Topaketak hasiera ofiziala emango dio Garapen Iraunkorraren Euskal Ingurumen Estrategiaren PMA 2007-2010 Ekintza-Plana lantzeko prozesuari: “EAEko etorkizuneko ingurumena guztion artean diseinatzeko ibilbide-orria”. Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburu Esther Larrañaga euskal gizartearen arlo ezberdinetako pertsona ezagunekin bildu da, gaur goizean, Donostian, EAEko etorkizuneko ingurumena aztertzeko, bere sailak sustatu duen Garapen Iraunkorraren Euskal Ingurumen Estrategiaren PMA 2007-2010 Ekintza-Plana egiteko prozesuaren baitan.

Sailburuaren hitzetan topaketa honen helburua da “gure ingurumen eta garapen iraunkorreko politika alderatzea pertsona horiek EAEko gaur egungo zein etorkizuneko errealitate sozial eta ekonomikoari buruz duten ikuspegiarekin”. “Azken batean, gure ingurumen politika etorkizuneko gizartera egokitu nahi dugu, izan ere, XXI. mendeko Euskadiren norabidea ezagututa bakarrik hartu ahal izango ditugu ingurumenari dagozkion erabaki egoki eta aproposak”.

Hilabeteetako lanaren aurkezpen ofiziala egingo dute gaurko bileran. Lan horren bitartez, Sailak bidean jarri du Garapen Iraunkorraren Euskal Ingurumen Estrategiaren PMA 2007-2010 Ekintza-Plana egin ahal izateko diseinu, parte hartze eta hausnarketa prozesua. Larrañaga sailburuaren hitzetan, “dokumentu hori datozen lau urteetan ingurumenaren iraunkortasunaren ildotik izango ditugun helmugen eta ekintzen ibilbide-orria izango da.”

Bestela esanda, ekimen honen helburua “guztion parte-hartzearekin ingurumenaren etorkizuna diseinatzea” da. Sailburuak gogorarazi digu martxoaren 13 eta 14an enpresa- eta gizarte-foroa eratu zirela. Enpresa-foroa honako taldeen ordezkariek osaturik dago: talde ekologistak, sindikatuak, kontsumitzaileen elkarteak, gazteak, unibertsitateak, komunikabideak, etab. Eta, bigarrena, berriz, honako taldeen ordezkariek osatuta: enpresarien konfederazioak, enpresa handiak, ikerketa zentroak, elkargo profesionalak eta enpresarien elkarteak. Foro biek dute funtzio komun bat: EAEko ingurumenaren egoeraz eztabaidatu, gero helburuak eta jarduerak aztertu eta proposatu ahal izateko, lehenengo kasuan, biztanleen iraunkortasunaren ikuspegitik begiratuta, eta, bestean, enpresa-iraunkortasunarenetik begiratuta. Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuak helburu eta jarduerok bere saileko politika publikoetan txertatzeko konpromisoa hartu zuen.

Parte-hartzea bermatzea “sailak bultzatzen duen prozesuaren giltzarria” da, eta hori, aipatutako bi foroez gain, beste erakunde espezifiko batzuekin osatuz bideratu nahi dute, hala nola, Aholku Batzordea −ingurumenaren eta garapen iraunkorraren esparruan ospe handiko pertsonekin osatua, prozesu osoa gidatuko duten aholkulari teknikoak−, sail arteko eta erakunde arteko batzordeak eta “ingurumena.net” orrialdearen bitartez jasotako parte-hartze zuzena.

Esther Larrañagak prozesu hau izendatzeko “parte hartzeko hausnarketa-prozesua edo parte hartzeko prozesu hausnartua” hitzak erabili ditu, eta esan beharra dago prozesu horri udazkenean eman nahi diotela amaiera, eta horretarako, Garapen Iraunkorraren Euskal Estrategiaren PMA 2007-2010 Ekintza-Plana jendaurrean aurkeztuko dute. Sailburuak berretsi egin du dokumentu hori izango dela EAEko etorkizuneko ingurumena diseinatuko duen ibilbide-orria.

Jatorria: Esther Larrañaga