Haren agerraldiari hasiera emateko, “Giza eskubide eta askatasun zibil eta politiko guztiak babesteko Jaurlaritzak duen konpromiso irmoa” aipatu du Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarragak; eta zuzentzen duen Sailak “legegintzaldi honetan Justizia sendotzeko lan egiteko” borondatea duela azpimarratu du.
Azkarragak, haren hitzaldiaren hasieran, haren sostengua adierazi die “Euskadin profesionaltasunez eta konpromisoz lan egiten duten epaile, magistratu, fiskal eta idazkariei”. Eta gogorarazi du eskubide-urratzeak salatzen jarraituko duela, “bidegabekeriaren biktima edo eragilea edozein direla ere, horren mende baitaude gure elkartasuna eta gure etorkizuna” adierazi du Azkarragak.
JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN EGOERA ETA MODERNIZAZIO PROGRAMAK
Eusko Jaurlaritzak baliabide materialen eskumena jaso zuen 1987an, eta eskumen hori 1996an osatu zen, Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileen eskumenarekin. Garai hartakoa da, beraz, Justizian inbertitzeko erabaki estrategiko eta irmoa.
Konpromiso horren ondorioz, Euskadiko Justizia administrazioa eredutzat hartzen da Estatuan eta Estatutik kanpo, epai-mugapeen, eraikinen, informatikaren eta teknologia berrien alorretan, eta edonolako lege-erreforma abian jartzeko koordinazioan.
Ondo dakizuenez, Botere Judizialaren Lege Organikoaren erreformari esker, Administrazioen eskumenak zabaldu dira epaile eta magistratuei laguntza emateko zerbitzu erkide berriak diseinatu, antolatu eta lanean jartzeko. Jakinarazten dizuet Bulego Judizialak antolatzeko Plana onartzeko asmoa duela Sailak, 2006. urtearen barruan Legebiltzar honetan aurkezteko.
Plan horren oinarria funtzioak espezializatu eta taldekatzea eta zerbitzua arrazionalizatzea da, ebaluazio eta zuzendaritzako elementuekin batera.
Horretaz gain, antolaketaren erreformaren oinarrizko tresna eskualdatutako langileen Lanpostu Zerrenda izango dela aurreratzen dizuet. Hori Administrazio guztietan gertatu ohi da, baina ez da orain arte egin Justizia Administrazioan, eta horren ondorioz, negoziazio-lan handia egin beharko da sindikatuekin. Baieztatu dezaket duela gutxi heldu diogula, berriro, elkarrizketari, eta gure helburua oreka bat bilatzea dela, aurkezten dizkiguten eskakizunen eta funtzio publikoaren beharren artean.
III. Informatika eta Telekomunikazio Plana aplikatzen jarraituko dugu, eta datorren udazkenean IV. Planari ekingo diogu. Azken horrekin Justizia.net aplikazioa indartzen saiatuko gara, zerbitzu interaktiboen atari gisa, eta Justizia.bat hobetuko dugu, Justiziaren antolaketa berria eta elebitasuna sustatzeko.
Espediente judizial elektronikoa ezartzeko eta, Izenperekin lankidetzan, sinadura elektroniko aurreratua gaineratzeko lanean ari gara, abokatu eta prokuradoreek epaitegiekin duten harremana denbora errealean egin dadin, prozesuen tramitazioari berme hobea eskaintzeko eta epea eta tramiteak laburtzeko.
Horrez gain, nahiz eta egoitza judizialen plana —180 miloi eurotik gorako inbertsioarekin— amaitutzat eman oro har, hainbat eskuartze aurreikusten dira Gipuzkoako Probintzia Auzitegian eta Azpeitia, Bergara eta Getxoko justizia jauregietan.
Neurriak onartuko ditugu euskal gazteen prestakuntza sustatzeko, epaileen, fiskalen, idazkari judizialen eta auzitegiko medikuen karreretan sartzeko oposaketetan parte hartu dezaten eta Euskadin geratu daitezen errazteko. Bulego Judizialetako langileen prestakuntza ere sustatu nahi dugu.
Gure ustez, garrantzitsua da politika horiekin jarraitzea, nahiz eta ondo jakin Euskadin epaitegiak ondo hornituta daudela, eta epaileak egonkorrak direla, 2004ko Memoria Judiziala aurkezterakoan Auzitegi Nagusiko presidenteak adierazi zuen bezala. Lehiaketetan parte hartzen dutenen ehunekoa beste hainbat erkidegoetako —adibidez, Kataluniako— berdina da, eta jatorrizko lekuetara itzultzea edo lanpostu hobeak eskuratzea izaten dira horien arrazoi nagusia. Aipagarria da, gainera, orain dela hiru urte joan diren hainbat epaile Euskal Autonomia Erkidegora itzuli direla, edo itzultzeko zain daudela, oso lanpostu huts gutxi daudelako.
Nerabeei epaitegietan eskaintzen zaizkien “ibilbide didaktiko” izenekoen programa (18.000 ikaslek parte hartu dute 5 urtetan) eta herritarrei informatzeko bulegoen zerbitzua (200.000 kontsulta baino gehiago jaso zituzten iaz) zabalduko dira.
Eragile judizial eta juridikoei prestakuntza eskaintzen jarraituko dugu. Izan ere, Justiziarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak antolatutako ikastaroetan parte hartu zuten epailak eta ikastaroetako gaiekin zerikusia zuten pertsonak 500etik gora izan ziren; fiskal eta idazkariak 223 eta abokatuak 1.457.
Bake Justizia ere ez dugu alde batera utziko, hori ere izango baita gure jardueren lehentasunezko esparrua. Berariazko kudeaketa-programa bat egiteko lanean ari gara, Justizia Administrazioaren Antolaketa Planaren barruan kokatzeko.
Horrez gain, doako laguntza juridikoan erantzunaren kalitatea eta arintasuna sustatu nahi ditugu.
EUSKAL KONTSEILU JUDIZIALA
Justizian inbertitzeko Jaurlaritzak egin duen apustu irmo horrek argi uzten du gure sinesmena dela Justizia Administrazioak, gainerako zerbitzu publikoek bezala, euskal gizarteko herritarren eskubideen alde lan egin behar duela. Eta Jaurlaritza honen ustez, hori baldintza onenetan egiteko beharrezkoa da Botere Judizialaren deszentralizazioa berehala gauzatzea.
Anakronikoa da, garai hauetan, zalantzan jartzea Justizia Administrazioa egokitu behar zaiola Autonomia Erkidego desberdinetan botere exekutibo eta legegileak dituen egungo lurralde-antolaketari. Teorian nazio anitzekoa den Autonomia Estatuan ez da horren garapena osatu, eta premiazkoa da hori egitea.
Nire ustez, legegintzaldi honetan egin beharreko lanetako bat Euskal Kontseilu Judizial bat —ez dut uste izena denik garrantzitsuena— osatzearen inguruko gogoeta egitea da, Euskal Autonomia Erkidegoko Botere Judizialaren Gobernua bere gain hartu dezan.
Dakizuen bezala, gogoeta hori joan den legegintzaldian sortu zen, abenduaren 30ean, Legebiltzar honek onartutako Estatutu berriaren proposamenari buruzko eztabaidan. Haien estatutuak berritzeko lanean ari diren edo lan egin duten beste erkidego batzuetan era jorratu da gai hori, itxitzat ematen ez delako.
Une hauetan sektore jakin bat baino ez dago erabat itxita kontseilu judizial autonomikoei buruzko eta —Auzitegi Gorenari doktrina bateratzeko lana utziz— Auzitegi Nagusiak, behin betiko, prozesuen azken auzialdiko gune bihurtzearen inguruko eztabaidaren aurrean.
Izan ere, joan den uztailaren 15ean aurreproiektu bat onartu zuen Justizia Ministerioak, Botere Judizialaren Lege Organikoa erreformatzeko, Auzitegi Nagusiek bigarren zigor-auzialdia, birjarpena eta zuzenbide foral eta autonomikoaren berrikustea haien gain har ditzaten. Urrats hori bide egokitik doa, nahikoa ez izan arren.
Horrez gain, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia Gobernu Salen alde (“Justizia Kontseiluak” izenekoen alde) deszentralizatzeko beste aurreproiektu bat aurkeztu du Ministerioak. Gure ikuspuntutik erreforma hori motza eta eskasa da, eta Botere Judizialaren erabakiaren arabera egin daitekeen eskumenen eskuordetze hutsa baino ez da, ez deskontzentrazioa. Horrez gain, eraginkorra izango bada, Autonomia Estatutuan aurreikusita egon behar da, eta horretarako ezinbestekoa da Estatutu hori erreformatzea.
Justizia Ministerioak benetako eztabaida parte hartzaile bat ireki dezan nahi eta eskatzen dugu, Justizia Administrazioa deszentralizatzeko benetako oinarriak jarri ahal izateko. Horrela adierazi genion uztailaren 28an izandako konferentzia sektorialean.
Sailak gogoeta bat sustatuko du Justizia ereduaren inguruan, bertan parte hartu dezaten interesa duten giza taldeek, hau da, epaileek, abokatuek, sindikatuek… eta Justizia Administrazioan parte hartzen duten guztiek oro har. Ekimen hori Gobernu programaren konpromisoetako bat da. Gure ustez ekarpen garrantzitsua izango da gure autogobernuaren etorkizunari buruz egin behar dugun lan politikorako.
EUSKARA
Justizia Administrazioan hizkuntza normalizatzeko neurriak hartzeko ere erabaki irmoa hartu dugu. Izan ere, nahiz eta euskararen erabilera Normalizatzeko Legeak (9. artikulua) Justizia Administrazioarekiko harremanetan haien aukerako hizkuntza ofiziala erabiltzeko eskubidea onartu herritar guztiei, eskubidea ezin da berme guztiekin gauzatu eragile judizialek hizkuntza hori ez dakitelako. Badago, jakina, itzultzaileen zerbitzua, baina ezin dugu ahaztu itzulpenak berak prozesua moteltzen duela, eta komunikazioan interferentziak sortzen dituela.
Botere Judizialaren Lege Organikoak “lanbide-meritu” gisa baloratzen du euskara, ez eskakizun gisa. Esperientziak erakutsi digunez, derrigorrezkoa ez izate horrek arazoak dakartza, eta ez da lagungarria lortu nahi den helburuari begira. Paradoxa izan arren, meritu gisa baloratzen denez, ingurune euskaldunetan epaile elebidunak egotea sustatu ordez, epaile horien lanbide-sustapenerako erabiltzen da.
Horrez gain, denok dakigunez, botere judiziala bakar eta bateratutzat hartzen da, eta horrek eragozten du Euskal Autonomia Erkidegoan lan egiten duten epaileentzat hizkuntza ofiziala jakitea derrigorrezkoa izatea. Horrez gain, Europar batasuneko Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Gutuna ez da betetzen, Estatu mailako legeak ez baitira eskualdeetako hizkuntzetan argitaratzen, eta horrek intseguritate juridikoa sortzen du testuak interpretatzerakoan, espresuki homologatutako testurik ez dagoelako.
Gai hauek gogora ekartzen ari naiz errealitatea islatzen dutelako, kontuan izanik euskara sustatzeko prozesua beranduago garatu dela Justizia Administrazioan gainerako Herri Administrazioetan baino. Nire ustez horren arrazoia arlo horren konplexutasun berezian datza, eta kontuan izan behar da Justizia Sailak, Justizia Ministerioak eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak eskumenak dituztela bertan.
Hala eta guztiz ere, azpimarratu nahi dut jarduera-kopuru garrantzitsu bat garatu dela hizkuntza-eskubideak bermatzeko, eta orain bide horri beste bultzada bat eman behar diogula.
Ekainaren 26ko 117/2001 Dekretua mugarri bat izan da Justizia Administrazioan hizkuntza normalizatzeko, eta horren ildotik, hizkuntza-gaitasunerako ikastaroak eskaintzen jarraituko dugu.
Dakizuen bezala, jaun-andreok, Gobernu zentralak dekretuaren aurkako errekurtsoa jarri zuen, eta haren aplikazioa 18 hilabetez etenda egon zen. Etenaldia amaituta, banakako prestakuntza-planak garatzen ari gara.
Une honetan Erkidegoko 30 epaitegitan ezarri dira euskararen erabilerarako esperientziak (epaitegi guztien %20) eta 68 bake-epaitegitan (%25). Aipatu behar da 2000. urtean 190.000 euroko aurrekontua zegoela hizkuntza normalkuntzarako, eta 2004. urtean aurrekontu hori 1.337.000 eurokoa izan dela.
Euskararen erabilera Justizia Administrazioan normalizatzeko eta prozesu hori egonkortasunez zuzentzen duten arauez hornitzeko, honako ekimenak abiarazi nahi ditugu:
1.- Hizkuntza normalizatzeko beste Dekretu bat onartuko dugu datorren urtean, 117/2001 Dekretua ordezkatzeko. Honakoak jasoko dira bertan:
Iragartzen dizuet egiten ari den Lanpostuen Zerrendak dagokion hizkuntza eskakizunen esleipena izango duela, Euskal Administrazioaren hizkuntza plangintzaren irizpideen arabera.
2.- Dekretua onartutakoan Justizia Administrazioa Normalizatzeko sektoreko plan bat egingo dugu, dagozkion erabilera planez gainera.
3.- Sentsibilizazio programetan ere sakonduko dugu, eta urrats berriak emango ditugu euskalduntzeko hitzarmenak sinatuz Justizia Ministerioarekin, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin eta gainerako erakunde eskumendunekin.
ZIGOR BITARTEKOTZA
Zigor-sistema humanizatzeko eta pertsonen premietara egokitzeko Justizia Administrazioarekin lankidetzan jardutea Sailaren lehentasunezko helburu bat da. Ildo horretan, zigor-bitartekotza funtsezko tresna da.
Dakizuen bezala, alde batetik zigor-prozedura tradizionalaren osagarritzat eta bestetik alternatibotzat har daitekeen tresna batez ari naiz. Gure ustez, bitartekotza modu aproposa da biktimak berak subjektiboki zuzentzat hartzeko moduko kalteen ordainketa bat lortzeko. 2006ko martxotik aurrera, Estatuek Europako araudia beren gain hartzen duten heinean, bitartekotza ordenamenduan barne hartuko da eta, beraz, betebehar juridiko bihurtuko da. Hori dela-eta, beharrezkoak diren urratsak egin beharko dira EAEko Justizia Administrazioa erronkari aurre egiteko prest egon dadin.
GAZTE JUSTIZIA
Saila 2004-2007ko Gazte Justiziako Planean bildutako jardunetan hasia da dagoeneko.
Dakizuenez, eskumen osoa gauzatzeko ildo estrategikoak eta helburuak ezartzen ditu Planak. EAEko Herri Administrazioak gauzatu beharreko neurriak honako hauek dira: barnealdia, tratamendu anbulatorioa, eguneko zentro batera joatea, bizilekuan edo asteburuko zentro batean egotea, askatasun zaindua, beste pertsona, familia edo hezkuntza-talde batekin bizitzea, komunitatearen onerako prestazioak, eta gizarte- eta hezkuntza zereginak.
Aurreikusitako jardunen artean, barnealdi-neurriak betetzeko heziketa-zentroen sarean sartzeko aukera azpimarratu behar da (84 plaza daude guztira). Horretarako, Landako eta Mendixolako zentroak erreformatzeko eta egokitzeko obrak amaituko dira (2006an eta 2007an, hurrenez hurren), eta Zumarragako zentroan plantilla osoa sartuko da.
Eskuragarri ditugun datuekin eta estatistikekin baiezta dezakegunez, barnealdi mota guztietan eta asteburuko egonaldietan auzi-eskeen funtzionamendu arduratsua eta zuzena lortzeko egokia izango da plaza kopurua. Era berean, epaitegi batek epaia betetzeko agindua ematen duenetik gauzatu arteko denbora-tartea izugarri murriztuko delakoan gaude.
Gizartearen mesedetan lan egiteko neurria gauzatuko dugu eta, horretarako, lankidetza-hitzarmenak sinatuko ditugu udal-administrazioekin eta gizarte erakundeekin, hala nola Caritasekin, Gurutze Gorriarekin, Merkadekorekin, Gao Lacho Drom-ekin eta Zuzenak-ekin. Aukera-sare zabala sortzea eta neurriaren hezkuntza-alderdia areagotzea da horren helburua.
Gainera, auzi-bidetik kanpoko bitartekotzarako, adiskidetzerako eta kaltea ordaintzeko programak sendotuko ditugu, tresna baliagarriak baitira Justizia Administrazioarekin harremanetan hasten diren nerabeek erantzukizuna euren gain hartzeko.
ESPETXE POLITIKA
Gazte Justiziaren arloko eskumena baliatzeak aukera eman digu eraginkortasunez egin dezakegula erakusteko. Gure eredua puntakoa da, eta behar bezala erantzuten die premiei. Horrek erakusten duenez, arlo horretan ere herritarren mesederako da autogobernua.
Gogorarazi egin nahi dut hori, deitoratu eta salatu egin behar baitut Estatuko Gobernuak kendu egiten digula Autonomia Estatutuan aitortutako eskumen bat baliatzeko aukera, hain zuzen ere zigor-erakundeen antolamenduari, erregimenari eta funtzionamenduari dagokion eskumena (10. artikulua).
Argi eta garbi utzi behar da eskumen hori EAEri dagokiola, eta inoiz ez dela zalantzarik izan horren inguruan. Estatuko gobernu guztiek atzeratu egin dute eskualdaketa, eta gaur egun berdin jarraitzen dugu. Eskualdatzeari uko egiteak, gure ustez, hipokrisia politiko handia erakusten du.
Hala eta guztiz ere, eta arduraz jokatuta, eskumena bere gain hartzeko prest dago Eusko Jaurlaritza.
Sailak lan egin du arlo honen inguruan. Hainbat herrialdetako espetxe errealitatea ezagutu dugu, Administrazioekin hitz egin dugu eta azterlanak, analisiak eta txostenak egin ditugu. Eta, hori guztia, eredu propioa lantzeko behar adina datu izateko.
Proiektua amaituta dago, eta zuen aurrean berariaz agertuko naiz kontsiderazioen eta ondorioen berri zehazki emateko.
Adierazi nahi dizuet Gobernu honek EAEko espetxeen barruan abian jarri diren Osasunaren edo Hezkuntzaren eremuko programekin jarraitzen duela. Ziur gaude presoekiko tratuak giza eskubideen errespetuan oinarrituta eta gizarteratzera eta sozializaziora bideratuta egon behar duela, eta hori da gure politikaren oinarria.
Ikuspegi horretatik abiatuta, euskal presoak Euskadiko edo inguruko espetxeetara hurbil daitezen eskatzea ez da alferrikako planteamendua Sailarentzat. Arduraz jokatzen duen eta herritarren eskubideak (espetxean askatasunik gabe dauden herritarrenak barne) errespetatzen dituela dioen Administrazio batek ezin ditu babestu injustizia nabarmeneko egoerak, eta ezin ditu bete gabe utzi nazioarteko arauak eta gomendioak.
Hori dela-eta, ez dago argudiorik urruntzea sobera dagoen zigorra dela eztabaidatzeko; zigorra presoentzat, baina, batez ere, haien senideentzat eta adiskideentzat. Zigor gehigarria da, familiek zuzen-zuzenean pairatzen dutena eta zigorrak presoen bizilekutik hurbilen dagoen lekuan betetzeko aukerari buruzko arau guztiak urratzen dituen erabaki politiko bati erantzuten diona.
Eusko Jaurlaritza espetxe-politika humanizatzearen alde dago. Mendekuan oinarritutako planteamenduek elkarbizitza oztopatzen duten gorroto sentimenduak eta injustizia-egoerak baino ez dituzte bultzatzen.
Ildo horretan, beren ingurunetik urrundutako presoek senideekin eta adiskideekin harremanak izateko neurriak sustatuko ditu Sailak.
Zigorra Autonomia Erkidegotik kanpoko espetxeetan betetzen ari diren presoen senideen bidaietarako diru-laguntzak arautzen dituen Gobernuaren Agindua (2003ko uztailaren 30ekoa) aipatu nahi nuke orain.
Ongi dakizuenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salak Agindu hori bertan behera uztea erabaki zuen joan den apirilean. Sailak kasazio-errekurtsoa jarri du, eta Auzitegi Gorenaren ebazpenaren zain gaude. Ebazpen hori, beste kasu guztietan bezala, ontzat hartuko dugu.
Hala ere, xehetasun batzuk eman nahi ditut; izan ere, gai honek eztabaida sortu du beste aldi batzuetan ganbera honetan, eta zenbaitek demagogia merkea egin dute horren inguruan.
Horregatik, lehenik eta behin, argi eta garbi utzi behar da Aginduak arautu dituen diru-laguntzak ahultasun ekonomikoan dauden eta preso dauden senideekin harremanak izateko egin beharreko bidaiek eragiten dituzten aparteko gastuei aurre egin behar dieten familiei zuzenduta daudela.
Ebazpen judizialak Estatuaren eskumenak inbaditu direla adierazten du, eta gu ez gaude ados horrekin. Baina, horrez gain, argi eta garbi utzi du laguntza-programak ez duela arriskuan jartzen Estatuko Gobernuak terrorismoaren kontra bultzatzen duen politika. Are gehiago, Auzitegiak berak joan den apirileko ebazpenean jaso zuenez, ez zuen zalantzan jarri zenbait Udalek gizarte-asistentziako helburuen barruan finkatu dituzten antzeko laguntzen legezkotasuna.
Jakina, Gobernuak eta ordezkatzen dudan Sailak beti egin duten bezala, araudia legeetara egokituko dugu beti. Hala ere, azpimarratu beharra dago argi utzi dela espetxean dauden senideekin harremanetan jartzeko zailtasun ekonomikoak dituzten familiei zuzendutako laguntzen politikak ez dituela printzipio demokratikoak urratzen.
Espetxean askatasunik gabe daudenei asistentzia humanitarioa, soziala eta juridikoa emateko laguntza ekonomikoak eta sozialak sendotzea da gure asmoetako bat. Halaber, gizarteratzeko eta integratzeko neurriak adostu eta bideratu behar direla uste dugu.
JUSTIZIAREKIKO LANKIDETZA
Emakumeei eragindako tratu txarren kontrako neurriak hartzen eta tratu txar horiek jasaten dituzten emakumeak babesteko politikak garatzen jarraitzeko asmoa dugu.
Zuek guztiok jakin badakizue joan den ekainean etxeko indarkeriako kasuetarako hiru epaitegi berri jarri zirela abian Euskal Autonomia Erkidegoan. Agian ez dira nahikoak izango, baina Eusko Jaurlaritzak ahalegin handia egin zuen jurisdikzio-organo horiek sortzeko (adierazi beharra dago Estatu osoan sortu ziren 16etatik 3 Euskal Autonomia Erkidegokoak direla). Gainera, epaitegi horiek abian jartzeko, funtzionarioak prestatzeko berariazko programak sortu dira.
2005eko irailaren 14ra arte 726 auzi sartu ziren epaitegi horietan. Zehazki, 214 Bilbaokoan, 120 Gasteizkoan, 119 Donostiakoan eta beste 98 Barakaldokoan. Erreferentziazko datu gisa, 2004an emakumeek tratu txarrengatik jarritako salaketen kopurua 3.465 izan zen Euskal Autonomia Erkidegoan, eta auzitegiek 1.754 babes-agindu eman zituzten.
Ekintzetan ahalik eta eraginkortasun handiena lortzeko, Administrazio Koordinazioko Zentroak jarri dira abian (Biktimei Laguntzeko Zerbitzuetan daude ezarrita), Justizia Administrazioaren eta biktimak babesten dituzten gizarte-zerbitzuen arteko lotune izan daitezen.
Gobernuak eta Sail honek konpromisoa hartu dute atxilotuen asistentziarako eta arretarako protokoloak hobetzeko, batez ere inkomunikazio-erregimenean daudenen protokoloak. Tratu txarren edo torturaren arrastorik txikiena ere denon ardura da, eta, bereziki, botere publikoak ordezkatzen ditugunona.
Azkenik, Justiziarekiko Lankidetzarako Zerbitzuak indartzeko asmoa dugula jakinarazi nahi dizuet, tresna egokiak baitira Justizia Administrazioa humanizatzeko.
Atxilotuari Laguntza Emateko Zerbitzuak (ALEZ), Biktimei Laguntzeko Zerbitzuak (BLZ) eta Zigorrak Betearazteko eta Gizarteratzeko Laguntza Zerbitzuak (BGLZ) laguntza handia ematen diete gure Erkidegoan egoera zailean dauden herritarrei. Gainera, oso lagungarriak dira justizia gauzatzen dutenen jurisdikzio funtzioa betetzeko.
Zerbitzu horiek zigor-justiziako sistema berrezartzaile, sozializatzaile eta garantista bat dute oinarri. Sistema horrek gizakiak hartzen ditu kontuan –delitu baten biktimak, atxilotuak, auzipetuak zein zigortuak–, Justizia Administrazioarekiko harremanetan. Orain arteko esperientzia oso positiboa izan da eta, horregatik, zerbitzu horiek indartu egin behar direlakoan gaude.
Oraintxe amaituko dut.
Sailak datorren legegintzaldian Justiziaren arloan oinarri izango dituen ildoak aipatu dizkizuet. Legegintzaldi horretan, Botere Judizialaren deszentralizazioa burutu eta geratzen diren eskumenak eskualdatu beharko lirateke, besteak beste.
Gure konpromisoak argi eta garbi daude:
1.- Justizia estatu demokratiko baten zutabe gisa sendotzeko lanean jarraituko dugu.
2.- Bulego Judizialak antolatzeko Plana aurkeztuko dugu 2006an.
3.- Transferitutako langileen lanpostu-zerrenda landuko dugu.
4.- Espediente elektroniko judiziala eta sinadura elektronikoa sartuko ditugu eta, horren bidez, Justizia Administrazioaren zerbitzurako teknologia berrien ezarpena finkatuko dugu.
5.- Justizia Administrazioan euskararen erabileraren normalizazioa sendotzeko, hizkuntza-normalizazioari buruzko dekretu berri bat onartuko dugu.
6.- Justizia Administrazioa zigor-bitartekotzako zerbitzua garatzeko prestatuko dugu.
7.- 2004-2006ko Gazte Justiziako Plana gauzatuko dugu.
8.- Espetxe-politikaren eredu propiorako proposamena aurkeztuko dugu Ganbera honetan.
9.- Emakumeen kontrako biolentziari aurre egiten duten epaileetan antzematen diren beharrei erantzutea bultzatuko dugu.
eta
10.- Justiziarekiko Lankidetza Zerbitzuak indartuko ditugu, Justizia Administrazioa humanizatzeko tresna eraginkorrak baitira.
Jatorria: Joseba Azkarraga