Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak ezinduen erretiroari buruz Donostian egin den jardunaldi baten inaugurazioan ziurtatu duenez, “premiazkoa eta ezinbestekoa” da araudia aldatzea, ezinduek bizi dituzten diskriminazio-egoerak ezabatzearren. Joseba Azkarragak adierazi duenez, “bi kontzeptu —baliaezintasuna eta ezintasuna, alegia— baliokideak ez izateak oso eragin kaltegarria dakarkie ezinduei, eta, batez ere, ezintasun intelektuala dutenei”.
Azkarragak azaldu duenez, “Espainiako araudian, lan egiteko gaitasuna murriztearekin edo deuseztatzearekin lotuta ageri da baliaezintasuna, eta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrak arautzen du. Era berean, Gizarte Segurantzaren sistema orokorrari dagokio baliaezintasuna babestea, hartarako prestazioen bidez. Aldiz, ezintasuna honako honekin lotzen da batez ere: urritasun fisiko, psikiko edo sentsorialaren ondorioz hezkuntzaren, lanaren edo gizartearen arloan integratzeko gaitasuna murriztearekin. Orobat, gizarte-zerbitzuen sistemak babesten du ezintasuna, Minusbaliatuak Gizarteratzeko Legean (MGL) araututakoari jarraiki”.
Sailburuaren iritziz, “kontraesan horren ondorioz, ezintasun fisikoa edo psikikoa duten hainbatek euren ezintasuna baliaezintasun-egoerekin parekatzea lortzen dute, betiere lan-merkatuan sartuta badaude eta haien egoerak okerrera egin duela frogatzen badute. Beste askok, ordea, eta batez ere ezintasun intelektuala dutenek, hasieratik bertatik laneratzeko zailtasun handiak izan ez ezik, beste oztopo bat ere badute: urritasun hori ez dago patologia gisa ebaluatuta, eta, beraz, ez dute aukerarik ezintasun hori aintzat hartzea lortzeko”.
Nolabaiteko ezintasuna dutenen arazoei erantzun egokiak emateko, ahaleginak batu behar direla esan du Azkarragak. Izan ere, sailburuak adierazi duenez, “ezinduak Lan Merkatuan ikusezinak dira, eta hori da, hain zuzen ere, topatzen ari garen eragozpenik larrienetako bat”.
2005ean, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak 1.010 ezinduri eman die lanbide orientazioa, eta 403 ezindu gaitu ditu lanbidean jarduteko. Horrez gain, 550 kontratazio mugagaberako diru-laguntza ere eman du. Gaur egun, Lanbidek 754 enplegu-eskatzaile ditu erregistratuta.
Azkarragak aurreratu duenez, hainbat lanpostutarako hautaketa-prozesuetan proba teorikoen ordez proba praktikoak ezartzeko aukera aztertzen ari da Administrazioa, ezintasun intelektuala dutenek enplegu publikoa errazago lor dezaten.
Jatorria: Joseba Azkarraga