Legebiltzar Jardunaldien helburu guztiak bete dituzte bi alderdiek Eusko Alkartasuna eta Esquerra Republicana de Catalunya (ERC) alderdiek oso irakurketa positiboa egin dute azken bi egun hauetan eginiko XIII. Legebiltzar Jardunaldien inguruan, hasieran ezarritako helburu guztiak bete baitituzte. Batetik, aspaldidanik senidetuta dauden bi alderdi hauen arteko harremanetan sakondu eta batak zein besteak hainbat sektoretan abian jarritako ekimenak aztertzeko aukera eman digutelako; bestetik, legebiltzarkideek gaur egun gure nazioak bizitzen ari diren prozesu politikoen gorabeherak eta azken mugimenduak ezagutzeko parada izan dutelako. Jardunaldi hauek EAko afiliatuen eta militanteen artean piztu duten interesa eta ikusmina, gainera, agerian geratu ziren atzo arratsaldean, Santurtzin, Tolosan, Gasteizen eta Iruñean antolatutako hitzaldietan jende andanak parte hartu baitzuen. Honek, hiritarrek emaniko erantzun honek, garrantzi berezia dauka, benetan, EArentzat eta ERCrekin hasitako bideari jarraipena ematera bultzatzen gaitu.
Ikuspegi sozialdemokrata batetik, EAk eta ERCk Ongizate Estatua indartzearen aldeko apustu garbia egin dute Jardunaldi hauetan eta Administrazioaren aldetik sektore guztietan sustatu egiten diren politika guztien helburu nagusiak justizia soziala lortzea, gizarte eskubideak babestuz eta bermatuz, izan behar duela nabarmendu dute. Ongizate Estatuaren indartzea autogobernuarekin eta erabakitzeko eskubidearekin hertsiki lotuta dago. Autogobernua eta Ongizatea sinonimoak izan dira, eta dira, Euskal Herrian zein Katalunian, eta honexegatik erabakitzeko eskubidearen alde bi alderdiok egiten dugun apustua, autodeterminazioa, hitz batean, gure herrietan merezi dugun bizitza-maila lortzeko biderik motzena delako.
Jatorria: Eusko Alkartasuna