Bizkaiko Batzar Nagusien lege proposamena aintzat hartu du Eusko Legebiltzarrak Eusko Alkartasuna legebiltzar taldeak aldeko botoa eman du gaur goizean Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkuran, honek Bizkaiko Batzar Nagusien lege proposamena aintzat hartzea erabaki duenean. Bizkaiko Batzar Nagusiek Auzitegi Konstituzionalari eta Botere Judizialari buruzko lege organikoak aldaratzea proposatu dute Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako foru organuek euren foru autonomia defendatzeko gatazkak sustatu ahal ditzaten Estatuko lege-mailako arauek euren autonomia erasotzen dutenean. Horrela, foru organuek Auzitegi Konstituzionalera jotzeko aukera izango lukete, eta ez bakarrik Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusira, orain arte gertatzen den moduan.
Eusko Alkartasunaren iritziz, Bizkaiko Batzar Nagusien lege proposamena zuzena, egokia eta zentzuzkoa da, baina dagoeneko ohartarazi nahi du ez duela inolaz ere onartuko eztabaida hau zenbait indar politiko Euskal Herria desegituratzeko erabiltzen saiatzea, diputazioei eta batzar nagusiei dagozkien eskuduntzak, batetik, eta Euskal Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari dagozkienak, bestetik, aurrez aurre ipiniz. Ildo honi jarraituz, Udal Legearen inguruko eztabaida berrartzearen aldeko apustua egiten du EAk, marko horretan gure herriaren egituraketari buruzko auzi guztiak berriz aztertu ahal izateko, Lurralde Historikoei buruzko Legea barne.
EAren aburuz, Bizkaiko Batzar Nagusien lege proposamena neurri eraginkorra da, juridikoki zein sozialki, baina ez da nahikoa izango foru organuen eskuduntza fiskalak babesteko, Juan Porresek osoko bilkuran adierazi duenez, are gutxiago politika fiskala hazkundea, gizarte kohesioa eta ongizatea bultzatzeko pribilegiozko tresna dela kontuan hartzen baldin badugu. Halaber, foru autonomia eta Kontzertu Ekonomikoa bera babesteko orduan, arazo nagusiak Europar Batasunan daudela nabarmendu du EAko legebiltzarkideak, inbertsiorako sustapen-neurriak eta Estatuen laguntzak arautzen dituen erregimenean, hain zuzen ere.
Jatorria: Eusko Alkartasuna