Auzitegi Nazionala desagertzeko eskaera berretsi du Justizia sailburuak PSOEren gobernuak Justizia Administrazioa erreformatzeari begira aurkeztu duen aurreproiektua «azalean» geratu dela eta ez dituela justiziaren«sakoneko arazoak» konponduko iritzi dio Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuak. Hala adierazi zuen atzo, Jaurlaritzak asteartero egiten duen gobernu bileraren osteko agerraldian.
Bere ustetan, Justizia Ministerioak aurkeztu duen egitasmoak «argi ilunak» ditu; alde batetik, «aurrerapausoa» badela aitortu zuen, baina bestetik behin-behineko konponbideak planteatzen dituela kritikatu zuen, gaur egun justiziak dituen arazoei «adabakiak» baino ez dizkielako jartzen.Espainiako Gobernuaren aurreproiektua egin duen modua ere gaitzetsi zuen Azkarragak, justiziaren eskumena duten autonomia erkidegoek komunikabideen bidez ezagutu dutelako proposamena. Haren aburuz, garrantzi handiko aldaketak dira; EAEren kasuan, Gernikako Estatutuari zuzenean eragiten diotenak, gainera. Hortaz, Justizia sailburuaren esanetan, elkarrizketa eta negoziazioa beharrezkoak dira gisa horretako erabakiak hartu aurretik.
Bestetik, zirriborroaren edukiari dagokionez, Azkarragak iritzi zion Madrilgo gobernuak ez duela autonomia erkidegoen iritzirik kontuan hartu. Hala, Eusko Jaurlaritzak egin dituen bi eskari ez direla aintzat hartu gogorazi zuen: batetik, Auzitegi Nazionala desagertzea, eta bestetik, autonomia erkidegoek Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko epaileen aukeraketan parte hartzea.
Halaber, erkidegoetako justizia auzitegiei eskumen gehiago emateko Madrilek egin duen proposamena oraindik «mugatua» dela iritzi zion. Erkidego etan justizia kontseiluak eratzea ere kritikatu zuen, bere irudiko «egoeraren eta borondate politikoen arabera» funtzionatuko dutelako.Hori horrela, Azkarragak adierazi zuen proposatutako erreforma baliatu beharko litzatekeela datozen urteetako justizia ereduaren gainean sakoneko hausnarketa abiatzeko erkidegoekin.
Jatorria: Joseba Azkarraga