Joseba Azkarraga Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua Eusko Legebiltzarreko Lan eta Gizarte Ekintzako Batzordearen aurrean agertu da, gaur, bere sailaren gobernu-ekintzaren hurrengo lau urteetarako ildo nagusiak, Enplegu eta Gizarteratze arloei dagokienez, aurkezteko. Azkarragarekin batera, bere taldeko goi mailako kargudunak izan dira, Manolo Vigo, Gizarteratze sailburua, eta Juan José Loroño, Lan eta Gizarte Segurantzarena, buru zirela.

Hasteko, Azkarragak honako hau esan du: “gizarte justuago, solidarioago eta kohesionatuago eratzeko, enplegua sortu beharra dago, eta kalitatezko enpleguaz ari naiz, baita baztertuta dauden edo baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonak eta kolektiboak gizarteratzea eta laneratzea ere. Gure ustez, kontu horietarako, beharrezkoa da denok ahalegina egitea, serioa eta benetakoa, adostasun sendoak eta iraunkorrak lortzeko”.

Orobat, eta bere agerraldiaren hasieratik, adostasunaren aldeko apustua egin du: “Gure Sailak, Gobernu osoak eta gobernua babesten duten hiru talde politikoek, jarraituko dugu akordioaren aldeko aurrerapausoak egiten, gure erantzukizuna –politikoa, instituzionala eta soziala– delako”, adierazi du.

ENPLEGUA

Argazki finkoa. Europarekin bat eginez, baina geure zilborrari begira geratu gabe.

Lan-tasa eta enplegua sortzea.

Aurtengo lehenengo sei hilabetekoa amaitzean, Euskal Autonomia Erkidegoan bazeuden, gutxi gorabehera, 930.000 pertsona landun. Horrek esan nahi du 2001eko eta 2005eko bigarren hiru hilabetekoen artean –aurreko legegintzaldian– 83.000 lanpostu sortu direla. Hau da, ehuneko 9,8ko hazkundea egon da.

Enplegu-tasari dagokionez, 2005eko lehenengo sei hilabetekoa amaitzean ehuneko 64,5era heldu da, hau da, aurreko legegintzaldian 5,1 puntuko hazkundea izan da. Gogora dezagun, bada, Europako Enpleguaren aldeko Politikaren helburua, 2010erako, ehuneko 70 lortzea dela.

Enplegu sortu berrietan emakumeak nagusitu dira: 83.000 enplegu berrietako ehuneko 77,7. Emakumeen enplegu-tasa 53,5era heldu da.

Langabezia.

2005eko lehenengo erdia amaituta, gure erkidegoan 58.700 langabetu zeuden: 32.700 emakume eta 26.000 gizon. Termino erlatiboetan, langabezia-tasa ehuneko 5,9koa da. Emakumeen kasuan, ehuneko 7,9koa, eta gizonezkoenean, berriz, ehuneko 4.5ekoa da.

Orain dela lau urte 45.000 langabetu gehiago genituen, eta gure langabezia-tasa 5 puntu handiagoa zen, 9 puntu emakumeena. Emakumeen langabezia ehuneko 16,5ekoa zen; gaur egun baino 31.000 emakume langabetu gehiago zeuden.

Biztanleak eta jarduera.

Hala jarduera-tasa oro har (ehuneko 54,3), nola bereziki 16 eta 64 urte bitarteko biztanleena (ehuneko 68,6) bilakatu dira hobekuntza txikiekin, ehuneko 1,1ekoak eta ehuneko 1,8koak, hurrenez hurren, lau urte hauetan.

Laburpena:

Ekonomikoki une onean gaude, eta horrek lagundu digu gure enplegu-erratioak funtsean hobetzen; abagune hori aprobetxatu behar dugu laneko ez egonkortasuna gutxitzen ahalegintzeko. Abagune hori ezarri ditugun enplegu-egiturak sendotzeko ere aprobetxatu behar dugu, eta, baita lanpostuak galduz gero beste berri batzuk sortzeko planak sortzeko ere.

Aldarrikapena. Transferentziak

Eusko Jaurlaritzak jarraituko du exijitzen eta erreklamatzen Espainiako gobernuari enpleguaren aldeko politikak transferitzeko, eta horien baitan lanerako prestakuntza eta etengabeko prestakuntzaren benetako transferentzia egiteko, Kontzertu Ekonomikoaren sistemari egokitzen diren finantzatze-irizpideekin.

Ildo horretan, jarraituko dugu estatuari Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoa erreklamatzen, pentsioen sistema publikoaren sostengua, oinarrizko eta funtsezko zutabe gisa, bermatze aldera.

Era berean, jarraituko dugu eskatzen gobernu espainolari lan-arloko ikuskaritza transferitzeko, eta, sektore publiko eta kooperatiben arloko eskumenen baitan –dagoeneko gureganatuta ditugunak– gai horri buruzko arauak garatzea eta betearaztea bultzatuko dugu.

Espainian izandako gobernuek –PPkoek zein PSOEkoek– Lege organiko bat –Gernikako Estatutuaz ari naiz– bete ez izanak, legea urratzeak eta Euskal Herriaren autogobernurako eskubidea eta gogo bizia mespretxatzeak kostu ekonomiko handia dakarkigu euskaldun guztioi –abertzaleoi eta ez abertzaleei–.

Lanek ez-egonkortasunaren kontra borroka egiteko eta enplegua sortzen aurrera egiteko lanabes erabilgarria –ezinbestekoa– izango litzateke lan-merkatua arautzearen gaineko eskumena izatea; azken buruan, Lan Harremanetarako Berezko Esparrua gure esku izatea.

Gogoeta bat: enpleguak –kalitatezkoak eta eskubideak dituztenak– sortzen aurrera egiten jarraitzeko, lagundu behar dugu Euskal Administrazioak hala politika aktiboak (orientazioa, prestakuntza, praktikak…), nola pasiboak (langabeziagatiko prestazioak, Gizarte Segurantzaren kuoten kenketak…) garatzea izan dezan. Horrela, aplikazioa egokiagoa eta kostu gutxiagokoa izango da, eta bikoizketak saihestuko dira.

Kudeaketa Enplegua sustatzeko Euskal Legea Enplegu-planak.

Legegintza honetan, eta gure herriak enplegu betea lortzeko aukera izan dezan, Enplegua Sustatzeko Euskal Legea aurkeztuko dugu Legebiltzarrean, berton eztabaidatu, taldeen eta gizarte-eragile guztien (enpresaburuen elkarteak zein sindikatuak) albait adostasunik handien lor dezan, eta onartua izan dadin. Gure ustez, Lege hori, gure helburuen alde egiteaz gain, bereziki esparru juridiko oso egokia izango da lan-arloko ez egonkortasunaren kontra egiteko, kalitatezko enplegua sortzeko eta lehiakortasuna sustatzeko.

Legegintza honetan Enplegua Sustatzeko Erakundeen arteko II. Planaren (2003-2006) azken zatia garatuko dugu eta Enplegua Sustatzeko Erakundeen arteko III. Plana (2007-2010) egingo dugu, hiru foru-aldundiekin, EUDELekin eta gizarte-eragileekin lankidetzan.

Enplegua bultzatzeko ekimenak

Lan-banaketa eta lan-elkartasunaren kontzeptuak mamitzea helburu duten ekimenak bultzatzen jarraituko dugu. Orobat, jarraituko dugu, kontzertazio sozialeko alderdi biko eta hiru alderdiko organoen baitan eta negoziazioko kolektiboko eremu espezifikoetan, eragile desberdinen arteko elkarrizketa soziala sustatzen, prozesua erraza ez dela jakinda ere. Kontu hori gero zehaztuko dut gehiago. Esparru horretan, ondorengo helburuak dituzten jarduerak sustatzen jarraituko dugu:

1. Lana eta familia bateragarriak egitea.
2. Txanda-kontratua eta/edo ordezte-kontratua sustatzea, belaunaldien arteko elkartasun-tresna gisa.
3. Lanaldia banatzearen aldeko erabakiak.

Legegintzaldi honetan –orain arte egin dugun bezala– jarraituko dugu lan egiten lan aldizkakotasuna eta ez-egonkortasuna gutxitze aldera, mugarik gabeko kontratazioa bultzatzeko eta aldi baterako kontratuak muga gabekoak bihurtzeko erabakiak hartuz.

Gainera, laneratzeko zailtasunak dituzten kolektiboen aldeko ekimen positiboko erabakiak hartuko ditugu, hau da: emakume, luzaroko langabetu, ezindu, etorkin, baztertuta geratzeko arriskua duten gazteen alde, besteak beste.

Langile etorkinak heltzea ez da arazo bat. Hori argi geratu behar da. Eta gai horri ikuspegi integral batetik egin beharko zaio aurre, Eusko Jaurlaritzak egiten hasia dagoen bezala. Erronka handia da enplegua, eskubide eta guzti, guztioi bermatzea, langileak nondik datozen alde batera utzita. Ez da lan erraza, baina egoera honi aurre egiteko modu bakarra da.

Era berean, lau urte hauetan ezinduei lan-kontratuak egiteko erreserbak beteko direla bermatzea bultzatuko dugu, hala enpresa arruntetan, nola administrazio publikoan. Ildo horretatik, Jaurlaritzak orain dela gutxi onartutako plana garatuko dugu, Ezintasunak dituzten pertsonak lan-merkatu arruntean sartzeko Euskal Planaz ari naiz.

Orobat, berebiziko arreta jarriko dugu goi-mailako prestakuntzako enplegua sortzean. Eta, horretarako, euskal unibertsitateekiko lankidetza sendotu behar dugu –Euskal Herriko Unibertsitatearekin batez ere, baina gainerakoekin ere bai–, gure egitura ekonomikoa, ikerkuntza eta berrikuntza bitartez, eraldatzen dabiltzan departamentuekin.

Azkenik, baina ez garrantzi gutxiagokoa, azpi-kontratazioaren fenomeno dugu. Gobernuaren ustez, sektore pribatu zein publikoan eragiten duela kontuan hartuta, horren arautzean nagusitu behar diren bermeei eta segurtasun juridiko eta sozialari buruzko gogoeta egin beharra dago.

Gizarte Ekonomia bultzatzea

Jaurlaritzak bikoiztu egingo ditu bere ahaleginak gizarte ekonomia sustatzeko. Ildo horretatik, hurrengo lanak egingo ditu:
1. Gizarte ekonomiako enpresa berriak sortzen bultzatzea, autoenplegu eta eskualdeko garapeneneko formula eraginkorra bezala.
2. Lan elkartuko euskal kooperatiben eta lan-sozietate anonimoen arteko lankidetza bultzatzea.
3. Partaidetza-kultura bultzatzea eta babestea, eta bazkide langileek enpresaren erabakietan esku-hartzea bultzatzea, kalitatezko enplegua areagotzeko lanabes gisa.
4. Kooperatiben Kontseilu Nagusiaren ahalmenak sustatzea, eta, oro har, kooperatiben mugimenduaren garapena bultzatzea.

Aurreikuspen sozial osagarriaren sistemak bultzatzea

Lehen aipatu dudan bezala, Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoa transferitzeko exijitzeaz gain, Jaurlaritzak aurreikuspen sozial osagarriaren sistemak bultzatuko ditu, Aurreikuspen Sozial Osagarriaren Plana abian jarriz, enpresaburuen eta sindikatuen arteko akordioekin lotutako enplegu-sistemak sustatuz, eta Euskadiko Borondatezko Aurreikuspen Sozialeko Erakundeen Legea gaurkotuz, aurreikuspen soziala euskal herritar guztiengana helarazte aldera.

Pentsioei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak Gizarte Segurantzaren Sistema Publikoa funtsezko elementutzat duen babes-ereduaren alde egiten du, belaunaldien arteko elkartasunean oinarrituta. Sistema horren ezaugarriak direla-eta, bakarra eta ordezkaezina da, eta, horregatik, pentsioak bermatzeko zutabe nagusia izaten jarraitu behar du.

Gizarte Segurantza-sistemari eutsi ahal izateko, errealitate berriari egokitzeko neurriak hartu beharko dira; izan ere, biztanleria oso azkar zahartzen ari denez, sisteman gero eta tentsio handiagoak sortzen baitira.

Laneko Segurtasuna eta Osasuna

Herri honetako langileei eta euren familiei egoera dramatikoak –baita kostu sozial handia– sortzen dituen errealitatea dugu lan-istripuena. Guretzat, lan-istripuak gutxitzeko lanean segitzea lehentasunezkoa eta premiazkoa izan da eta izaten jarraituko du.

Espainiako Gobernuari Lan Ikuskaritza transferitzeko eskatzen jarraituko dugu, eta dagoeneko gureganatuta ditugun eskumenen esparruan, sektore publikoan eta kooperatibetan, gai honetan aplikatzekoak diren arauak garatzen eta betearazten.

Dena den, eta irregulartasunak daudenean zigorrak beharrezkoak direla defendatzen dugun arren, zigorretatik haratago joan behar dugu, eta prebentzio-kultura enpresaren kudeaketan erabat txertatu, segurtasuna eta osasuna bermatu ahal izateko.

Dei bat egiten diegu sindikatuei eta enpresaburuei denon artean ahalegindu gaitezen diagnostiko erkide bat egiteko, eta laneko segurtasunaren eta osasunaren gaineko akordio bat lortzeko lan egin dezagun, bakoitza gure arlotik, baina denok gaitz hori gutxitzeko helmuga izanik.

Legegintza honetan, besteak beste, ekimen hauek garatuko ditugu:

· Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Plan Zuzentzailea garatzea, gaur egungo lan-istripuen kopurua gutxitzeko.
· Laneko Segurtasun eta Osasunaren Euskal Behatokia sortzea.
· Laneko osasunaren prebentzio-kultura sendotzeko behar diren gizarte-akordioak bultzatzea, baita indarrean dauden arauak kontrolatzea eta zaintzea ere, eta sindikatuen eta enpresaburuen antolakundeen artean adostutako ekimenak, laneko arriskuen prebentzioaren arloan, laguntzea.

· Lan Ikuskaritzaren eta OSALAnen jarduerak sendotzea, prebentzioan, prestakuntzan eta segurtasunaren gaineko arauak betetzean.
· Administrazio publikoen kontratu arauak betetzen bultzatzea, Administrazio publikoak arriskuen prebentzioaren arauak urratzen dituzten enpresak kontratatzea debekatzeari dagokionez, kasu horretan dauden enpresen erregistro publikoen sisteman sartuz.
· Langile autonomoentzako eta enpresa oso txikietarako prestakuntza eta prebentzio espezifikoa sendotzea.
· Eta prebentzio-delegatuen eginkizuna bultzatzea, baita euren prestakuntza ere.

Lanbide

Datorren urteotan, Lanbide Enpleguaren Euskal Zerbitzuak jarraituko du gure enplegu-politiken funtsezko zutabea izaten. Legegintza honetan berori garatzen eta sendotzen lan egingo dugu.

Kudeatze-lanetik haratago, gobernuaren helburua da Lanbideren bulegoek tokiko erakundeekin eta eragileekin lankidetza estrategikoagoa izatea; eta gure nahia da, baita ere, lankidetza hori eskualdeetan dauden enplegu-arazoei buruzko diagnostiko bateratuak egitean islatzea, baita proiektu erkideak garatzen ere.

Gizarte-elkarrizketa

Gizarte-elkarrizketa bide eta lanabes erabilgarriena da oraingo euskal langileen bizi eta lan baldintzak hobetzeko, baita oraindik langile ez izanik ere langile izan nahi dutenenak ere, euren eskubidea baita lan-merkatuan sartzea.

Gure ikuspuntutik, gobernuak jarraituko behar du gizarte-elkarrizketa bultzatzen eginkizun aktiboa izaten. Nola, baina? Bada, giro bat, kultur bat eta lan harreman egoki batzuk sortzen, enpresaburuen organizazio eta sindikatuei jardutea ahalbidetzeko.

Ildo horretan, negoziazio kolektiborako eskubidea defendatuko dugu, sindikatzeko eskubidearekiko eta gehiengoekiko errespetua, eta, jakina, aldeen autonomiaren babesa.

Gizarte-elkarrizketa horren barruan, legegintza honetan gogoeta sakona egingo dugu –denok izan behar dugu horren partaide– gaur egun alde biko elkarrizketa-organoek betetzen duten eginkizunaren gainean. Lan Harremanen Kontseiluaz ari naiz, baita Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaz ere.

Bi organoetako gaur egungo arduradunek –Martin Auzmendi eta Antton Lafont, hurrenez hurren– gaia mahai gainean jarri dute hainbatetan; orain kontua da guztion artean eztabaida dezagun organo horien orainaldiaz eta geroaldiaz, eta erantzun dezagun ea gaur, 2005eko azken zatian eta ziklo berri bati ekiten diogunean, gizarte elkarrizketa sendotzeko lanabes egokiak ote diren. Bultzatzeri eta berpizteari ekiteko garaia da.

Enpleguaren alde eta lan ez-egonkortasunaren aurkako gizarte-akordioa.

Eusko Jaurlaritza jabetu egiten da behin-behinekotasuna eta laneko ez egonkortasun handia dagoela gure lan-merkatuan, bereziki zenbait kolektibotan, esaterako, gazte eta emakumeenean.

Eusko Jaurlaritzak argi dauka: ezin gara mugatu enplegua sortzera; enplegu berriak kalitatezkoak eta eskubidedunak izatea nahi dugu. Kalitateak eta enplegu sorrerak bat egin behar dute, ezinbestean.

Laneko ez-egonkortasunari dagokionez, akordio handia lortu behar da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta helburu horrekin jarraituko dugu lanean; baina gizarte-eragilek ere urratsak egin behar dituzte negoziazio kolektiboaren baitan, hala hitzarmen sektorialetan, nola enpresa-hitzarmenetan ere.

Laburpena. Enplegua

Laburpen gisa, hona nabarmenduta, legegintza honetarako enplegu gaietan hartzen ditugun hamar konpromiso:

1. Espainiako estatuari lan-ikuskaritzaren gaineko transferentzia exijitzea eta erreklamatzea, baita enplegu-politikena eta Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoarena ere.
2. Lan Harremanen Euskal Esparrua sortze aldera lan egitea; gaur egun Estatu espainolak arautzen baitu.
3. Enplegua Sustatzeko Erakundeen arteko II. Planaren (2003-2006) azken fasea betetzea eta Enplegua Sustatzeko Erakundeen arteko III. Plana (2007-2010) egitea. Enplegua Sustatzeko Euskal Legea egitea.
4. Kalitatezko enplegua, eskubide eta guzti, sortzen bultzatzen jarraitzea, betiere lan-banaketaren eta lan-elkartasunaren irizpideekin, eta mota honetako ekimenak abiapuntu izaten: lana eta familia bateragarri egitekoak; txanda-kontratua eta/edo ordezkatze-kontratua bultzatzea; eta aparteko lan-orduak gutxitzea.
5. Gizarte-ekonomia bultzatzea, autoenplegurako eta eskualdeko garapeneko formula eraginkorren bitartez.
6. Oraingo eta geroko belaunaldiei behar besteko babesa emango duten aurreikuspen sozialaren sistemak bultzatzea, Gizarte Segurantzaren erregimen publiko batean eutsirik. Eta, arlo horretan, Aurreikuspen Sozial Osagarriaren Plana abian jartzea eta Euskadiko Borondatezko Aurreikuspen Sozialeko Erakundeen Legea eguneratzea.
7. Oinarrizko lehentasunezkotzat jotzen dugu lan-istripuak gutxitzea; eta, horretarako, jarraituko dugu lan egiten prebenitze, konzientziatze, prestatze eta kontrolatze aldera.
8. Lanbidek jarraituko du izaten gure funtsezko zutabea enplegu-politiketan, eta legegintza honetan berori garatzen eta sendotzen jarraituko dugu.
9. Erakunde-elkarrizketa eta guztion –sindikatu zein enpresaburuen elkarte– arteko gizarte-elkarrizketa bultzatzea, akordioak lortzeko oinarrizko lanabes gisa, aldeekiko errespetua abiapuntu. Eta, ildo horretatik, elkarrizketako alde biko gaur egungo organismoen (LHK eta EGK) gaineko gogoeta sakonari ekingo diogu, euren funtzionamendua gaurkotze eta berpizte aldera.
10. Luze gabe, enpleguaren alde eta laneko ez-egonkortasunaren kontrako akordio sozial handia osatzeri ekingo diogu, enpresen lehiakortasuna, enpleguaren eta lan-harremanen kalitatea eta gizarte-babesa bateratzeko.

GIZARTERATZEA

Gizarte Bazterketaren arloa

Legegintza honetan garatzekoak diren ildo estrategikoak

Zuzenbide bikoitzeko gure eredua oinarritzat hartuta, Gizarteratze Zuzendaritzaren jarduerek hiru ildo estrategiko izango dituzte:

· Esku hartzeko lehenengo ildoa prestazio-programetarakoa da: oinarrizko errenta, gizarte-larrialdietarako laguntzak, enplegurako pizgarriak.
· Esku hartzeko bigarren lan-ildoa gizarteratze eta laneratzeko sistema garatzean datza: Enplegu eta prestakuntza politika aktiboak.
· Eta hirugarren ildoa, oinarrizko gizarte-zerbitzuen esparruan garatzen dena, giza baliabideak, baliabide ekonomiko eta materialak eta teknologikoak hobetzekoa izango da, bi eskubideak lotzea eta koordinatzea ahalbidetzeko, alegia: Gizarteratze hitzarmenak, gizarteratze eta laneratzeko prozesuak diagnostikatzeko lanabes informatikoak eta abar.

ESKU HARTZEKO LEHENENGO ILDOA: Prestazio-programak

Legegintza honen helburua da oinarrizko errenta pixkanaka-pixkanaka egokitzea eta handitzea, eta, horrela, berori jasotzen duten pertsonen bizi duina bermatzea. Hori bai, benetako gizarteratzea lortzeko prestatutako planetan eta ibilbideetan aktiboki parte hartzeko erantzukizunarekin lotutako eskubide moduan eratu behar da oinarrizko errenta.

2004an, Euskal Autonomia Erkidegoan, 28.889 jasotzaile titular erregistratu ziren (2005erako, 31.000 baino gehiago aurreikusten dira); eta, guztira, oinarrizko errenten 71.560 onuradun izan ziren.

Oinarrizko Errenten zenbatekoen hazkunde progresiboari eutsi zaio oso portzentaje garrantzitsuetan; 2001ean ehuneko 75ekoa izan zen, eta 2005ean, berriz, ehuneko 84,5ekoa, lanbideen arteko gutxieneko soldataren aldean (kide bakarreko bizikidetza-unitatearen zenbatekoa 379,27 €tik 505,73 €ra igaro da; ehuneko 30 baino gehiagoko hazkundea).

Orobat, garai berean, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak 19,53 miloi euro izatetik 25 milioi izatera pasatu dira, 30 milioi euroetara zabaltzekoak (ehuneko 35eko hazkundea); eta, aurreikusten denez, 2005ean, 23.000 onuradun baino gehiago egongo dira (2001ean, 15.770 izan ziren).

Legegintza honetarako konpromisoak:jarduerak

1. Gizarteratze Euskal Planaren (2003-2005) azken txostena ebaluatzea eta egitea.
2. Gizarteratze Bigarren Plana (2006-2010) egitea, eskubide bikoitzeko eredua egonkortze aldera: prestazio ekonomikoetarako eskubidea eta gizarteratze eta laneratzeko eskubidea. Plan hori gure gizartean ahulenak diren sektoreak ditu hartzaile bereziki (guraso bakarreko familiak, gazteak, emakumeak, luzaroko langabetuak, etorkizunak, toxikomano ohiak, eta abar).
3. Oinarrizko Errenta aberastasuna birbanatzeko mekanismoa da. Etxebizitza laguntza batekin osatuko dugu ostaturik ez duten eta gizarteratze eta laneratze prozesuetan sartuta daudenentzat (etxebizitza-beharrak asebetetzeko eskubidea gauzatzea).
4. Oinarrizko Errenta hazi egingo da, oraingo zenbatekoak 2006a bitarte Lanbideen arteko Gutxieneko Soldataren ehuneko 86ra heldu arte. Zenbateko horrek aurrera egingo du legegintza honetan, lanbideen arteko gutxieneko soldataren bilakaerari egokituz.
5. Gizarte larrialdietarako laguntzei eutsiko zaie, premia larriko egoerei aurre egiteko, dekretuan aurreikusitako eta oinarrizko errentak jaso ez dituztenentzat.
6. Ikerketa-diagnostikoa. Oinarrizko errenten jasotzaileen ikerketa diagnostiko bat egitea: sektoreak, ezaugarriak, kronifikazioa, mugikortasuna, eta abar, hori guztia gizarteratzeko eta laneratzeko erabaki espezifikoak ezartze aldera.
7. Enplegu eta prestakuntzako politika aktiboen programa berriak ikertze eta taxutzea, oinarrizko errentaren sistemaren barruan ahulenak diren sektoreentzat prestatua.
8. Lege-esparrua –Gizarte-bazterketaren kontrako Legeak eta Gizarte Eskubideen Gutunak osatua– berrikustea, arauen bidez egokituz, oinarrizko errenta pixkanaka unibertsal bihurtze aldera, emaitzak ikuskatzeko, fiskalizatzeko eta ebaluatzeko mekanismoak ere indartuz, gizarte-bazterketaren kontrako politikak zorroztasunez eta arduraz aplikatzeko. Era berean, legea aldatuko da etxebizitza osagarriari dagokionez.

ESKU HARTZEKO BIGARREN ILDOA: gizarteratze eta laneratzeko sistema garatzea.

Helburua da dauden programak bultzatzea eta enpleguko eta prestakuntzako politika aktiboak abian jartzea, oinarrizko errentaren sisteman kronifikatuen dauden eta gizarteratzeko eta laneratzeko zailtasun handiena duten sektoreentzat (guraso bakarreko familiak, gazteak, etorkizunak, emakumeak, toxikomano ohiak, preso ohiak, eta abar).

Legegintza honetarako konpromisoak: jarduerak

1. Laneratzeko enpresak sortzeko ekimen berriak sustatzea, laguntza beharra handia duten kolektiboak gizarteratzen eta laneratzen egiten duten lan aktiboarengatik.
2. AUZOLAN programa sustatzea, lan jarduera komunitarioa bultzatzen duena prestakuntza-prozesuak eta enpleguko programa pertsonalizatuak konbinatuz, gizarteratze-hitzarmenak sinatu duten oinarrizko errenten hartzaileentzat.
3. Politika aktibo berriak aplikatzeari buruz txosten bat egitea, oinarrizko errentaren sistemaren barruan ahulenak diren eta kronifikatuen dauden sektoreentzat.
4. INEM, Lanbide eta tokiko administrazioen arteko protokoloak egitea, enplegu eskaintza eta eskaerei buruzko informazioa eta prestakuntza programak trukatzeko.
5. Oinarrizko gutxieneko zerbitzuekin lankidetzan gizarteratze-programak garatzen dituzten irabazteko asmorik gabeko erakundeekin hitzarmenak ahalbidetzea, gizarteratze-hitzarmenen sinatzaileen ezaugarriei eta beharrei erantzunez.

ESKU HARTZEKO HIRUGARREN ILDOA: giza baliabideak, baliabide ekonomiko eta materialak zein teknologikoak, oinarrizko gizarte-zerbitzuen baitan.

Arlo horren helburua da oinarrizko gizarte-zerbitzuak berrindartzen jarraitzea, handitzea eta hobetzea, gizarteratze-prozesua zuzentzen eta tutorizatzen dituzten profesionalak sartuz, hasieratik lan-merkatuan era normalizatuan sartu arte, Gizarteratze Hitzarmen bat erabiltzailearekin hitzartuz.

Legebiltzarrerako konpromisoak: Jarduerak

1. Gizarteratze-hitzarmenak orokortzea oinarrizko errentaren eta gizarte larrialdietarako laguntzen onuradunen artean.
2. Oinarrizko gizarte-zerbitzuak sendotzeko teknikarien programari eustea, eta berori garatu eta handitzea.
3. Eginkizun horiek egiten prestatzeko profesionalentzako prestakuntza ikastaroak sustatzea.
4. Diagnostikoa eta Esku Hartze Sozialaren informatika-lanabesa ezartzea, gizarteratze- eta laneratze-prozesuak homogeneizatzeko eta euren kudeaketa errazteko.
5. Diagnostikoa eta esku hartze soziala kudeatzeko aplikatiboak Eusko Jaurlaritzaren programa nagusien kudeaketarekin osatzea: Gizarte Larrialdietarako Laguntzak, Oinarrizko Errenta, AUZOLAN programa, laneratzeko enpresak.

Familia arloa

Familia-politikak garatzea eta pixkana-pixkanaka gure Europako inguruneko herrialdetara egokitzea. Horixe da, hain zuen, legegintza honetako lehentasunezko helburuetariko bat.

Horrenbestez, familiari laguntzeko sistema integrala (2002an hasitako Planean, seme-alabak dituzten familiei laguntzekoan, aurreikusia) bultzatu eta garatu ere egin behar dugu hurrengo lau urteotan.

Legegintzarako konpromisoak: jarduerak

1. Familiei laguntzeko Plana (2002-2005) ebaluatzea.
2. Familiei laguntzeko lege proiektua egitea, laguntzen jardueren ildoak eta arloak ezartzeko.
3. Familiei laguntzeko bigarren Plana (2006-2010) egitea, Familiei laguntzeko I. Planean (2002-2005) jasotako erabakiak osatuz.
4. Euskal Autonomia Erkidegoan dauden familia-ereduei eta antzemandako eta adierazitako beharrei buruzko ikerketa bat egitea.
5. Familia Zuzendaritza sortzea, familia-politikak koordinatu, sustatu eta kudeatzeko.
6. Diru-laguntza berriak eta familia eta lana bateragarriak egitekoak abian jartzea:
a. Aurreneko semea edo alaba jaiotzeagatiko laguntzak, bigarren semea edo alaba jaiotzeagatiko laguntzak handitzea, eta, era berean, hirugarren eta hurrengo seme-alabak jaiotzeagatiko laguntzak handitzea.
b. Langile autonomoen eszedentziaren eskubide ekonomikoak eta lanaldi-murrizketa handitzea.
7. Laguntza beharra duten adineko, ezindu eta 2 urtetik beherakoentzako laguntzak abian jartzea.
8. Aipatutako laguntzen kasuan, familia-harrera, aipatutako laguntzen kasuan, adopzioak bezala hartzea.
9. Zero eta 3 urte bitarteko haurrentzako eskolen sarea sendotzea, haur eskoletarako laguntzak sustatzea; diru-sarrera txikiak dituzten familiei diruz laguntzea, eskolatze-kuotak, besteak beste, ordaintzeko, eta abar.

Ebaluazio-arloa

Arlo honen helburua da Gizarteratze Planaren eta Seme-alabak dituzten familiei laguntzeko Planaren taxutzearen, kudeatzearen eta ezartzearen segimendu eta ebaluazio etengabekoa egitea, eta ebaluazioak plan horiek sartzen dituzten programak –herritarren zerbitzura jartzen direnak– etengabe hobetzeko behar den mekanismotzat jotzea.

Agerraldiaren ondorioa

Ondorio gisa, Azkarraga sailburuak adierazi duenez, “hasi berria dugun legegintzaldi hau izango da inflexio-une bat izango da euskal autogobernuan eta gure herria normalizatzeko eta baketzeko ere bai (hori da gure itxaropena, gutxienez). Eta inflexio-gune batek, denon arteko elkarrizketa eta akordioa baliatuta, gizarte moderno batean hain oinarrizkoak diren kontuak ere jaso beharko ditu, hala nola, enplegua eta gizarteratzea zein laneratzea”.

”Gure helburua ez da izango, ordea, langabezia tasa puntu erdia gutxitzea edo lan-tasa ehunena areagotzea. Gure azken helburua, eta utziezina, ez da soilik izango enplegua sortzen jarraitzea, sortutako lanpostuak kalitatezkoak eta eskubidedunak izatea baizik”.

Hala, hurrengo hilabete eta urteotan pobrezia-tasa gutxitzea urrats bat baino ez da izango. Izan ere, gure helburuak segitzen du izaten pobrezia larririk gabeko gizartea osatzea, eta bestelako pobrezia eta giza bazterketa-motak gutxitzen jarraitzea. Eta, bazterketa- edo pobrezia-arazoak dituzten pertsonak daudenean, behar beste baliabiderekin erantzutea, premia-egoera horiek gainditzeko”.

Azkarragak legebiltzarreko batzordearen aurrean ondorioztatu duenez, “zifra handietatik haratago, euskal herritarrak daude, enplegua aurkitzeko arazoak dituztenak, gizarteratzeko arazoak dituztenak, bazterkeria-arazoak dituztenak eta pobrezia arazoak dituztenak. Gaizki jokatuko genuke baldin eta datuen azpian pertsonak –izen-abizenekin–, beharrak, sentimenduak eta nahiak daudela ahaztuko bagenu”.

“Seguru nago diagnostikoari zein hartu beharreko konponbideei dagokienez ados jartzen bagara, irtenbidea lortzeko aurrera egingo dugula. Horixe da agertu nahi dizuedana: elkartasun kontzeptua, eta laguntza emateko prest egotearena”, amaitu du euskal sailburuak.

Jatorria: Joseba Azkarraga