Josu Erkiaga Laka Printzipioak printzipio eta baloreak balore, denok egongo gara ados ez dela zilegi gezurretan ibiltzea; are gutxiago, norberak hori horrela dela dakienean. Horixe pasatzen zaie Bilboko Herria Aurrera plataforma- koei edo bai, behintzat, Arantza Urkaregi andereari, GARA egunkarian, uztailaren 1ean, argitaratu zuen artikuluan.
Plataformen ilegalizazioari buruzko hausnarketa orokorrarekin ekiten zion artikuluari, gero Bilboko egoeran buru-belarri sartzeko. Datuak gora, datuak behera, batean pontifikatu, bestean egurra eman, gure zinegotzi Jon Aritz Bengoetxea ahotan erabiliŠ
Bilbon murgildu nahi dugu guk geuk ere. Eta lehenengo eta behin, argi esan nahi dugu Herria Aurrera plataformak ez zuela ordezkaritzarik lortu Bilboko Udalerako 2003ko hauteskundeetan. Hona hemen kontuak:
1) Hauteskunde horietako baliogabeko botoak 11.018 izan ziren guztira. 1991koetan 1.238 izan ziren, 1.113 1995ekoetan, 1.999koetan 1.249. Beraz, Plataformak ezin ditu bere egin 11.000 boto horiek. Zaila da jakitea zehatz-mehatz zenbat lira- tekeen, baina goiko datuak erabilita, batez beste, 9.818 ematen du: 11.018-1.200.
2) Hori horrela izanik eta ordezkaritza izateko %5era heldu behar dela kontuan harturik, berehala egin behar da zatiketa garrantzitsu bat. Datuak honakoak dira: 196.642 boto aurkeztutako alderdi «legezkoei»; 2.207 boto zuri; 9.818 plataformaren botoak. Eta hau ezinbestekoa da, zeren eta legeak arautzen duena zera da, ordezkaritza izateko hauteskundeetan emandako baliodun botoen %5 lortu behar dela.
3) Zein da 9.818: (196.642+2.207+9.818) buruketaren emaitza? Hau da, zein ehuneko da 9.818 plataformaren boto 208.667 balioko botoen aldean?
4) Erantzuna, harrigarria badirudi ere, 4,705 da. Legeak ezarritako %5 baino txikiagoa, beraz.
5) Bilboko Herria Aurrera plataforma ilegalizatuari ez dagokio ordezkaritzarik eta, legez- tatuta ere, ez luke ordezkaritzarik izango.
Eta berek ere ezagutzen duten gezur handi, itzel, sinestezin honetan oinarrituta, artikuluak idazten dituzte prentsan, gure alderdiaren Bilboko egoitzan sartu nahi izan dute baimen barik, senperrenak egin eta bota dizkiote Jon Aritz Bengoetxea gure zinegotziariŠ
Zuek esaten duzuen moduan, Aski da, baina bizkaieraz esanda, nahikoa da.
Eta amaitzeko, gai honen inguruko hausnarketa zabalaz baten batek nahi badu, behintzatbeste egun batean arituko gara. Herri honetan hainbat eta hainbat ari gara injustizian oinarritutako egoerak ez hau bakarrikkonpontzeko ahaleginetan. Utzi bakean, mesedez, lan horretan jarraitzen.
Josu Erkiaga Laka – EAko Bizkaiko Batzorde Eragileko komunikazio arduraduna
Jatorria: Josu Erkiaga