Martin Aranburu Karrera Egun aproposa da gaurkoa hango errealitateaz gogoeta batzuk egiteko. Bitxia izan da oso Estatutuaren prozesua, eta bitxia da gaur egun ere Katalunian dagoen egoera politikoa.
25 urtetan Estatutuaren kudeatzaile nagusi Convergenciak estatutu berriaren oinarri ezinbestekotzat jotzen du finantzaketa bermatuko duen sistema berri bat. Berau gabe, gainera, alferrikakoa ikusten du estatutu berririk egitea, eta, beraz, bere aldeko edo kontrako boz sistema berri horren baitan dago. Egoera eta erabaki zaila du CiUk. Aldeko boza emanez gero, beldur dira Maragall-ek ez ote duen arrakasta bere bizkarraren gainean hartuko; bestalde, kontrako boza emanda, Kataluniako iritzi publikoak CiU jo dezake Estatutu berri bat ez izatearen errudun nagusitzat, eta hauteskundeetan ordainarazi. Nire ustez, oso zaila izango litzateke CiUrentzat Maragall-ek lehen lege agintaldian estatutu berria lortzea, are eta gehiago beraiek 25 urtean egin ez zutela kontuan hartuta. Hori dela eta, CiUk aurka bozkatzeko aukera emango dion aitzakia ulergarri bat behar zuen: kontzertu ekonomikoa aldarrikatzea.
Halere, edukiak aztertuz, badaude erreparatu beharreko hainbat gauza. Testu berriarekin hobekuntzak eta onurak izango direnik ez dut zalantzan jartzen; izan ere, hizkuntzaren arloan eta Kataluniako gobernuak izango dituen eskuduntzen inguruan hobekuntza nabarmenak baitaude. Badago, ordea, testu berri horren bidez, Kataluniak bere buruari ezartzen dion zuzendu ezinezko zigorra eta akatsa. Lurraldetasunaz ari naiz mintzatzen. Oso beharrezkoa dute kataluniarrek autogobernu berri bat, besteak beste, nazkatzekoa baita norberaren zergekin Espainiaren aurrekontuaren balioztatzaile nagusia izatea, bertan erabili ezin diren errekurtsoak Madrilera doazela ikusita. Hizkuntza eskubideak, eskuduntzak, finantzaketaŠ eta beste hainbat gai zuzendu beharrekoak ziren. Zalantzarik gabe. Ez dezagun, ordea, elementu garrantzitsu bat ahaztu: nazioaren definizioa. Prozesu honen bidez Katalunia nazioa dela onartuko dute espainiarrek. Horretan datza, hain zuzen, Kataluniako abertzaletasunak izango duen galerarik handiena: Mallorcan, Valentzian, Estatu frantsesean eta Aragoin dauden lurralde katalanek osatzen duten kontzeptu politikoa hil egiten da. Paisos Catalans edo herrialde katalanak hiltzen dituzte. Ez espainiarrak, kataluniarrak baizik. Inon ez da aipamenik egiten edo irekita geratzen den xedapen edo artikuluren bat. Inon ez. Estatutu hori onartzen bada, legalki, Katalunia Tarragona, Girona, Lleida eta Bartzelonara mugatzen da, eta hizkuntza katalana lurralde horietara soilik. Gogorra da oso bidezkoa den aldarrikapen politiko bati Kataluniako abertzaletasunak berak uko egin izana. Eta gogorragoa, alderdi politiko guztiek ontzat jo dutela hilketa hori.
Jatorria: Martin Aranburu