Martin Aranburu Eguraldiak baino gehiago, egunkarietan irakurritako albiste batek murgildu nau gaur ezkortasunean. Atzo Salamancan lau mila pertsona inguru bildu ziren bertako artxibategiko paperak Katalunia bidean jarri dituen legearen aurka protesta egiteko. Zer pentsatua eman dit albiste horrek, eta pentsatzeak badu akats hori: ondorioak ez dira maiz gustukoak izaten.
Ondorioa bat eta nagusia: iritzi guztiak ez dira errespetagarriak. Ez, jaun/anderea. Guztiak ez. Beste pertsona baten eskubideak urratzen dituen iritzia ez da errespetagarria. Gezurrean oinarrituta dagoen iritzia ez da errespetagarria. Eskubideen urraketa bat helburu duen iritzia ez da errespetagarria. Entzun beharrekoa beti, aztertu beharrekoa ere bai, baina ez, aldiz, errespetatu beharrekoa. Are eta gutxiago onartu beharrekoa.
Salamancako biztanle asko izan dira kontzeptu hori erakutsi didatenak. Atzo lau mila izan ziren. Gai horrekin egin zuten lehendabizikoan, aldiz, askoz ere gehiago. Martxan daudenak herritarrak, baina beraien bozeramaile legez alkate jauna, zer esanik ez PPkoa, eta laguntzailetzat PPk Espainian zehar banatuta dituen kargu politiko guztien diskurtso xaxatzailea. Ustez, bozeramaile eta xaxatzaile bezala dabiltzan horiek maila intelektualen bat duten pertsonak omen dira. Omen diot, jarrerak eta argudioak aztertuz gero, lotsa eta nazkaren artean dantzan darabilten sentsazioa sortzen zaidalako buruan. Eta zer esanik ez, beraien ideia ez dut ez konpartitzen, ez onartzen ez errespetatzen ere.
PPkoek diotenez, artxibategia ezin da banatu. Gezurra. Artxiboa jada banatuta dago. Salamancan probintzia errepublikanoetan «lorturiko» dokumentuak daude bakarrik. Gerrate zibileko gainontzeko dokumentu guztiak bakoitza bere lurraldeko artxibategietan daude, PPk gobernatzen dituen probintzietako artxibategietako dokumentuak barne. Gerrate zibileko paperez gain, Espainiako erresuma osatu baino lehenagoko hainbat erresumatako artxibo guztiak lurralde desberdinetan daude: Mallorcakoak Mallorcan, Valentziakoak Valentzian eta Nafarroakoak Nafarroan. Aragoi-Kataluniako erresumako paperak salbu. Horiek baitira bakarrak gaur egun ere Madrileko administrazioaren jabegoa dutenak. Gezurrak baino ez. Kaleetan zeuden lau mila horiei ezin diezaiekegu hori jakitea eskatu, bai, ordea, xaxatzaile bezala dabiltzan PPko hainbat karguri. Eta jakin badakite. Sobera dakite.
Lau mila bilduko ote lirateke artxibategitik atera beharreko dokumentuak Bartzelona aldera beharrean Murtziaranzko norabidea hartuko balute? Jakina ezetz. Hartzailea da hemen askorentzat gakoa; ez, ordea, edukia. Askok, zintzotasunez, ez zuten benetako argudioa esateko arazo handirik izan, gainera.
Lanak izango ditu baten batek horrelako ideiak errespetatu behar direla konbentzitu nahi baldin banau.
Jatorria: Martin Aranburu