Martin Aranburu Heldu da. Elkarlan politikoaren ezintasunaren aitzakia eta era berean oztopo gaindiezina izan den borroka armatuaren faktorea desagertu egin da oraingoz gure errealitate politikotik. Su-etena heldu da. Eta orain?
Su-etenarekin bi gauza lortu dira. Oso garrantzitsuak biak, baina bi besterik ez: Euskal herritar asko askoz ere lasaiago bizitzea, batetik, eta, bestetik, bake prozesu politiko bati bultzada indartsua ematea. Zalantzan ez dut jartzen ezinbestekoak eta zorionekoak direla bi ondorioak, eta denei bejondeigula. Halere, ez ditzagun okerreko ondorioak atera, eta egiteke dauden urratsak egintzat jo.
Ia dena dago lortzeke oraindik. Ez dugu bakerik Euskal Herrian. Erakunde armatu batek ez ditu hildako gehiago sortuko, ezta bere ekinbideak sortzen zituen hainbat pairamendu eragingo. Beste biolentziek hor jarraitzen dute bitartean. Ez dezagun ahaztu. Herenegun atxilotuak egon dira. Familia gehiago sufritzen. Asteburuan familia askok kilometroak eta kilometroak. Espero dezagun denak etxera itzultzea.
Alderdi batzuek legez kanpo jarraitzen dute. Ordezkari politikoak Auzitegi Nazionalaren bidean, epaiketa politiko baten biktima izateko itxura osoz. Beste alderdi batzuetako udal ordezkariak mehatxuan bizi dira oraindik, beren herrien interesak defendatzeagatik jarraituak eta presionatuak. Beste hainbatek, ordea, ezin dute nahi luketen funtzioa bete, beren eskubide zibilak kendu baitzizkieten.
Marko politiko-juridikoa ez da aldatu. Berdin jarraitzen du. Eta milaka euskaldunen giza eskubide kolektiboei muzin egiten zaie egunez egun. Espainol eta frantsesak onartuak dira munduan. Euskaldunak oraindik ez.
Ia dena dago lortzeke, hitz egiteke eta adosteke. ETAk urratsa egin du, baina lana hasi baino ez da egin. Ez dezagun pentsa aurrerantzean gauzak lasaiago egin daitezkeenik. Pairamenduak hor jarraitzen du forma eta intentsitate desberdinetan.
Asko aurreratu dugu, baina ez dugu ezer konpondu. Ez gaitezen erratu. Kontrakoa pentsatuz gero nahigabeko kaltea egingo diogu prozesuari. Elkarrizketaren aldeko defentsa egitean, baldintzez aritzen ginen behin eta berriz. Su-etena baldintza bat zen. Beraz, baldintzetan haratago joan gaitezen: elkarrizketa, adostasuna eta kontsulta. Non, noiz eta nola desberdinen artean adostu dezagun.
Bilboko manifestazioa da orain arte esandakoaren lehengo agerpidea. Bertan milaka euskaldunek bat egingo dute bake prozesuari bultzada emateko. Pozik denak, baina hasieran gaudela ahaztu gabe. Eta beste elementu bat aipatuz: Bake prozesuak herritarren inplikazioa beharko du aurrerantzean. Isilpeko lana ongi egin dute politikoek, eta lan horrek fruituak eman ditu. Hemendik aurrera bake prozesuak fase publikoa ere eduki beharko du, neurri batean alderdiek zuzendua, baina baita herritarren inplikazioarekin ere.
Jatorria: Martin Aranburu