Unai Ziarretaren aburuz, PSOEk CiUrekin hitzartutako estatutua Euskal Herrian onartezina da PSOEk CiUrekin hitzarturiko estatutuaren edukia Euskal Herrian «errepikaezina» da, EAk larunbatean prentsaurrekoan aldarrikatu zuenez. Unai Ziarreta, EAko idazkari nagusiaren hitzetan, «elkarren artean bi prozesuek funtsean oso antzekotasun gutxi dute eta han eztabaidagai diren kontzeptuak Euskal Herriak gaindituak ditu dagoeneko». Finantzaketa eta nazio izaeraren aitorpena aipatu zituen batez ere. EArentzat Kataluniakoa eta Euskal Herrikoa «bi errealitate dira» eta «autodeterminazio eskubidearen errespetua da» Euskal Herriko normalizazio prozesuan ezarri beharreko ardatz nagusia.
Hori dela eta, Katalunian bi alderdiek adostutakoa Euskal Herrian aplikatzeko tentaldia izan zezaketen alderdiei honako mezua igorri zien Onintza Lasa EAko komunikazio arduradunak: «Norbaitek PSOEk eta CIUk azkenean onarturikoa errepikatu nahiko balu, EAk argi utziko du herriaren interesak alderdi interesen gainetik daudela». Era honetara, bi alderdi horiek Kataluniako Parlamentuak aurrez erabakitakoa «gutxitzea» salatu zuen, eta CiUk «boterea eta kudeaketa berreskuratzeko» agertutako nahia gaitzetsi zuen. Horrez gain, 2004ko abenduaren 30ean, Eusko Legebiltzarrak gehiengo osoz onarturiko Estatutu Berrirako Proposamenaren bermea gogoratu zuen. Iragan astelehenean, urtea bete zen Madrilgo Kongresuak proposamena atzera bota zuenetik. Lasak haren oinarrien zilegitasuna berretsi zuen. «Euskal Herria subjektu politikoa da, eta hala denez gero, erabakitzeko eskubidea dauka». Nolanahi ere, alderdien mahaiari begira horiek aurrebaldintzak izatea ukatu zuen. Gatazkari konponbide iraunkorra emateko, baina, bi oinarrien inguruan adostasuna lortu beharko dela azaldu zuen.
Gehiengoa da giltzarria
Unai Ziarretaren ustetan, koponbidea bilatzeko alderdi guztien adostasuna desiragarria den arren, «horren ezean gehiengoaren borondateak» gidatu behar ditu egin beharreko aldaketak. Horrela ez balitz, «gutxiengoak gehiengoari bere ikuspegia inposatuko lioke, beto eskubidea izango luke». Ziarretaren hitzetan, «onartezina da horren aitzakian sakoneko gai horiei aurre ez egitea».
Bestalde, aste honetan osaturiko Kontseilu Politikoaren sorrera txalotu zuen EAk, «adiskidetze bidean aurrera egiteko tresna moduan» baliagarria iritzita. Alderdi politikoei egotzi zien, nolanahi ere, prozesuaren gidaritzaren erantzukizuna. Bakegintza eta normalizazio bidean ETAren ekintzek jarritako oztopoak ere salatu zituen Ziarretak. EAko idazkari nagusiak ETAri indarkeriari amaiera emateko eskatu zion eta alderdi politikoei bide demokratikoak jorratzen uzteko. Bere hitzetan, «orain prozesua kinka larrian izan liteke horrelako ekintzen eraginez, eta ETAk isilpean egindako lan guztia zapuztu dezake». Abiapuntu fasean baino ez omen dagoen prozesuak indarkeria gehiago jasango ez lukeela azpimarratu zuen Ziarretak.
Jatorria: Unai Ziarreta