Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna ospatzen den egun honetan, Eusko Alkartasunak, gainerako talde politikoek bezala, emakumeen aurkako indarkeria gaitzesten duen adierazpen instituzionala sinatu du Eusko Legebiltzarrean. Azken urteotan gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren alde aurrerapausuak eman badira ere, errealitateak argi eta garbi adierazten digu emakume asko eta asko oraindik tratu txarren biktima direla, etxean kolpatuak direla, kalean bortxatuak direla, prostituzioan aritzera behartuak ere bai, gatazka armatuetan emakumeen aurkako indarkeria gerra arma gisa erabiltzen dela…
Hemen ere, gure artean, asko dira indarkeria pairatzen duten emakumeak eta gero eta gehiago arrazoi honengatik euskal epaitegietan aurkezten diren salaketak: eguneko bederatzi iaz, hamaika aurten, urtarriletik ekainera bitartean. Datua, berez, positibotzat jo behar dugu, baina soilik erasoen %30 salatzen dela ahaztu gabe. Emakumeak euren erasotzaileak salatzearen beldur dira oraindik, kasu askotan instituzioengandik jaso behar duten babesa igartzen ez dutelako. Hemen datza, Eusko Alkartasunaren ustez, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren garrantzia, beldur hori gainditzen lagun baitezake. Batzuetan honelako ekimenek ez dutela ezertarako balio eman dezake baina, normalean ezkutuan dagoen errealitate bat begi aurrean jartzen diguten neurrian, gizartearen sentsibilizazio eta kontzientziazio maila handitzen dute, eta hori ezinbestekoa da lehen aipaturiko %30eko batezbesteko hori igo dadin, tratu txarrak pairatzen dituzten emakumeek salatzeko beldurra gaindi dezaten. Eta, noski, bitartean emakumeen eskubideak bermatzeko neurriak hartzea dagokie instituzioei, Berdintasunaren Legearen garapenaren bidez sexuen arteko berdintasun osoa lortu eta gaurkoa bezalako nazioarteko egunak beharrezkoak ez diren arte.
Hau guztia dela-eta, Eusko Alkartasunak bat egiten du gaur emakumeen kontrako indarkeria gaitzesteko antolaturiko ekimen guztiekin eta bertan parte hartzera deitzen du, arazoaren tamaina gizarteratzea eta kontzientziazioa ezinbesteko tresnak baitira emakumeen kontrako indarkeria errotik desagertarazi eta sexuen arteko berdintasuna bizitzaren arlo guztietan erabatekoa eta benetakoa izan dadin.
Jatorria: Eusko Alkartasuna