Berandu baino lehen, alderdiek «alde askotako espaziora» pasatu behar dutela uste du Begoña Errazti EAko lehendakariak. Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko elkarrizketak «paraleloan» joan behar du. Gustura dago Begoña Errazti EAko lehendakaria (Barakaldo, 1957). Egoera politikoarekin eta bere alderdiak azkenaldian egindako lanarekin. Azken egunotan denbora asko eskaini die gainontzeko alderdiekiko harremanei. Bilera batzuk argazki eta guzti izan dira, beste batzuk argazkirik gabe.

Bi aste iragan ondoren, zer balio edo esanahi ematen diozu ETAren su-etenari?

Poza sentitzeko momentua da. Hori heldu da lan bat egin dugulako. Zabaldu dugu jokaleku berri bat eta posibilitate asko herri gisa. Indarkeriarik ez dago, beraz, aitzakiarik ez dago politikaz hitz egiteko eta gatazkaren mamira joateko. Hain zuzen, herri bat garela, nazio bat garela, beraz, eskubideak ditugula eta eskubide horien artean, gure etorkizuna zein den erabakitzearena.

Hasi den garai berria, beraz, gatazkaren mamiari heltzeko eta gatazka behin betiko konpontzeko izango da?

Noski. Orain ez dago aitzakiarik. Zentralismotik ezin da argudiatu indarkeria dagoela. Orain konponbiderako politika egiteko momentua da. Gatazka politiko bat dago. Urteetan argi gelditu da herri honek erabaki nahi duela, besteak beste, zein diren bere harremanak estatu espainol eta frantsesarekin. Garai interesgarria da. Zailena dator orain. Politikariei ardura handiarekin gurea defendatzea dagokigu, ikuspuntu demokratiko batetik. Demokrazian sakontzea baita erabakitzeko ahalmena bultzatzea.

Nondik hasi? Zein dira lehentasunak EAren iritziz?

Hasitako lanarekin jarraitzea. Lan batzuk egin ditugu, ondorio batzuk daude. Hasi dugun lanarekin jarraitu behar dugu. Alderdi politikoen arteko elkarrizketak hasi dira, baina ez dira bukatu. Jarraitu egin behar da. Hasi ginen kontrasteak egiten. Ez denon artean, egia da. Jarraitu behar dugu, eta denon artean izatera heldu behar dugu. Ez gara hutsetik hasiko. Orain planoak handituz joan behar dugu. Orain arte, alde biko harremanak izan dira… Eta zenbait espaziotan zabalagoak ere bai. Oinarrizko Hitzarmen Demokratikora heltzeko, eztabaidarako espazio bat sortu genuen, eta hor dago. Edo Eginon… Praktika horrekin jarraitu behar dugu, eta alde askotako espaziora pasatu behar dugu. Alderdi mahaira edo konponbide mahaira heldu beharko dugu. Ezin dut eperik jarri. Baina badakit sakondu behar dugula orain arteko harreman eta kontraste lan horretan. Argi dago, paraleloan Espainiako Gobernuak gauzatu behar du Diputatuen Kongresuan onartu zen ebazpena. Berari dagokio ETArekin hitz egitea eta presoena eta holako gauzak konpontzea. Alderdi baten ikuspuntutik, alderdien artean hasitako lan horretan jarraitu beharra dago. Denon artean aritu beharko dugu, baina beharrezko ikusten dut nazio mailan ikuspuntu berdintsuak dauzkagun alderdien artean lehentasunak zehaztea.

Elkarrizketak garatzeko fasean Batasuna legez kanpo izatea, noraino izan daiteke arazo bat eta nola konpon daiteke?

Gurekiko elkarrizketetarako, Batasunaren legez kanporatzea ez da izan oztopo bat. Beste batzuentzako ere ez. Eszenatoki berri honek ez du esan nahi dena konponduta dagoela. Atzean konpondu beharreko hainbat gauza daude: itun antiterrorista, horren ondotik etorri zen Alderdien Legea eta abar. Zuzenbide estatuko balio eta eskubideak ukituak izan dira. Hori konpontzeko ardura nagusia PSOEk du, Espainiako Gobernuan dagoelako. Benetan apustua egiten badu gauzak aldatzeko, normaltasun osoarekin bizi eta konponbidearen bidea landu nahi badu, alderdi sozialistak lege hori ezeztatu behar du. Konponbidea ezegonkortzeko planteatu diren hainbat neurri deuseztatu behar ditu. Onartu behar du PP-PSOE ituna ez zela demokratikoa izan. EA agertzen zen sarreran; zerikusi genuen guk hor?

Aurrekoan Grande Marlaska epaileak debekatu zuenean BECeko ekitaldia beste ekitaldi bat antolatu zen. Berriz gerta daiteke hori?

Nik uste beste eszenatoki batean gaudela. Salatzekoa da nola judizialki bultzada politikoa eman izan duten zenbait pertsona eta sektorek. Orain alderdi sozialistari dagokio. Bere indar guztia ipini behar du egoera hori bukatzeko. Bestela nola sinistuko dugu?

Kezkatzen zaitu Ertzaintza Batasunaren prentsaurrekoei buruzko txostenak egin eta Grande Marlaska epaileari igortzen aritzeak?

Bakoitzak bere arloa dauka. Epaile batek zerbait agintzen badio polizia judizialari Ðkasu honetan, ErtzaintzariÐ, bete egin behar du. Hori hola da, hori da zuzenbide estatua. Grande Marlaska, azken batean, legea betetzen ari da. Arazoa ez dago hor. Arazoa, benetan, lege horretan, itun antiterroristan eta PP eta PSOE alderdietan dago. PSOEri dagokio ezeztatzea Alderdien Legea. Batzuek orain arte bultzada politikoa erabili dute, ados, baina hori guztia esanda alderdi sozialistari dagokio benetan ahalbidetzea, eta onartzea politika egiteko momentua dela.

Nola ikusi duzu Zapateroren eta Ibarretxeren arteko bilera?

Ez dago aitzakiarik, politikaren denbora da bakar-bakarrik. Zapaterok orain onartu behar du zer dagoen hemen, zer nahi duen gizarte honek eta boto bidez martxan jarri diren zenbait proiektu. Badago estatutu bat onartuta eta zilegitasuna daukana. Zapatero jaunak onartu beharko luke lehendakaria berarekin dagoenean zer ordezkatzen duen. Instituzioaz gain, aldatzeko gogo handi hori ordezkatzen du, eta konponbidearekin engaiatua dagoen gizarte bat.

Ibarretxe lehendakariak bi kontzeptu nabarmendu zituen: euskal gizartearen protagonismoa eta euskal herritarren erabakiekiko errespetua. Horiek izango dira prozesuaren gakoak?

Horiek eta aitortza. Nazio guztiak bezala, herri guztiak bezala, herri honen erabakitzeko gaitasuna onartu egin behar da.

Asteazkenean Begoña Lasagabasterrek Zapaterori galdetu zion herri borondatea errespetatzeko printzipioaren esanahiaz. Zer iruditu zaizu erantzuna? Ez al du mugatzen herritarren erabaki ahalmena egungo legalitatera?

Argi dago nazio espainola defendatzen dutenei oso zaila egiten zaiela onartzea Ðherritarren erabakiarekin eta bide demokratikoak erabilizÐ beste errealitate estatal bat dagoela. Edo beste mota bateko harreman batzuk, edo, zergatik ez, independentzia. Horrek behar du mentalitate aldaketa bat Espainiaren batasuna defendatzen dutenen aldetik. Ikusiko dugu posible duten egitea edo ez. Guk, aldiz, eskubideak ditugula eta bide hori egingo dugula defendatu behar dugu. Konstituzioa sakralizatzen dute eta ahazten dute 1978ko Konstituzioak oso urte gutxi dituela eta historian arauak aldatu egiten direla. Bide luzea dugu euskal estatua lortu arte. Haiek mugak jartzea normala da, baina guk zer egingo dugu? Onartu edo ez onartu? Demokratikoki ez onartzea defendatzen dut nik. Saiatu beharko dugu gizartea gero eta mobilizatuago egoten, nazio gisa merezi eta ditugun eskubideak defendatzeko.

Begoña Lasagabasterrek euskal ordezkariek erabaki dezaketena kanpoko gehiengo batek aldatzearen beldurra aipatu zuen. Kataluniako Estatutuarekin gertatu dena gogoan duzue?

Gure erabakiak nork hartu behar ditu? Guk edo beste batzuek? Guk, ezta? Guk ez genuke ezer erabakiko andaluziarrentzat eta bretoientzat. Ezin dugu onartu kanpotik, Kongresutik edo beste inongo tokitatik, gure aferak erabakitzea. Kataluniako Estatutuarekin gauza gehiago ikusi dira. Alderdi katalan gehienek ez dute errespetatu Kataluniako Parlamentuan erabaki zena. Asko aldatu dute testua. Ikusi da, halaber, ez dela izan Kongresuko debatean. Aldez aurretik izan da. Zaila da ulertzen. Kongresuko eztabaidaren aurretik, Mas jauna (CiU) korrika joan zen Moncloara. Azkenean, Zapateroren jokoa onartu dute, banan-banan aldatzea erabakita zegoena. Batasun falta oso larria izan da. Ondorioz, galtzailea Estatutua izan da. Hemen ikasi behar dugun lezioa da: zilegitasuna dagoen tokia Parlamentua bada, eta da, ezin da onartu alderdi batek banan-banan, bere proiektu edo boterea defendatzeko, aldatzea zeharo erabaki dena.

Euskal Herrian, dena den, prozesuak beste izaera bat du, ezta?

Guretzat normalizazioa eskubideen bueltatzea da. Honela ulertzen dugu. Hemen herri bat gara eta ahalmen guztia daukagu. Hor dago gakoa edozein mahaitan gatazka politikoa konpontzeko. Nola bideratu herri honen gobernatzeko eta antolatzeko modua? Hor dago Estatutua, esparru juridikoa. Guretzat gutxienekoa da 2004ko abenduaren 30ean onartu zena. Hurrengo denboretan hori ere mahai gainean izango dugu, azken batean hori da hauteskundeetan hartu genuen konpromisoa. Ez dut imajinatzen alderdi abertzale bat horren kontra agertzen.

Egun hauetan, alderdiak harremanetan izan zarete. Zer inpresio atera duzu bilera horietatik?

Orain arte ibili gara, eta jarraituko dugu, batzuk argazkiekin eta beste batzuk ez. Diskrezio osoarekin. Sentipen ona eta positiboa dago. Gauzak nola ondo egin? Hori da daukagun kezka.

Alderdien elkarrizketa eremu horretan, arazo handienetako bat erabakiak hartzeko irizpidea izango da? Adostasun zabala, adostasun transbertsala, gehiengoa…

Bai, izango da. Prozesu honen bukaeran, gure herria dagoela, nazio bat dela jasotzen duen onarpen batera heltzea gustatuko litzaidake. Asko falta zaigu egiteko. Baldintzak nik ez nituzke jarriko, eta beste alderdiek ere uste dut ezetz. Horretan sintonia dago. Denok nahi dugu adostasuna. Zenbat eta zabalagoa hobe. Transbertsalitatea modan jarri da. Ondo da, ni ere ados nago horrekin. Baina azkenenkora heldu beharko dugu. Eta imajinatzen dut hor eszenatokia izango dela batzuk besteak baino gehiago direla. Transbertsalitatea ezin da aitzakia izan Ðespero dut ez izateaÐ gutxiengo bat gehiengoaren kontra joateko edo betoa jartzeko. Hori ezin da izan. Baina espero dut bidea landuko dugula hori gerta ez dadin.

Euskal Herri osoko eragile guztiek edo nahi duten guztiek parte hartzeko modu edo formularen bat topatzea posible ikusten duzu.

Alderdi batzuen arteko harremanak aurreratuago daude. Martxan dagoena gelditu gabe zabaldu behar da elkarrizketaren esparrua. Nafarroako alderdiekin une honetan zaila da, baina espero dut lanak eta kontrasteak aurrera doazen heinean ulertzea UPNk eta horiek prozesua martxan dagoela eta parte hartu behar dutela. Ezinbestekoa da. Orain ia ezinezkoa da, baina denbora kontua izango da.

Egun hauetan PSNren aldetik jarrera zuhurragoa ikusi al da?

PSNk egingo du PSOEk egiten duena. Alderdi bera dira. Badute idazkari nagusi bat, Rodriguez Zapatero jauna. Ez dut uste diferentzia handirik egongo denik.

Joan den larunbateko manifestaziotik zer ondorio atera du EAk?

Manifestaziora deitu genuenean bagenekien giro berria zabaltzen zela. Manifestazioak erakutsi zuen gure gizarteak nahi duela aldaketa bat eta nahi duela konponbide bat. Horrek ardura eman behar digu alderdi politikoei gure gizarteari erantzuteko. Gizartea parte bat da, nahiz eta alderdi politikoen lana izan. Oso interesgarria iruditu zitzaidan manifestazioa.

Zer iruditu zaizkizu EAJk eta EB-Berdeek eman dituzten argudioak parte ez hartzeko?

Bakoitzak ematen ditu nahi dituen argudioak edo ahal dituenak. Argi gelditu da manifestazio hori eskubideen defentsa egiteko zela. Manifestazio hori herri honen alde, aldaketaren alde, soluzioen alde izan da. Aurrera begira, ondorioak onak dira, gizartea martxan dagoela eta konponbidearekin konpromisoa duela erakusten duelako. Manifestazio horretan denetariko jendeak parte hartu zuen.

Hirukoa osatzen duten alderdien arteko harremanak aldatu al dira?

Ez, ez. Inolaz ere ez. Batzuetan problemak ikusten dira ez dauden tokian. Bakoitzak bere planteamenduak dauzka, baina konpromisoak gobernu programan daude, eta horiek bete behar dira.

Aurtengo Aberri Eguna diferente izatea espero duzu?

Diferentea, bada. Eszenatokia da diferentea. Ardura, lan eta ahaleginerako momentua da. Konpromisorako Aberri Eguna izango da. Niretzat, Aberri Eguna oso garrantzitsua da. Oso egun inportantea da nire agendan. Beti da gure herriarekin konpromisoa agertzeko eguna.

Pello Urzelai berria.info
Jatorria: Begoña Errazti