Justizia sailburuak une berri baten aurrean gaudela uste du, eta egoera horri eusteko “argitasuna eta ausardia” eskatu dizkio PSOEri. Horri lotuta, gaineratu duenez, “garrantzitsua da denok parte-hartzea prozesua bide okerretik ez joateko” Joseba Azkarraga Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak euskal gatazka nazioarteko eta Europako gaien agendan sartzeko eskaera egin dio gaur Nazio Batuen Erakundeari (NBE) New Yorken. Hain zuzen ere, nazioarteko eragileek prozesua bide onetik eramaten lagundu eta, bide batez, EBren baitan dauden beste gatazka batzuk konpon ditzaketela uste du Azkarragak.

New Yorken da Azkarraga eta bertan egin duen agerraldian egin ditu adierazpenok. Europako Batasuneko gatazka politikoak nazioarteak konpondu barik dituen irakasgaiak direla uste du Justizia sailburuak.

Nazioarteko gatazkak

“Nazio Batuek ekintza-neurriak abiatu dituzte zenbait gatazkatan (Balkanak, sobietar errepublika ohiak…), baina zer gertatzen da gatazka EBren bihotzean bertan sortzen denean? Alegia, zer gertatzen da Irlandaren edo Euskadiren kasuetan?”, galdetu du. Euskal gatazka Europako eta nazioarteko agendan sartzeari garrantzitsu iritzi dio, beraz, sailburuak.

Azkarragak salatu duenez, euskal gizartearen borondateari aurka egiten ari zaizkio: “Esparru politikoan aldaketa eskatzen ari da euskal gizartea, subiranotasun handiagoa lortzeko, baina Espainiako Parlamentuaren subiranotasun espainiarrak bertan behera utzi nahi du borondate hori”, gaineratu du.

Irtenbide politikoa exijitzeko, aurrena euskal gatazkaren izaera politikoa aitortu behar dela agertu du Azkarragak. Jaurlaritzako Justizia arduradunaren berbetan, “orain arteko gobernu zentralak ETAren ekintzetan babestu dira biolentzia desagertzeko egin behar den lan eskergari garrantzi gutxiago emateko eta biolentziaren aurka dauden alderdi abertzaleen aldarrikapenak terrorismoarekin nahasteko. Egoeraren konplizetzat jotzen gaituzte”.

ETA

Terrorismoaren aurkako borrokan egindako hainbat ekintzarekin ez dator bat Azkarraga, eta zenbait neurri demokratikoak diren zalantzan jarri du. Alderdien Legea, espetxeetako politika edo zenbait komunikabide itxi izana jarri ditu horren adibide.

ETAri denbora agortu zaiola eta negoziazioa “bere beso politikoaren esku” utzi behar duela ere nabarmendu du. Horren ildoan, une berri baten aurrean gaudela agertu du, eta zuzeneko bidetik jarraitzeko “argitasuna eta ausardia” eskatu dizkio PSOEri.
Jatorria: Joseba Azkarraga