Elkarrizketa Tontxu Campos-i, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburua Joan den ekainean hartu zuen Hezkuntza sailburu kargua Tontxu Camposek; hainbat erronka ditu mahai gainean datozen lau urteetarako, horien artean, Hezkuntza Sistemarako Legea prestatzea.
Gasteizko bere bulegoan irribarretsu hartu du Berria Tontxu Campos (Barakaldo, 1962) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak. Egunkari bati emango dion lehen elkarrizketarekin hasteko gogotsu igartzen zaio. Kargu publikoetan badu esperientzia, aldez aurretik Bizkaiko Diputazioko Berrikuntza eta Ekonomia Sustapenerako diputatua eta Jaurlaritzako Lurralde Antolaketa, Etxebizitza eta Ingurumen Saileko kabineteburua izan baitzen, baina jada konturatu da kargu berrian adierazitako gauza guztiek askoz oihartzun handiagoa daukatela.
Ikasturte hasierako ekitaldi ofizialean, ikasliburuak doan izatearen inguruan zuk esandakoek polemika eragin dute. Hezkuntza eragile batzuen babesa jaso duzu, baina kritika zorrotzak ere bai. Horrelakorik espero zenuen?
Hau ez da egun batetik bestera egindako hausnarketa. Hiru alaba ditugu, eta sarritan hitz egin dugu gure artean horrelako gauzei buruz. Askok gelditu naute kalean egin nituen adierazpen haiengatik, eta esan didate agertu nuenarekin bat datozela, adierazpen horiek politikoki zuzenak izan ez arren. Gainera, nire mezua ulertu zuten. Nik gizartearen eta familiaren konplizitatea eskatu nuen hezkuntzarekiko. Gurasoek eta ikastetxeek ulertu dute mezua eta egin nuen proposamena, hau da, ikasliburuak zentroek beraiek kudeatzea.
Legealdi honetan Hezkuntza Sistemarako Legea egiteko konpromisoa zeneukala esan zenuen orduan. Zeintzuk izango dira legearen edukiak?
Hezkuntza Sistemarako Legea etorkizunari begira ikusten dut gehiago, ez orain arte egin dugunari edo oraingo egoerari begira. Hausnarketa sakona egin beharko genuke, hemendik 15 urtera nolako gizartea izango dugun ikusteko, eta, hortik abiatuta, atzera egin, eskolak horretan zer zeregin daukan zehazteko. Etorkizuneko gizartea nolakoa izango den irudikatu eta gero diseinatuko dugu legea. Legeak hezkuntza sistemak izango dituen zutabeak ezarriko ditu. Horretan guztian badaude oso gai garrantzitsuak: hizkuntza ereduak eta eleaniztasuna, esaterako. Beste arlo batzuk operatiboagoak izango dira: kalitatea, aukera berdintasunaren alde jokatzen duen eskola barneratzailea, informazioa eta teknologia komunikazioak aintzat hartzen dituzten sistemak…
Noizko egon daiteke lege proiektua?
Egia esateko, orain hasi gara pentsatzen jarraitu beharreko prozesuan. Hemen, eta hezkuntzan oro har, lan bateratu zabala behar dugu. Hausnarketa prozesu hau eragile guztiekin batera aurrera egiteko gai izan beharko genuke, eta, hainbat kasutan, ez bakarrik eskolako eragileekin, baizik eta gizarteko eragileekin. Gure bezeroa gizartea da. Gizarterako egiten dugu lan, gizarteak ahalik eta pertsona onenak izateko.
Nola dago hizkuntz ereduak aztertzeko prozesua?
Hizkuntz ereduek zeregin garrantzitsua bete dute azken 10-15 urtean, baina orain, egindako neurketen emaitzei erreparatuta, hemen aldaketak egin behar direla uste dugu guztiok. Nik hainbat ekarpen jaso ditut. Batzuek hizkuntz eredu bakarra edo bi eredu izatea proposatzen dute eta beste batzuek ikastetxe bakoitzak bere hizkuntz proiektua prestatzea proposatzen dute, bere ingurunea kontuan hartuz. Nik gauzak eraginkortasunera eraman nahiko nituzke. Euskaraz gure gazteek ahalik eta gaitasunik handiena izatea nahi dugu, eta hor gaztelaniaren ezagutza ere bermatu behar da. Baina hori guztia eleaniztasunarekin lotu behar da, eta horren barruan dago nik ikasturte hasierako ekitaldian agertutako erronka: gure ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) amaitzen dutenerako laugarren hizkuntza menperatzea. Legealdi honen amaierarako edo hurrengoaren hasierarako azterketa hori eginda egon beharko litzateke.
Baina kontuan izan behar da eskolak egindako ahaleginak ez duela balio gizarteak laguntzen ez badu, eta, gaur egun, euskarak ez du kalea irabazi, gure arteko harreman asko ez direlako euskaraz. Hau da, euskarak ez du eskolaren ardura bakarrik izan behar. Baina gizarte honetan erakunderen bat euskaldundu bada hori eskola izan da, eta hori ez dugu ahaztu behar.
Hizkuntz ereduen aldaketa Hezkuntza Sistemarako Legearen barruan egin behar da?
Aurreko hizkuntz ereduak Hezkuntzako Legean sartu ziren, eta aldaketak lege horren barruan joan beharko luke.
Lanbide Heziketa euskalduntzeko probak egiten ari zarete zenbait ikastetxetan, eta zentroak berak erabakitzen du irakasgai bakoitza euskaraz, espainieraz edo ingelesez eman. Noizko zabalduko duzue ikastetxe guztietara proiektu hori? Lanbide Heziketa euskalduntzeko ahalegin berezia egin behar da, orain arte ez delako gauza handirik egin. Oso gai teknikoak direnez, zaila da irakasleak prestatzea. Baina lan hori nahiko aurreratuta daukagu, eta laster hasi beharko dugu gauzatzen. Gaur egun, ahalegin handirik egin gabe, euskarazko beste mila leku atera genitzake ikasleentzat.
Haurreskolak Partzuergoko langileek ez daukate lan hitzarmenik oraindik. Negoziazioetan orain arteko jarrerari eutsiko diozue?
Negoziazioetan malgutasuna agertu dugu. Lan baldintzak hobetu dira, ordutegia gutxitu da, eta ordu bat edo bi ordurengatik eztabaidatzen ari gara. Malguak izan gara, eta berehala jarri gara ados. Ordutegiari begira guk ordu batzuk proposatu ditugu, hobekuntza nabarmenarekin, eta beraiek ordu kopurua jaitsi nahi dute. Baina jaitsi nahi dute administrazio orokorreko lan hitzarmenetan agertutakoa baino ordu kopuru txikiagoarekin. Hain pertsona gutxirentzat den araudiak ezin du baldintzatu akordio orokorra. Guk proposatu dugu akordioa betetzea, eta administrazio orokorreko lan hitzarmena aldatzean, orain lortutako akordioa errespetatu eta beteko dugu. Gure jarrera guztiek ulertzeko modukoa dela deritzot.
Hamar mila biztanle baino gehiagoko herri eta hirietan haur eskoletan leku falta dago. Nola konponduko duzue gabezia hori?
Herri txikietatik egin da nolabaiteko presio bat, hezkuntza zerbitzurik ez daukatela esanez eta Haurreskolak Partzuergoak herri txiki horietan bere zerbitzuak zabaltzeko eskatuz. Baina egia da biztanleria hirietan daukagula, eta Gobernu Akordiorako Proposamenean azpimarratzen da urtero 1.000 leku berri zabalduko direla gutxienez, eta, gainera, hiriguneetan. Familia eta lana uztartu nahi baditugu, kontuan izan behar da jendea hirietan daukagula. Baina edozein azpiegitura hiri batean abiatzea herrietan baino askoz garestiagoa da. Horrek zailtasunak eragingo dizkigu. Ez kostuengatik bakarrik. Hirietan eskaria eskaintza baino handiagoa izango da, eta haur eskola jarri beharrean etxebizitzak jarri ahal badira, borroka gogorrak izan daitezke. Baina, dena dela, gure konpromisoa eta ahalegina hor egongo da, eta legealdi amaierarako egoera askoz hobea izango da.
Haur eskolen gaian eta, oro har, hezkuntza sistemari dagozkion gaietan sare pribatuaren alde egitea leporatu diete Hezkuntza Sailari…
Modu horretako kritikek harritu egiten naute. Hezkuntza pribatuaz ari garenean, ikastolez eta antzekoez ari gara. Kooperatibak dira, baina ez dute diru etekina lortzeko helbururik. Kristau eskoletan ere ez dut ikusi urte amaieran mozkinak banatzen dituztenik. Bestalde, gure hezkuntza sistema hala bilakatu delako, sare publikoa eta itunpeko sarea daukagu. Hemen 3-18 urte bitartean diru publikoarekin finantzatzen da hezkuntza. Diru publikoa jasotzen duten eskola guztiek baldintza berberak dituzte eta lan berbera egin behar dute, eta hori da garrantzitsuena. Hori esanda ere, nire lana sistema osoaren zerbitzura dagoela zehaztu behar dut. Hala ere, gure ardurapean dagoen sare publikoak askoz ardura handiagoa jasoko du gugandik. Sare publikoa izugarri hobetu da azken urteetan, gero eta kalitate handiagoa lortu du, eta bide hori areagotuko dugu. Sare publikoa babestuko dugu batez ere, baina itunpeko sareak zerbitzu publikoa ematen duenez eta irabazteko asmorik ez dagoenez, zaindu egingo dugu, gure gizarteak ahalik eta pertsona onenak izateko.
Azken urteotan, Hezkuntza Sailaren aurrekontua txikitu egin da, Jaurlaritzaren aurrekontu orokorrarekin alderatuta. Horri buelta emateko asmorik badago?
Eragileei agindu diet gure kudeaketa hobetzen ahaleginduko garela, horrela gauza gehiago egin daitezkeelako. Baina eztabaida honetan erraz esaten da zein sailetan ez den gastatzen, baina inork ez du esaten non gastatu behar den gutxiago. Diskurtso bera erabiltzen da etxebizitzan, ingurumenean, osasunean… Arlo guztietan erabili behar da diru gehiago, baina nondik aterako dugu?
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) zenbait irakasleren egoera kolokan egon daiteke, eta irakasleak ebaluatzeko EAEko agentzia lehenbailehen sortzea eskatzen ari dira. Noizko egon daiteke?
Irakasleak Ebaluatzeko Euskal Agentziako adituak izendatuta dauzkagu. Orain azpiegitura jarri behar diogu agentziari, bere lana has dezan. Hurrengo hilabeteetan egin beharreko lana da hori. Baina hor beste arazo bat daukagu. Espainiako Gobernuak errekurtsoa aurkeztu zion Unibertsitate Legearen xedapen gehigarri bati, besteak beste, 5 bat urtez EHUn lanean ari ziren irakasleek agentziaren ebaluazio baikorra izanez gero bere eskubide guztiekin irakasle izan zitezkeela esaten genuelako. Hala, nahiz eta agentzia abiatu, arazo hori ez genuen konponduta izango. Kezka hau neukala agertu nion Espainiako Hezkuntza ministroari, eta, gatazka ahalik eta ondoena konpontzeko, batzordea sortzea proposatu nion.
«Hamahiru irakasle daude lanik gabe edo liberatu gabe».
Hizkuntz eskakizuna ez betetzeagatik egonkortasuna galdutako irakasleen aferak eragin diezazkiokeen presioen gatik beldurrik ez duela agertu du Camposek.
Zer egoeratan daude hizkuntz eskakizuna ez betetzeagatik egonkortasuna galdu duten irakasleak?
Esleipenetako prozesuari jarraituta, hamahiru pertsona daude lan egin gabe edo euskara ikasteko liberatu gabe. Eta hamahiru horietatik bostek lor dezakete irakasle lekua beren burua esleipenetara aurkeztuta edota lanpostuak beste lurraldeetan eskatuta.
Beraz, ikasturtea hasteko ekitaldian esan zenuena, ez badute lan egiten nahi ez dutelako da.
Nik datuak jarri ditut mahai gainean. Beste gauza bat ere badago. Euskararen ezagutza kreditatzeko helduegiak direla esaten dute zenbaitzuek. Baina egonkortasuna galdutako dozena bat irakaslek kreditatu dute hizkuntz eskakizuna. Epetik kanpo, baina lortu dute, eta hori zoriontzekoa da. Beraz, ezgaitasun hori ez da hain nabaria.
Egonkortasuna galdutako irakasleen gaiarekin izan ditzakezun presio politikoen beldur zara?
Beldurtuta ez nago. Uztail osoa gai hori aztertzen eman nuen. Komunikabideetan hainbeste gauza irakurrita neukan eze, hartzen ziren erabakiak zilegiak eta justuak ziren jakin nahi nuela. Gauzak egin behar diren moduan egiten ari dira, eta ez naiz presioen beldur. Egia esateko, oso sasoi onean harrapatu nau kargu honek. Iskanbilek eta presioak ez naute beldurtzen, eskarmentu batekin banatorrelako. Horrek ez du esan nahi beste batzuek gure hizkuntzarekin nahaskeriak egitea gogoko dudanik, benetan hala ez denean.
asier iturriagaetxebarria . berria.info
Jatorria: Tontxu Campos