EAko presidentearen berbetan, Zapaterok ´lan historikoa´ du egiteko. ´Madrilgo gobernua urrats garrantzitsuak ematen ari da, baina orain bete egin behar dira´, zehaztu du. Begoña Errazti Eusko Alkartasuneko (EA) presidenteak eskaera egin dio gaur Juan Jose Ibarretxe lehendakariari Jose Luis Rodriguez Zapaterorekin bilduko den egunaren bezperan. Hain justu, Ibarretxek Espainiako gobernuburuari ´euskal herritarren erabakia´ errespeta dezan eskatzea nahi du Erraztik. Halaber, EAk espero du Ibarretxek Zapaterori Kongresuak onartutako agiria betetzeko galdegitea.
Ser irrati-kateari eskainitako elkarrizketan, Zapaterok aurretik ´lan historikoa´ egiteko duela esan du Erraztik. EAko presidentearen esanetan, ´Gobernua urrats garrantzitsuak ematen ari da, baina orain bete egin behar dira´. Horren ildoan, Madrilgo gobernuak ETArekin negoziatzen duela eta erakunde armatua dagoeneko existitzen ez dela ikusi nahi du Erraztik
Ibarretxe bihar bilduko da Zapaterorekin Moncloan, martxoaren 22an ETAk su-eten iraunkorra iragarri ondorengo egoera politikoa aztertzeko.
Apirilaren 1eko manifestazioaren inguruan galdetuta, Erraztik erantzun du ez EA ez eta EAJ ere ez zirela euren erabakietan okertu. Jakina denez, Eusko Alkartasunak manifestazioarekin bat egin zuen, eta EAJ ez zen bertaratu. Erraztiren aburuz, bi alderdiek gai horren inguruan iritzi desberdina izan bazuten ere, erabakiak ez du eraginik izango hirukoaren eguneroko lanean.
Jatorria: Begoña Errazti