Elkarrizketa Onitnza Lasari BERRIA egunkarian Elebidunen kopuruak gora egin duen arren, euskararen erabilera ez da neurri berean hazi; horregatik, erabileraren esparruan nola eragin asmatzeko hausnarketa egin behar dela dio Lasak.
Ostiral goiza da, Gasteizko legebiltzarrean osoko bilkura egiteko eguna. Alde batetik bestera dabil Onintza Lasa, EAko legebiltzarkidea eta euskara arloko arduraduna. Plenoko egitekoak amaituta, eseri da elkarrizketarekin hasteko. Ordura arteko txapela kendu, eta euskararen gaiari heltzeko txapela jarri du. «Gu ohituta gaude bata kendu eta segituan bestea jartzera», dio irribarrez.
Kontseiluak dio euskararen normalizazio erritmoa kezkatzeko modukoa dela. EArentzat ere hala al da?
Euskal Herri osoaz ari bagara, hori frogatzen duten frogak badaude. Europako Adituen Batzordearen txostenak atentzioa deitu dio Nafarroako Gobernuari; azken batean, Nafarroan egiten den hizkuntz politika ez baita egokia. Iparraldeko datuak ere ez dira baikorrak, behintzat euskaltzaleon ikuspegitik. Euskara ez da ofiziala ere. Erkidegoan, aldiz, araudia dela medio eta egin den lanaren ondorioz, aurrerapausoak eman dira. Batzuentzat agian Euskararen Legea onartu zenetik hona gauza gehiago egiteko beta izan da; baina ezarri diren erritmoak hor daude. Hala eta guztiz ere, garrantzitsuena da arreta jarri zaiola eta arreta egon badagoela. Ez nuke esango, beraz, moteltzea gertatu denik, baizik eta gauza asko ditugula egiteko, baina bidean egon bagaudela.
Baina Administrazioaren euskalduntzea ez al doa mantso? 20 urteren ondoren, Osakidetzak duela gutxi onartu du euskalduntze plana, Ertzaintza euskalduntze prozesutik kanpo dago, plangintzak ez dira betetzen.
Orain dela 20 urte genuen egoera soziolingustikoa kontuan hartuta, normalizazio prozesua atalka egitea finkatu zen. Administrazioa agian ez zen lehen lehentasun gisa zehaztu, hezkuntza sisteman jarri ziren indarrak, eta orain Administrazioan erronka handia dugu. Legealdi honetako erronka izan behar du. Badago zer egina eta garrantzitsuena da hortaz kontziente izatea eta pausoak ematea.
Epeak, ordea, ez dira betetzen.
Araudiak jar daitezke, planak abian jar daitezke, baina euskalduntzeak inplikazio pertsonala ere eskatzen du eta ukaezina da Administrazioak baliabideak hor jartzen dituela. Beraz, bakoitzari dagokiona. Ez dira batzuek nahiko genituzkeen aurrerapausoak ematen, baina Administrazioak bere baliabideak jartzen ditu. Kezka badago, baina ezin dugu etsipenean erori eta pixkanaka bada ere, aurrera goaz.
Zuk aipatu duzun bezala, euskalduntzea, neurri handi batean behintzat, hezkuntza sistemaren gain utzi da. Duela gutxi Eusko Jaurlaritzak egindako azterketaren arabera, gazte asko eta asko ez dira gai euskaraz komunikatzeko. Zer gertatu da 20 urteren buruan halako datuak izateko?
Nik datuak ikustean sorpresa hartu dut. Horrek zer erakusten du? Ezin dezakegula hezkuntza sistemaren gain erantzukizun osoa jarri. Eskolan euskararen ezagutza bereganatuko dute, baina gero erabiltzea bermatu behar da. Ezin dezakegu ahaztu norberak hizkuntza bat erabiltzen duen heinean aberasten duela bere lexikoa. Ingurune askotan euskararen erabilera ikasketa eremura mugatzen da erabat. Ez baduzu inon euskara entzuten; ez baduzu zure bizitza garatzeko euskararen beharrik, inork ez badizu aisialdian, dendan edota tabernan euskaraz hitz egiten, euskara ikasgai bat baino ez da izango, eta horrek erabilera mugatzen du. Hor badugu gogoetarako esparrua.
Azkeneko mapa soziolinguistikoak hala dio: euskaldun berriei zor zaiela elebidunen igoera. Hiztun berri horiei ez bazaie erabilera bermatzen, urteotan irabazi dena 20 urte barru galtzeko arriskua ez al dago?
Hala da. 20 urtean 10 puntutan egin du gora euskarak, hau da, 200.000 hiztun berri irabazi ditu. Hiztun horiek batez ere eremu erdaldunetan bizi dira. Beraz, euskararen dentsitatea txikia bada, euskaldun berri batek non garatu behar du hizkuntza? Azken batean, hizkuntza prestigiatu egin behar dugu eta euskara bizitzako arlo guztietarako dela baliagarri erakutsi; bai lagunen artean komunikatzeko, bai lan mundurako, politikagintzan aritzeko, kirol mundurako… Urteotan hezkuntza sistemaren ondorioz lortu ditugun hiztun berri horiek ezin ditugu galdu. Euskaltegien bitartez, hiztun berriak geureganatu behar ditugu, baina gazte potentzialitate hori ezin dugu galdu.
EAEko Euskararen Legearen errebisioa eskatzen da. Zeintzuk dira gaur egun lehentasunezko eremuak?
Galdera zaila da, izan ere, lehentasunak finkatzen badituzu, badirudi gutxietsi egiten dituzula laugarren edota bosgarren puntuan aipatzen dituzunak.
Oraindik elebakar erdaldun asko ditugu. Ondorioz, helduen euskalduntze alfabetatzearekin jarraitu behar dugu, euskaltegien sarea bermatuz. Lan esparrua ere oraindik euskalduntzeko dugu, euskaldundu ditugun gazteak euskaraz egin dezaten. Tartean dugu Lanbide Heziketa; eta orain hezkuntza etapa hori euskalduntzeko bitartekoak ari gara jartzen, materialak, testu liburuak euskaldunduz, ziklo formatiboetan D ereduan eskaintza zabalduz… Hurrengo urteetako lehentasunak hor kokatu behar ditugu.
Euskara planak enpresaren borondatearen esku uzten dira. Ez dago hori nolabait arautzeko aukerarik?
Motibazioaren gaitasunean sinesten dut nik. Ez dakit behartu behar ditugun; ez dakit halako gauzak oso efikazak diren ere. Lan mundua euskaldundu behar dugu, hori garbi dago, baina euskalduntzea modu orokor batean ulertu behar dugu. Nire ustez, inportanteena da euskaraz hitz egingo dutenen kopuru esanguratsua lortzea, euskara naturaltasun osoz erabili ahal izateko, baita lan munduan ere.
Katalanek onartu berri duten estatutuan katalana lehentasunezko hizkuntzatzat (katalan guztiek dute betebeharra katalana ezagutu eta hitz egiteko) jaso dute. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatutu berriaren proposamenean ez zen halakorik jaso. Zergatik? Gaur egungo egoera politikoak ez du ahalbidetzen halako pauso bat ematea?
Legez inposatzen den kontu batekin lor daitekeena da, legez inposatzen den arlo horretan soilik erabiltzea euskara. Hori lor daiteke. Dena den, ezin ditugu begiak itxi, eta, ezin dira errealitate soziolingustikoak ahaztu, eta, bere hartan lege bat ezarri bat-batean betetzeko.
Baina, euskararen ezagutza legez eskatzea inposizioa da?
Ez, ez, ez; baina, kontrako efektua lor daiteke. Hor dugu, esaterako, Bertendonan itxi direnekin zer gertatu den. Gaia erabat politizatu da, gauzak nahastu egin dira. Niretzat euskara nire hizkuntza da, euskara Euskal Herriko hizkuntza delako, baina errealitate soziolingustikoak kontuan hartu behar ditugu plangintzak egiterakoan, helburuak, epeak zehazterakoan. Era berean, egia da euskaldunok lotsak kendu behar ditugula behingoz. Lotsarik gabe, pauso ausartagoak eman behar ditugu arlo guztietan.
Neurri ausartagoak hartzeko adostasuna badago?
Behintzat aurkako jarrerarik ez balego errazagoa litzateke, baina aurkariak ere baditu euskarak. Baina datuak hor daude: gaur egun guraso askok eta askok D ereduaren aldeko hautua egiten dute; hau da, euren seme-alabek euskara jakitearen alde daude. Beraz, euskarak badu harrobia eta harrobi hori ez galtzeko neurri ausartagoak hartzeko momentua da hau. Kolpetik ezin dugu dena aldatu, ordea.
Tokiko telebista digitalentzako lizentziak banatuko dira orain. Kuotak ezartzeko premia ikusten duzu?
Kuota sistema ezartzearen aldekoa naiz. Izan ere, euskaraz bizi nahi duten guztiei euskarazko komunikabideak kontsumitzeko aukera eman behar zaie. Ondorioz, hori aintzakotzat hartu behar dugu eta ausardiaz jokatu.
agurtzane solaberrieta – berria.info (05.11.13)
Jatorria: Onintza Lasa