Lehendakari andrea.
Legebiltzarkide jaun-andreok. Ohore handia da gaur zuen aurrean agertzea, hasi berri dugun legegintzaldi honetan garatu nahi genituzkeen jarduera-ildoak aurkezteko.
Aldez aurreko gai moduan –nire ustez, funtsezkoa–, argi utzi nahi dut Sail honetan egingo dudan agintaldia gidatuko duen printzipioetako bat zuen aurrean kontuak ematea izatea nahi dudala, herri-borondatearen ordezkariak baitzarete. Niretzat, betebehar saihestezina eta aldi berean herritarren eskubide baztertezina da zuei kontuak ematea.
Hori, gainera, honela uler dezazuen nahi dut, alegia, erabat prest naukazuela zuen informazio eta azalpen-eskaerei erantzuteko. Eta eskari horiek legegintzaldi honetan zehar gure Sailetik bultzatzen ditugun eta azkenean Legebiltzar honetara ekartzen ditugun ekimenen inguruko eztabaida eta partaidetza prozesu bihur daitezela.
Lehenik eta behin, bidezko deritzot -8/2005 dekretuaren arabera, hain zuzen-, Sail honen izena Ingurumen eta Lurralde Antolamendua dela aipatzeari. Oraingo egitura bi sailburuordetzatan antolatzen da: bata, Ingurumen Sailburuordetza; bestea, berriz, Lurralde Antolamendu eta Uren Sailburuordetza. Lehenak honako zuzendaritza hauek hartuko ditu: Ingurumenaren Plangintza, Ebaluaketa eta Kontrolerako Zuzendaritza; Biodibertsitatearen eta Ingurumen Partaidetzaren Zuzendaritza; eta Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritza, zeinari IHOBE sozietate publikoa atxikitzen zaion. Bigarrena, berriz, honako hauek osatuko dute: Lurraldearen Antolamendurako Zuzendaritzak eta Uren Zuzendaritzak, eta horrela bi gai-sail horien artean dagoen erlazio nabarmena islatuko da.
Ikusten duzuenez, bi aldaketa egin dira. Lehena, Biodibertsitatearen Zuzendaritza, Ingurumen Sailburuordetzan berkokatu da, hori baita berez dagokion arloa. Bigarrena, berriz, hiriko lurralde-antolamendua eta plangintza hidrologikoa, sailburuordetza bakar batean elkartu dira, ez baita posible lurralde bat behar bezala planifikatzea, plangintza hidrologikoaren gidalerroei bizkar emanez.
Era berean, Eusko Jaurlaritzaren Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legea betetzea, enbor-osagaietako bat izango da, burutu nahi ditugun politiken eta jardueren multzoan.
Lehen lehenik, Euskal Herriko Iraunkortasunerako Konpromisoan bildutako printzipioak azpimarratu nahi ditut: kode etikoa; gizartearen kohesioa eta partaidetza; arreta-oinarria; ikuspegi integratua; ekoeraginkortasuna; eta plangintza estrategikoa. Horra gure zutabeak, eta horien gainean oinarritzen da gure Sailak eta Eusko Jaurlaritza osoak garapen iraunkorraren alde egin duten apustu sendoa.
Eta apustu horretan, bide horretantxe, uste dut oinarrizko zeregin bat dugula. Alegia: iraunkortasunaren kulturaz kontzientzia hedatzea; eta garapen sozio-ekonomikoko egitasmoei ikuspegi ezberdin batez heltzea, ingurumenaren irizpidea ere kontutan hartuta.
LEGEGINTZALDIRAKO LERRO NAGUSIAK
Oro har, azpimarratu behar dugu Sail honek bultzatzen dituen politika guztiak honako printzipio hauek gidatuko dituela: gardentasuna eta informazioa; partaidetza; eta erakundeen arteko elkarlana.
Lehenengo prinzipioari dagokionez, gardentasuna eta informazioa, administrazioaren ekimen guztietara zabaldu behar dira, ingurumenaren aurkako erasoak, eta berauen egileak barne. Hau guztia, jakina, guztiz lotuta dago informazioaren arloarekin, non egungo tresnak garatzen ahalegin berezia egingo dugun.
Era berean, partaidetza hauspotuko dugu. Batetik, ingurumen-prozeduretan herritar guzti-guztien parte hartzeko aukera ziurtatuz. Eta bestetik, gizarte-partaidetzako organoen garapena indartuz, hala nola Ingurugirorako Aholku Batzordea, Lurralde Politikarako Aholku Batzordea, NATURZAINTZA Euskal Herriko Natura Babesteko Aholku Kontseilua edo Uraren Kontseilua, gizarte-eragile eta sektore guztiek parte hartzeko bidea izan dezaten.
Ahaztu gabe, jakina, erakunde arteko zein sail arteko lankidetza indartu beharra dagoela, ingurumen-politikari dagokion zeharkakotasunetik abiatuz, eta dauden organoetan lan eginez (Ingurugirorako Batzordea eta Euskal Herriko Lurralde Antolamendurako Batzordea).
Izan ere, Garapen Iraunkorraren Euskal Ingurumen Estrategiak (GIEIE) ezartzen duen bezala, argi dago iraunkortasuna, xede gisa, ez daitekeela lortu bakarrik inguru-politika baten ezarketarekin. Politika hori ezartzea ez ezik, beharrezkoa da ingurumenaren integrazioari ere ekitea, modu horizontal eta zeharkakoan, politika guztietan, eta batez ere ingurumenaren gainean inpaktu-ahalmen berezia duten sektoreak daudenenetan, hala nola garraioan, energian, industrian edo nekazaritzan.
Gure gobernu-ekintzaren lerro nagusiak -Sail honen politikaren lehentasunezko zutabe edo proiektu estrategikoetako batzuei arreta berezia jarrita-, honako DEKALOGO honetan laburtzen dira:
1. Garapen Iraunkorraren Euskal Ingurumen Estrategia eta Ingurumeneko Esparru-Programa (2006-2010)
Dakizuenez, Jaurlaritzak, 2002. urteaz geroztik, Garapen Iraunkorraren Euskal Ingurumen Estrategia dauka, 2002-2020 urteetarako. Estrategia hori, hain zuzen ere, bost xederen inguruan egituratzen da:
a. Aire, ur eta lurzoru garbiak eta osasungarriak bermatzea,
b. Natur baliabideen eta hondakinen kudeaketa arduratsua lortzea,
c. Natura eta biodibertsitatea babestea,
d. Lurralde-oreka eta mugikortasuna bilatzea, eta
e. Klima-aldaketan dugun eragina mugatzea
Bost xede horiek, aldi berean, beste bost baldintzatan oinarritzen dira:
1. Ingurumen-irizpidea beste politika batzuetan integratzea
2. Indarrean dagoen legeria eta bere aplikazioa hobetzea
3. Merkatua ingurumenaren alde lan egitera bultzatzea
4. Herritarrak, administrazioa eta enpresak gaitzea eta erantzunkidetzea, eta haien jokabideak iraunkortasun handiago baterantz aldatzea, eta
5. Ingurumenaren arloko ikerketa, garapen teknologikoa eta berrikuntza babestea
Estrategia horren harian, gure lehenbiziko erronka Ingurumeneko Esparru-Programa (2006-2010) berria prestatzea izango da. Aipatu ditudan xede horietako bakoitzean gauzatu beharreko ekintzak bertan zehaztuko dira.
Hartara, Sail honek hiru urterik behin prestatzen duen Ingurumenaren Egoerari buruzko Txostenean oinarrituz eta inplikatuta dauden administrazio, gizarte-eragile, unibertsitate, teknologi-gune eta hezitzaile guztien partaidetzaz baliatuz, hausnarketa-prozesu zabal bati ekingo dio, ingurumen-ekintzak bultzatu behar duen zeharkakotasun-printzipioa betetzeaz gain, Estrategiaren jomugetara hurbilduko gaituzten ekintzei lehentasuna eman ahal izateko.
Toki-eremuan ingurumen-politika planifikatzeko eta betearaztea ere udalerri guztiekin elkarreragitea oinarrizko osagaia da gure ingurumen-politikan. Ildo horretatik, hona
hemen aurreikusi ditugun jardunetako batzuk: Toki Agenda 21en ezarpen-prozesuak bultzatzea, Iraunkortasunerako Euskal Udalerrien Sarearen (Udalsarearen) baitan, bai eta sareko kide diren udalerrien tokiko ekintza-planak betearaztea ere, helburu argi batekin: hurrengo legegintzaldi honetarako, EAEko udalerri guzti-guztiek ezarrita eduki dezatela Agenda 21.
2. Klima-aldaketaren aurkako borroka
Berotegi-efektuko gasak Euskal Autonomia Erkidegoan murriztea, Kiotoko Protokolotik eta Igorpen-Eskubideen Merkataritzari buruzko arauetatik eratortzen diren betebeharrak aplikatzearen ondorioz, lehentasun osoko helburua da gure ingurumen atmosferikoa hobetzeko.
Horretarako, legegintzaldi honetan zehar, Klima-Aldaketaren Aurka egiteko Euskal Plana prestatuko da, eta Klima-Aldaketaren Euskal Bulegoa sortuko da. Erakunde horrek Eusko Jaurlaritzak klima-aldaketaren arloan izango duen politika gidatu beharko du, hainbat udalen eta beste eragile batzuen laguntzaz.
3. Biodibertsitatea
Ingurumen-estrategiaren esparruan –eta, zehazkiago, estrategiaren hirugarren xedearen inguruan (“biodibertsitatea eta natura babestea”)–, Biodibertsitatearen Esparru Estrategikoa garatzeari ekingo diogu. Honako ardatz nagusi hauek biltzen dira esparruan: Natura 2000 Sarearen garapena (espezie mehatxatuen babesa, korridoreen sistema eta biodibertsitatearen behatokiak sortzea); Hezkuntza eta ikerketa biodibertsitearen arloan; eta Espazio babestuen kudeaketa, hobekuntza eta zabalkuntza.
4. Herritarrak erantzunkidetu eta inplikatu
Estrategiako 4. baldintzarekin (herritarren, administrazioaren eta enpresen erantzunkidetasun kontzeptuan eragiteari buruzkoarekin) bat etorriz, eta kontsumo-azturak eta ildoak eraldatzeko helburuarekin, garapen-eredu iraunkorrago bat lortzearren, balio estrategiko oso handiko bi proiektu planteatzen ditugu.
· Ingurumen aldetik iraunkorra den kontsumo-plan bat prestatzea eta izapidetzea, kontsumitzailearengan eragiten duten Jaurlaritzaren ekintza guztiak koordinatzeko. Plan horren helburua da eragileak informatzea beren jardueren eta azturen eraginez, modu iraunkorrago batean kontsuma dadin sentsibilizatu eta prestatzea, eta merkatuan gero eta produktu egoki gehiago edukitzea.
· Global Action Plan (GAP) nazioarteko programa zabaltzea. Programa hori Nazio Batuen Ingurumen Programak (NBIP) babesten du. Gaur egun, Urdaibai Biosfera Erreserban eta Debabarrena eskualdean jarri da martxan, eta emaitza oso arrakastatsua izan du. Programon xedea hauxe da: “etxeko eguneroko jarduerek ingurumenean duten eragina murrizten duten portaera-azturen sail bat ezarri. Era berean, energiaren edo uraren kontsumoarekin lotutako hainbat jardueratan ere murrizketak lortu, bai eta ibilgailu pribatuaren erabileratik datozen gas-igorpenak gutxitu ere”.
5. Lurzoruaren kutsadura prebenitzea eta zuzentzea
Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko 1/2005 Legea onartu ondoren, Sail honen lehentasunezko osagaia da lurzoru kutsatuen arloko egiaztapen-jardueretarako erakunde egiaztatuen gaineko garapen-arauak prestatzea eta ondoren onartzea. Bai eta Lurzoruaren Erregistro Autonomikoa -Lurzoruen Inbentarioaren gaurkotzearekin lotuta, betiere- eta Lurzoru Kutsatuen Plana sortzea eta abian jartzea ere.
6. Euskadiko Uren Lege berria
Zalantzarik gabe, uraren politikak ikuspen integral bat eskatzen du, gai honetan eskumena duten administrazio guztiak inplikatuko dituen betearazte-tresnak dauzkana, alegia. Izan ere, Sail honek helburua du Legebiltzar honetan beraurkeztea EAEko Uren Legea. Europar Esparru-Zuzentarauak (2000/60 zuzentarauak) agintzen duena biltzeko eta Uraren Euskal Agentzia bultzatzeko helburuarekin, erakunde hori izango baita Euskadin uraren politika betearazteko tresna nagusia.
7. Lurraldearen antolaketako tresnen garapena
Arlo honetan, erronka bat dugu: lurralde orekatuagoa eta hurbilerrazagoa finkatzea. Lurralde horrek interes orokorreko gizartearen eta ekonomiaren arloko jardueren bideragarritasuna ahalbidetu behar du eta, aldi berean, nekazaritzako, hiriko eta itsasertzeko guneen ondarea eta aberastasuna babestu.
Horretarako, funtsezkoa da Lurraldearen Antolaketako Jarraibideak birformulatzea eta berriztatzea, irizpideen eta arauen multzoa eguneratzeari begira. Bai eta, orain arte egindakoari jarraipena emanez, aurreikusita dauden Lurraldeko Plan Partzialen eta Sektoreko Planen multzoa onartzea ere.
8. Merkatuko mekanismoen bultzada
Garapen iraunkorrak ekonomia indartsu bat eskatzen du, hazten den ekonomia, bai, baina aldi berean biztanleen artean modu orekatuan eta sozialki justuan oparotasuna sortzen duen ekonomia, alegia. Baina, gainera, sortu nahi dugun garapen-eredu iraunkorrarekin bateragarriak diren kontsumo eta produkzio-aztura batzuk sustatzen dituzten merkatuak behar ditu; hau da: eskaintzen diren produktuei eta zerbitzuei lotuta doazen ingurumen eta gizarte-kostuak prezioen sisteman barneratzera behartzen duten merkatuak.
Asmo honekin, EHU/Sarrikoko Ingurumen-Ekonomiako Gunearekiko elkarlana sendotuko dugu. Dagoeneko, elkarlan horren lehenengo fruituak ikusten hasiak gara: EAEko garraioaren kanpo-kostuen inguruko ikerketa, adibiderako. Bide horretatik jarraitzeko asmotan gara, beraz.
Ingurumen arloko zerga-sistemari buruzko hausnarketan ere sakondu egin beharra daukagu. Hari esker sortua da, honez gero, lehenengo Teknologia Garbien Euskal Zerrenda. Gero ere aipatuko dut zerrenda hori; izan ere, legegintzaldi honetan urtero berrikusi, zabaldu eta argitaratuko da.
Horretaz gain, Uren Legeak kanon ekologiko bat aurreikusten du, eta hondakinen isurketa-kanon baten diseinua ere prestatzen ari gara. Kanon horrek hondakin ez-arriskutsuen balorizazioa eta birziklatzea sustatzeko balioko du.
9. Ingurumen-Ikuskaritza Plana (2003-2007)
Ingurumen-araudia era eraginkortasun batean ezartzea eta kontrol eta ikuskaritza sistemak hobetzea dira, dudarik gabe, daukazgun tresnarik baliotsuenetakoak. Horretxegatik, eta 2001eko apirilaren 4ko honi buruzko iradokizunari jarraituz, gure Sailak arreta berezia eskainiko dio Ingurumen-Ikuskaritza Plana (2003-2007) garatzeari. Uste sendoa baitugu, industria-ekimenen etengabeko hobekuntza bermatzeko ezinbesteko lanabesa dela.
Planaren azken helburua ingurumena zaintzea eta haren kalitatea hobetzea denez, ingurumen-arriskuak prebenitzea eta kontrolatzea da lehentasun handieneko irizpidea, esku-hartzeei dagokienez. Hain zuzen, ingurumen legedia sustatzeko eta betearazteko ekimenak bultzatuz. Azpimarratu nahi dut, nire ustez garrantzi handia duen kontua: hau da, Plana indarrean jarri zenetik, industria-jarduna, ikuspegi integral batetik aztertzen dela.
2003-2007 Planaren baitan, gaurdaino, 244 industriren kontrola jarri da abian. Horietatik, kutsatzeko arrisku handiko ekitzetan dihardutenak 190 dira; 28, ingurumenaren ikuspegitik eremu berezietan ari dira; eta beste 26, berriz, ingurumen arazo zehatzak dituzten zonaldetan daude kokatuta.
2006garren urtean, berriz, kontrola beste 140 ekintza berrietara zabaltzeko asmotan gara, gehienak ere, kutsatzeko arrisku handikoak direlarik. Zonalde bereziei dagokienez, Zadorrako urtegi-sarean eragina izan dezaketen enpresak kontrolatuko ditugu, oraindik ere kopurua zehaztuta ez dagoen arren.
Datozen urteei begira, aurrera jarraituko dugu prozesu honekin, urteko 120 eta 150 ekintza inguru aurreikusiz, tamaina eta zailtasunaren arabera, betiere.
10. Iraunkortasunaren aldeko nazioarteko sareak
Euskadik nazioarteko eremuan duen parte-hartze instituzionalak interes nabarmena dauka: esperientziak trukatzea eta garapen iraunkorraren babesari laguntzea, filosofia honetatik abiatuta: “maila globalean pentsatu, toki mailan jardun”.
Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritza Garapen Iraunkorrerako Eskualde Gobernuen Sarearen (Nrg4sd sarearen) sortzaileetako bat izan da, eta, sortzaile denez, lidergo-papera izaten jarraituko du nazioarteko lankidetza-organo horretan, eta Sarearen kopresidentzia, Western Cape (Hego Afrika) eskualdearekin batera, 2005-2008 aldirako, eta Sareren idazkaritza teknikoa izaten jarraituko du.
Era berean, antzeko eremuko beste sare batzuetan ere parte hartzen jarraituko dugu, hala nola ENCORE Sarean (Europako Eskualde Gobernuei buruzko Ingurumen Biltzarrean); IMPEL sarea (Ingurumen Legea Betearazteko sarea); EIONET sarea (Ingurumen Informazio sarea); edo Pirinioetako Lan Elkartean.
Azkenik, harreman aktiboa izaten jarraituko dugu Nazio Batuen Ingurumen Programarekin (NBIP), izenpetuta daukagun lankidetza-hitzarmenaren bitartez.
Jarduera-multzo hau, konpromisoen dekalogo hau, izango da, beraz, gure Sailak datozen lau urteetarako prestatu duen ekintzaren bizkarrezurra.
Jatorria: Esther Larrañaga