Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuak nabarmendu duenez, udalek funtsezko egitekoa dute Euskal Herrian tokiko iraunkortasunerako bidean aurrera egiteko. Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuak, Esther Larrañagak, garapen iraunkorraren inguruko lankidetza-hitzarmena izenpetu du gaur, Esther Larrañaga bera buru duen Udalsarearen, EAEko iraunkortasunaren aldeko euskal udalen sarea, eta Nafarroako Foru Komunitatean dagoen sare homologoaren artean, NELS izeneko iraunkortasunaren aldeko Nafarroako toki-sarea.
Lankidetza gaur goizean berretsi dute Berako udalean Esther Larrañagak berak eta NELSeko lehendakariak, Faustino León Chivitek, eta honen bidez, bi erakundeen arteko lankidetzak areagotu egingo dira Euskal Herriko udal guztietan, guztion erronka den iraunkortasuna lortzeko bidean aurrerapausoak emateko. Sailburuaren hitzetan, akordio honek “ez du mugarik jartzen hiritarren gizarte, ekonomia zein ingurumen mailako bizi-kalitatearen gaian ”.
Sailburuak hitzarmenaren aurkezpenean azpimarratu zuenez, udal politikak garrantzitsuak dira garapen iraunkorrerako bidean aurrera egiteko, adibidez hirigintza-plangintzetan, ur eta hondakinen kudeaketan, energian eta garraioan eta abar. Zentzu honetan bertan, Larrañagak gogorarazi zuen Udalsarea 21 orain dela hiru urte sortu zela garapen iraunkorrerako bidean erakundeen arteko lankidetza sustatzeko eta koordinatzeko, baita Tokiko Agenda 21ek hartutako konpromisoak egiaz betetzen direla egiaztatzeko eta iraunkortasun-printzipioak udal kudeaketan sartzeko ere. Gaur egun, 138 udalek osatzen du Udalsarea (sortu zenean, berriz, 16k osatzen zuen). Horrek esan nahi du EAEko populazioaren %90 dagoela sartuta Agenda 21eko prozesuetan.
Sailburuak, aurkezpenean bertan, aipamen berezia eskaini zion udalek klima-aldaketaren aurkako borrokan duten zereginari; gogorarazi zuenez, hauxe baita Eusko Jaurlaritzak ingurumenaren gaian duen lehentasun nagusia. Sailburuak aurreratu zuenez, Klima Aldaketaren aurka egiteko Euskal Planak, urtarrilean sortutako Klima Aldaketaren Euskal Bulegoak gauzatuko duenak, tokiko erakundeek klimaren eraldaketaren fenomenoari eta honen ondorioei aurre egiteko duten funtsezko zeregin horretan jarriko du arreta berezia. “Mundu mailako arazo batez ari gara, baina honen aurrean dugun jarduteko gaitasuna hurbileneko esparrura mugatzen da ia esateko, hau da, tokiko esparrura, eta hortaz, beharrezkoa da “pentsatu orokorrean eta jardun tokian” filosofia aplikatzea.
Filosofia horren adibide gisa gogoratu zuen, orain dela astebete bakarrik Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak Europan aitzindari den proiektu bat jarri duela abian Hegoafrikako Waangari Mathai Bakearen Nobel Sariak zuzentzen duen Green Belt Movement elkartearekin batera. Proiektu honen bidez, Sailak sortutako berotegi-gasen isurpen guztiak konpentsatu egingo dira ekarpen ekonomiko batekin. Ekarpen horrekin ia 37 mila zuhaitz landatuko dira Kenyan, bide batez, tokiko komunitateak garatzeko eta herrialde hartako emakumeei bultzada emateko.
Jatorria: Esther Larrañaga