Tortura “arazo estrukturala” da, Begoña Lasagabasterren aburuz eta horri aurre egiteko hainbat neurri hartzea proposatu du arazoaren inguruko “gogoeta globala” eginda Begoña Lasagabaster EAko diputatu eta Kongresuan Talde Mistoko bozeramaileak, polizia-etxeetan gertatzen diren tratu txarrak saihesteko “gogoeta globala” egitearen aldeko deia egin du. Kongresuaren Barne Batzordearen aurrean egindako agerraldian esan duenez, tortura “arazo estrukturala” da eta Amnisty International eta beste nazioarteko erakundeen txostenak aipatu ditu.
Tratu txarrei aurre egiteko, agenteak giza-eskubideen aferan heztea beharrezkoa dela uste du Lasagabasterrek eta inkomunikazio epea bertan behera uzteko legeak hartzearen alde egin du. Horren ildoan, galdeketak grabatzeko eta adin txikikoak eta atzerritarrak diren atxilotutakoak bereziki zaintzeko eskatu du.
Preso hartutakoei burua edo begiak estaltzea arbuiatu du EAko diputatuak.
Roquetas auziari dagokionez, ikerketa independentea egitea, errudunak merezi bezala zigortzea eta horien kontrako neurriak ez murriztea (indulturik ez egotea eta biktimei babesa ematea, besteak beste).
Azkenik, Lasagabasterrek Martxelo Otamendi Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendariari jazotakoa hartu du hizpide. Otamendik tratu txarrak jasan izana salatu zuen baina salaketa ikertu beharrean, Estatuak kereila jarri zuen bere kontra.
Jatorria: Begoña Lasagabaster