreraren erakusgarri den eduki politikoa. Lehendabiziko esaldiaren ondorio nagusiak bi dira: bake prozesu bat hasteko intentzio garbia nahiz eta prozesuaren hasiera bere eskuetatik kanpo kokatzen duen, eta bigarrenik, prozesu batek izan dezakeen kalte eta galera politikoa ekidin nahian Legebiltzarreko babes politikoa lortu nahi du gainerako taldeak prozesuaren metodologiaz jakitun eta konplize eginda. Bestela esanda, baldintza aproposak baldin badaude prest dago ausardiaz jokatzeko baldin eta mugimendu horiek oposizio politiko baten tresnatzat erabiltzen ez badira. Mezu argia eta garbia ETAri eta PPri.
Bigarren esaldiak ere badu eduki politiko nabarmena. Bakea eta ordain-sari politikoak bereiztea normaltzat jotzen dut nik Espainiako presidentearen ahotan, baina politikak bakea lagundu dezakeela esanez, Madrilgo autoritate politikoek helarazi diguten mezu antzu eta errepikakorra (polizia-bidez bakarrik lor daiteke bakea) hautsi egin du Zapaterok, eta bakearen eta prozesu politiko baten arteko lotura posiblea onartu du. Aldaketa nabarmena lehenaldian ezagutu ditugun hitzaldien aldean.
Mahaiak gora, mahaiak behera, Eztabaidagunetik jaiotako Hitzarmenerako Mahaia da gaur egun dagoen bakarra. Funtzionamenduan eta lanean ari den alderdien arteko elkarrizketa mahaia. Halere, itxaropentsuak izateko elementuak nabarmenak dira politikariek darabiltzaten diskurtsoetan, horietariko azkena, nire ustez, atzo Zapaterok egindakoa. Bake prozesu baten abiapuntua izan daiteke atzoko hitzaldia baldin eta bertan markatutako urratsak betetzen badira, eta baldin eta hitzetatik ekintzetara pasatu ez diren alderdi politikoak behingoz bake mahairen batean inplikatzen badira. Nahi duten mahaian eta nahi duten lekuan. Baina inplikatu, mesedez.
Jatorria: Martin Aranburu