· Larrañaga eta Campos biltzen dira eskola-agenda 21 deritzon eskola-proiektu kolektiboan parte hartuko duten ikastetxe berriekin. Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuak, Esther Larrañagak, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak, Tontxu Camposek, ongietorria egin diete eskola-agenda 21 proiektuari gehitu zaizkion 137 ikastetxe berriei, gaur Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzako Areto Nagusian izan den ekitaldi baten bidez.
137 ikastetxe berri hauek proiektuari gehitzeak esan nahi du ikasturte honetan 253 izango direla EAEn Eskola-Agenda 21 ezarriko duten ikastetxeak. Lehen edizioan parte hartu zuten 41 ikastetxe, 11.886 ikasle eta 809 irakasle izatetik ikasturte honetako 253 ikastetxe, 86.000 ikasle eta 7.000 irakasle, EAEko guztizkoaren % 24, izatera pasa da azken hiru urtetan, % 600ko gehikuntza dena.
Ikastetxe berriek Eskola-Agenda 21en konpromiso-aktaren txartela jaso duten goiz honetako ekitaldian Ingurumen sailburuak, Esther Larrañagak, azpimarratu du etorkizun iraunkorrago baterako aldaketa-prozesuan ingurugiro-hezkuntzak duen garrantzia eta “hiritarrek parte hartzeko tresna sendo “tzat jo du Eskola-Agenda 21. Agenda horren bidez ikasleak herriko bizitzaren benetako protagonista bihurtzen dira.
Larrañagak gogorarazi zuenez, Eusko Jaurlaritzak, 2002-2020rako Garapen Iraunkorraren aldeko Euskal Ingurugiro-Estrategiaren bidez, bere gain hartu zuen ingurugiro-hezkuntzaren alorrean derrigorrezko irakaskuntzako ikastetxe guztiek Eskola-Agenda 21 2012rako ezartzearen aldeko konpromisoa.
Bestalde, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak, Tontxu Camposek, adierazi zuen bere sailak lehentasunezkotzat jotzen duela proiektua, hezkuntza-berriztapenerako ildoen barruan.
Horretarako, duela 15 urte INGURUGELA-CEIDA sarea sortu zen. Sail horretako 14 irakasle funtzionariok osatzen dute, irakasleei aholkularitza ematen diete eta haien programak bost ikastetxetan (BILBO, DONOSTIA, GASTEIZ, LEGAZPI eta URDAIBAI) sustatzen dituzte.
Sare honek ingurugiro-hezkuntzan berriztapenerako eskola-proiektuak bultzatzea du eginkizun nagusia.
Jatorria: Tontxu Campos