Manex Pagola, Haritza Camblong eta Ibon Usandizaga Datorren maiatzaren 29an Ipar Euskal Herrian Europar Konstituzio Itunaren inguruko erreferenduma izango dugu. Eusko Alkartasuna eta Gazte
Abertzaleak historikoki beti egon gara europar proiektuaren eraikuntzan konprometituta, beti izan gara erakunde europazaleak, eta Konstituzio Itun hau onartzeak kezkatzen gaitu.
Lehenengo eta behin, aurkeztu diguten hau ez delako konstituzio bat, estatuetako gobernuen arteko akordio bat baizik. Eta puntu horretan dago gure lehenengo kezka. Benetako konstituzio testu batek herrian izan beharko bailuke bere oinarria, herriaren ordezkariek ganbara bat osatu eta herriak berak onartu beharko lukeelako, eta ez estatuetako buruzagiek. Europar Parlamentuari eta europar eskualde edo herrialdeei ez zaie benetako prozesu konstituziogile baten irekieran parte-hartzeko aukerarik eman. Herrien Europa baztertu da. Guk egiazko prozesu konstituziogile europar, ireki eta parte-hartzaile baten aldeko apustua egiten
dugu.Testuaren edukiari dagokionez, hizkuntz eskubideei bagagozkio, Europar Batasunean 125 hizkuntza baino gehiago erabiltzen direla kontuan izan behar dugu. Hala bada ere, Itun honek izendatzen dituenak 21 dira soilik. Eta horiei bakarrik onartzen zaizkie eskubideak; gainerako hizkuntzak eskubiderik gabe gelditzen dira. Horrek, egun Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian gertatzen den bezala, herritarrok Europa mailan ere erakundeen aurrean euskara erabiltzeko eskubiderik ez dugula esan nahi du.
Justizia sozialari eta eskubide sozialei dagokienez, bestalde, atzerapen kezkagarria suposatzen du Itun honek. Ez ditu gizarte politika egokiak ezartzeko beharrezkoak liratekeen tresnak definitzen. Eta testuan
printzipioz edonork onartuko lituzkeen formulazio orokorrak besterik ez ditu erabiltzen. II- 75. artikuluak, esate baterako, pertsona orok lan egiteko eskubidea daukala onartzen du, besterik gabe, eta ez du botere publikoek lanerako eskubidea bermatzeko eduki beharko luketen beharrari buruz erreferentziarik egiten. Lan egiteko eskubidea badaukagu, beraz, eskerrak lan egin dezakegula. Gizarte eta lan eskubideetan izugarrizko atzerapausoa da. III- 203 eta III- 205 artikuluek, berriz, enplegu maila altu baten aldeko apustua egin eta eskulantzat, hori bai eskulan
kualifikatutzat, besterik ez gaitu herritarrok hartzen. Enplegu betea ez dauka helburutzat. Hori ere atzerapena bada. Beste alde batetik, II- 74 artikuluak, europarrok «doako oinarrizko hezkuntzaz gozatzeko eskubidea» daukagula dio. Zer esan nahiko ote du honek zehazki? Hori bai
«aurrerapausoa» gure eskubideetan.
Ingurumenari dagokionez, III- 233 artikuluak dioena eta ezer ez esatea gauza bera litzateke. Gainera, badirudi I- 43 artikuluan militarizazioari eta gerra prebentiboari ateak guztiz irekitzen dizkiola. Osasun publikoari dagokionez, testua zeharo hutsa da. Esandakoari zera gehitu behar diogu, ez du autodeterminazio eskubidea onartzen eta estatuen eta estatuentzako Europa besterik ez du aurreikusten, herriak guztiz baztertuz.Guzti honengatik eta beste zenbait argumenturengatik, Europar eredu honen aurrean gure erantzuna ezezko bozka da. Beste eredu baten aldeko apustua egiten dugulako, enpresen eta kapitalen Europa ukatzen dugulako, herrien Europa eraikitzearen alde gaudelako eta herritar guztiok eskubide berberak edukitzearen aldekoak garelako, maiatzaren 29an Itun honi indarrez Ez esango diogu.
Jatorria: Manex Pagola