Elkarrizketa Unai Ziarretari BERRIA egunkarian Ongizate Estatuari buruzko hausnarketa egin eta Euskal Herriko eta Kataluniako errealitateak aztertzeko aukera izan dute EAk eta ERCk Eusko Legebiltzarrean egindako XIII. Jardunaldietan.
Unai Ziarreta EAko idazkari nagusia EAk eta ERCk egindako legebiltzar jardunaldien antolaketa lanetan ibili da. Ongizate Estatua indartzeko ekimenak hizpide nagusi izan badituzte ere, EAEko autogobernua eta Kataluniako Estatutua ere eztabaidagai izan dituzte atzo eta herenegungo lan saioetan.
Duela hamahiru urte hasi zineten EA eta ERC jardunaldiok antolatzen. Zein helbururekin?
Bi alderdien arteko harremanak 90eko hamarkadaren hasieran abiatu genituen. EA sortu berria zen, eta ERC oraindik alderdi txikia zen, eta nahiko egoera zailean zegoen. Carlos Garaikoetxea lehendakariaren garaitik sortutako harremana da EA eta ERCren artekoa. Orduan erabaki zen urtero jardunaldiak antolatzea, esperientziak komunean jartzeko eta bakoitzak bere herrian praktikara eramateko asmoz.
Zein izan da aurtengo jardunaldien helburu nagusia?
Jardunaldien oinarria Kataluniako Estatutua izan da. Izan ere, ERCk interes berezia dauka EAEko autogobernuaren eta finantzaketaren inguruan, haien egoerak eta beharrak hala eskatzen dielako. Horrekin lotuta, Ongizate Estatuaren inguruko hausnarketa egin dugu.
Eta zein proposamen egin dituzue?
Gaur egun Ongizate Estatua zalantzan jartzen ari da Europa osoan. Hemen, esaterako, pentsioak ere arriskuan daude. EAn uste dugu Jaurlaritzak gai horretan lidergo sendoa izan beharko lukeela, eta gai izan beharko lukeela pentsio sistema publiko bati eusten dion politika fiskala aurrera eramateko. Horretarako, Gizarte Segurantzaren eskumena eskatzearekin batera, Euskal Herriaren beharrizan sozial guztiei erantzuna emango dien zerga politika diseinatzea ezinbestekoa dela uste dugu. Alderdi moduan kezkatuta gaude, Jaurlaritzak gero eta aukera gutxiago dituelako politika horiek martxan jartzeko, Aldundien esku dagoelako zergen bilketa. Horrek guztiak eraikuntza nazionalari kalte egin diezaioke.
Ongizate Estatuak sistema fiskalarekin duen harremana ere landu duzue. EAk zein proposamen egiten ditu arlo horretan?
Sozietateen Zergarekin gertatutakoak argi utzi du beharrezkoa dela Eusko Jaurlaritzak sistema fiskalaren irizpideak finkatzea Eusko Legebiltzarraren bitartez. Guk, hala ere, haratago jon nahi dugu, eta EAEko lurralde egituraketaren erreformaren alde egin nahi dugu, egungo sistema eutsiezina baita.
Hezkuntza sistema edota herri egituraketarekin zerikusia duten gaiak ere mahai gainean izan dituzue.
Bai, gaur (atzo) Ongizate Estatua izan dugu mintzagai, eta, besteak beste, Joseba Azkarraga sailburuak legealdi honetarako ekimenen berri eman du. Halaber, ERCko diputatu Carme Capdevilak ere Kataluniako Gobernuak politika sozialetan sustaturiko ekimenak jakinarazi ditu. Astelehenean bereziki autogobernuaren inguruan jardun genuen. Joan Ridao Kataluniako Parlamentuko bozeramaileak Estatutuaren eduki nagusiak azaltzeaz gainera, negoziazioen nondik norakoen berri eman zigun. Juan Porres EAko legebiltzarkidea, berriz, EAEko autogobernuaren egoeraz mintzatu zen EAk landutako Burujabetza Legearen ikuspuntutik.
Zein ondoriotara iritsi zarete bi egun hauetan?
Batik bat esperientziak partekatzeko balio izan digute jardunaldiok. Kontua hartu behar da bi herrien errealitateak ez direla erabat parekagarriak: hemen, esaterako, eskubide historikoak aitortzearen aldeko apustua egiten dugu, eta Katalunian bide hori galdutzat eman dute. Elkarrengandik ikasteko balio digun arren, bi herrien errealitateak ezin dira parekatu. Argi dago guk Katalunian hitzartzen dutena begi onez ikusiko dugula, baina EAn bestelako helburuak ditugu, hots, erabakitzeko eskubidearen subjektua aitortzea da gure helburua. Alta, nazioaren ikuspuntuan bat gatoz bi alderdiok: Euskal Herria eta Katalunia nazio bi garela argi dugu bai EAk bai ERCk.
edurne begiristain – berria.info
Jatorria: Unai Ziarreta