Euskal gatazkaren erresoluziorako baliagarria izango den parte hartzea
eskatuz zuzendu zaio E.T.A. erakundea nazioarteko zenbait erakunderi.
Era berean, Otegi nazioartean bereziki Europaren bermearen beharraz
mintzatu zen Euskadi Irratian orain bi aste. Eta azkenik, Oinarrizko
Hitzarmenerako Mahaia ere Europako legebiltzarrean sostengu-talde bat
eratzeko ahaleginak egiten ari da. Horrez gain, publikoki Euskalduna
Jauregian egindako azken ekitaldian, sortzear dagoen Konponbiderako
mahaiaren printzipioetako bat izan zedin planteatzen zuen. Mezu igorle
desberdinak, baina mezu eta mezu-hartzaile bera: nazioartearen bermea.
Zein da, ordea, nazioartearen benetako papera? Eta zehazkiago, zer da
nazioartea? Bi galderei batera erantzuten saiatuko naiz, nire iritziak
oso partekatuak izango ez direla jabetzen banaiz ere. Nire ustez,
gatazka armatu eta gatazka politiko baten erresoluziorako, nazioarteak
bi partehartze une desberdin ditu: lehendabizikoa fase erresolutiboa
hasi baino lehenagokoa, eta bigarrena, aldiz, akordioak sinatuta
daudeneko unekoa. Lehendabiziko unean elkarrizketan parte hartu behar
duten eragileen arteko mesfidantza gainditzea dakusat, non, pixkanakako
hurbilketak erraztuko dituzten eragileak aktibatu behar diren. Izan
ere, eragile desberdinen arteko mesfidantza ez dut uste gutxitzen
denik, baldin eta mugimendu edo elkarrizketa borondateak ez badira
nazioarteko eragile batzuen bitartez ere beste aldera iristen. Zuzenean
erakusten den borondateak bultzada izaten du alde batentzat zein
bestearentzat, baldin eta borondate hori ere beste nazioarteko eragile
batzuei igorri bazaie. Une horretan ikusten dut nik nazioartearen
lehendabiziko une eta funtzio garrantzitsua. Bigarren unea are eta
garrantzitsuagoa da. Alde desberdinen artean adostutakoa eta
sinatutakoa (sinatzen baldin bada) betearaztea, edo behinik behin,
adostu eta sinatu den bezalaxe beteko dela ziurtatzen saiatzea. Maiz
ikusi dira historian akordioak betetzeko garaian egiten diren
interpretazio desberdinek sortutako bake prozesu antzuak. Horixe
ekiditea da funtzioa, edo errealistagoak izatearren, bake prozesua
alferrik galduz gero, benetako erantzukizunak identifikatuak izan
daitezen eta gatazkan murgilduta jarraitu behar duen euskal gizarteak
zergatien egi desberdinak ezagut ditzan. Berea baldin bada azken hitza,
berea izan behar du ahaleginak ere, eta erruak desberdinduko dituen
epaiak. Zer da, beraz, nazioartea? Bi funtzioak azterturik, nahiko
garbi dut erantzuna. Alde desberdinek onartuko dituzten erakunde, talde
edo pertsonak. Ez gehiago eta ezta gutxiago ere. Aztirik ez dago, baina
bai ordea batzuentzat zein besteentzat fidagarriak izan daitezkeen
pertsonak edo erakundeak, edo, zergatik ez, bien konbinazioa. -
Jatorria: Martin Aranburu