Onintza Lasa Arteaga Nola izango da berdina independente izan ala ez izan»? Galdera bera planteatzeak ere zurrunbiloa dakar. Inor ez du epel uzten planteamenduak. Bere alde jartzeko zein aurkari sutsu agertzeko. Baina hor bada barne-barneko izaera eta sentimenduak astintzen dituen zerbait, nortasun gai bat. Ezin daiteke independentista «pixka bat» izan edota Espainia edo Frantziaren barnean «pixka bat» dagoen hiritar sentitu. Bata ala bestea. Hau ez da ez hobe ez okerrago. Sentimendu kontua eta kokapen aukera bat baino.
«Baina eta… Europa barnean egonik… zer zentzu du, ba, independentziak?». Galdera honek badu bere azpijokoa. Izan ere, argudio hori erabiliz oraindik ez dut inor ikusi, Estatu buru edo Estatu bateko Gobernu buru den inor, bere izatearen ukazioa aldarrikatzen. Alderantziz, Europar Batasunaren osaketa etengabean orain urte gutxi sorturiko estatuak gehitzen ari dira, edota oso denbora laburrean Estatu bilakaturikoak ate joka dabiltza. Beraz, ez du, ba, zentzua izango? Erabatekoa. Hemen ere ez baita berdin. Ez da berdin berezko hizkuntza ofiziala izan ala ez izan, nork bere herriko ikurrina han goian astintzen ikusi ala ez ikusi, arazoen aurrean bertako arduradunak maila gorenean joan ala ez joan… Azken batean, onarpen osoa izan ala ez izan, ondorio guztiekin.
«Eta autogobernu maila altua duzuelarik, zertarako nahi duzue gehiago?». Kontua ez da kantitatea, kalitatea baizik. Nik identitate bat baldin badut, ezin konforma naiteke beste batek ematen didanarekin, izan ere, ni izaera independentekoa izanik, nire erara antola naitekeelako, nire ahultasun eta sendotasun guztiekin. Horixe da nor bere buruaren jabe izatearen gakoa: erronken aurrean berezko gaitasunekin jokatzen jakin behar dela. Eta gure kasuan, zehazki, horrek ez digu beldurrik ematen. Gure izate eta bertako hiritargoaren balioan erabat sinetsita gaudelako.
Nire lanean gisa honetakoak entzun eta erantzutea egokitzen zait askotan. Bertan, Euskal Herrian nagoelarik, gazteleraz zein frantsesez zein euskaraz aritu, iritzi trukaketa bat ematea izaten da ohikoen. Baina, gure herriko eremutik haratago joatean, hor konturatzen gara jende gehienak (gauza bat da zer nahiko genukeen eta bestea, oso ezberdina askotan, errealitatea) ez dakiela Euskal Herria herri bezala ere badenik. Eta hor hasten da abertzale batentzat lehen gogoeta puntua.
Herri bat onartua dagoenean, erakundeen aldetik alegia, munduan zehar onartua zaude. Herri izanik, onarpen hori ez dagoenean, esplikazioak ematen hasi beharra dago. Hori paradoxa, kasu guztietan, herri bat tartean egonik!
Hala ere, kanpo onarpenak baino garrantzi handiagoa du, nire aburuz, bertakoen iritziak. Herri identitatea ez du paper batek ematen soilik (hori ere arlo formalean beharrezkoa bada ere), baizik eta bertakoen sentimenduak, eta horrek isla izaten du egunerokotasunean aurki daitezkeen ohituretan, hizkuntza, bizimodu, historiaren ezagutzean, etab. Gakoa, beraz, hori garatu eta horretan tinko mantentzea da. Eta hori izate propiotik askoz hobeto berma daiteke.
Edo norbaitek esan behar digu, aitortu behar digu zer garen edo ez garen? Izatekotan ere, gure etorkizunari buruz galdetzeko eskubidea aitortu behar zaigu, inongo identitaterik ez inposatzeko (demokraziaren zentzuarekin uztartzeko zaila baita inposaketa), eta ondoren, erabaki hori errespetatu.
Zertaz hitz egiten ari garen galdetzean nik esaldi batez laburbilduko nuke: eskubideez gain, ongizateaz ere ari gara. Zergatik? Adibide batzuk ikustea besterik ez dago.
- Herri ikuspegi batetik, hezkuntza sistema, gizarte formatu baten oinarri garrantzitsuenetako bat, ezin gara dezakegu gure gisara, gure kasara, guk nahi dugun modura… Ez ditugulako horretarako tresna guztiak. Euskal Currikuluma, berezkoa, ez da oraindik errealitate bat. Baina Unibertsitate mailan ere berdintsu gertatzen da. Lege bat, oraintsu onartu bada ere, errekurritua dugu espainiar Gobernuaren aldetik. Eta, beraz, zer ikasi behar dute gure haur eta gaztetxoek? Nongo historia, zein pertsonaia esanguratsu?
- Edota, beste ikuspegi batetik, herrigintzan, gizartearen ongizatea sendotzeko lan egiten dugunean, oso ezberdina da enplegu politikak, esaterako, gure esku dauden ala ez. Adibidez, gizarte segurantza, langileok ordaintzen dugun gizarte segurantza, ez da berdin Espainiatik kudeatzea ala hemen bertan kudeatzea. Are gehiago, egiten dugun ekarpena jasotzen duguna baino handiagoa denean.
- Edota gure herriko kirol taldeak nazioarte mailan Herri gisa aritzeko eskubideari dagokionez, egungo egoeran Euskal Herriko Selekzioa helburu bat da oraindik; erronka bat. Estatu estatusa dutenei gordetako ohorea omen….
Honela, adibideak, lerrokatuta, bata bestearen atzetik jarrai genezake, autodeterminazioaren aldeko aldarrikapenak ez dira hitz hutsak bakarrik, ondorio praktiko eta argiak baitituzte. Horra hor batzuk. Pentsa ditzala irakurleak beste batzuk. Topatuko ditu.
Argi dago ni independentziaren aldekoa naizela. Herri izanik, neure burua gobernatzea dagokidala uste dudalako. Eta, bide batez esanda, modu horretan herritarren ongizatea hobetzea ahalbidetuko dela sinetsita nagoelako.
Ez da hori egungo egoera. Baina niri inork galdetu al dit gustura nagoen ala aldatu nahi dudan egungo egoera hau? Eta hori zilegi al da? Horregatik, ezinbestean, lanean jarraitu behar dugu lehen urratsa lortzeko: galdeketa. Eta ostean, nork bere astoari egingo dio «arre», herriarentzat onena zein den ideiak atxikimendu gehien izan ditzan: nire kasuan, independentzia.
Izan ere, argi geratu da aurreko hitz jarioan, izan ala ez izan, ez dela berdin. Eta idazle handi batek esan zuen moduan… «hor dago koska».
Niri inork galdetuko al dit gustura nagoen ala aldatu nahi dudan egungo egoera? Eta hori zilegi al da? Horregatik, lanean jarraitu behar dugu lehen urratsa lortzeko: galdeketa
Jatorria: Onintza Lasa