Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuak PSOEren Gobernuari eskatu dio «PPko alderdi kontserbadoreenen zaintza gainetik kentzeko eta errespetuz eta aitorpenez jarduteko gerra zibilaren ostean eta diktaduran beren sakrifizioaren bidez askatasunak berreskuratzea posible egin zutenekin».
Donostian egun hauetan dagoen Gerra Zibila: Esperientzia, memoria eta ahanztura izeneko udako ikastaroko hasiera emate ekitaldian Memoria Historikoaren Lege proiektuaz jardun zuen Azkarragak. Haren esanetan, PSOEren ekarpena hasiera batean asmo handikoa bazen ere, PPk antolatutako «zarataren» ondorioz, asko mugatu du: «Hasieran PSOEk biktimen ordaintzari zehaztasun eta sakontasunez ekiteko zuen xedea erdi-bidean gelditu da, eta funtsez eginiko kritikak jaso ditu proiektu honek». Sailburuaren aburuz, gai horren inguruko «polemika» eskuineko sektore kontserbadoreen oposizioaren bultzadak ekarri du, «oraindik orain dena isilpean mantentzen eta gertaturikoaren gainean ahanztura ziurtatzen tematzen direlako».Hala ere, itxaropentsu agertu da legebiltzarreko eztabaidak akats historiko bat bihur daitekeena zuzen dezan. «Bestela, galdutako aukera baten aurrean egoteaz gain, konturatuko ginateke Gobernu sozialista ez dela gai izan altxamendu frankistako biktima izan zirenei merezi duten aitortza emateko».
JAURLARITZA, «LEGEDIAREN AURRETIK». Azkarragak dio Eusko Jaurlaritza estatuko legediari aurreratu zaiola gai horretan, «umiliatuak izan, gerra galdu eta diktadura pairatu zutenei duintasuna berreskuratzen laguntzeko asmoz». Gogorarazi du 1983an eta 1985ean legez aitortu zirela 36ko gerran euskal administrazioetan lan egin zutenen eskubideak, eta horrez gain, 2002an ikastoletan diktadura garaian irakasle izan zirenen aitortza arautzeaz batera, instituzio-batzorde bat sortu zela gudan desagertu edo fusilatu zituztenen hilobi komunak aurkitzen laguntzeko.
Sailburuaren hitzetan, beren xedea ez da «zauriak irekitzea edo mendekua hartzea», baina aitortu du «galtzaileen ostrazismora kondenatuak izan zirenekin dagoen zorra» izugarria dela. 331 eskakizun jaso dituzte hilobi horiek bilatzeko. Araban 15 aurkitu dituzte, 12 Bizkaian eta 24 Gipuzkoan. «Beharrezkoa da bidegabekeria mozorrotzeko erabili ziren gezurrak ordainez ematea, sentimenduak ez direlako iraungitzen, eta gerra galdu zutenek aitortza publikorako eskubidea dutelako».
Jatorria: Joseba Azkarraga