Fernando Velasco eta Iñaki Gil . EAko Arabako eta Gasteizko presidenteak Duela hogei urte, 1986ko irailaren 4an izan zen. Hotel Gasteiz-eko aretoetan herriarekiko konpromiso handiko lagun talde batek ausarta bezain ulergarria zen erabakia hartu zuen. Eusko Alkartasuna jaio zen.
Gero eta zailagoa da gizon-emakume horiek erakutsi zuten jarrera ausarta ikustea, batez ere politika arloan. Politikan kalkulua eta estrategia ikustera horren ohituak gauden garai honetan duela hogei urte erosotasuna, segurtasuna eta «eginda zegoen etxea» uztea eta ziurgabetasuna, lana eta konpromisoa aukeratu zutenen jarrera goraipatzea ezinbestekoa da. Gogoratu behar da, gainera, egindakoa ez zutela beraien interes propioaren alde egin, herriari tresna «herrikoia, demokratikoa, modernoa eta progresista» eskaintzeko helburuarekin baizik.
Erabaki ausarta izan zen, baina arrazoi eta uste sendoetan oinarritutakoa ere; batzuek horrela ikusi nahi badute ere, ez zen haserrealdi edo familia barruko desadostasuna izan. Duela hogei urte hartutako erabakia behar politikoari erantzun zion eta gaur Eusko Alkartasuna proiektu izateari utzi eta egunerokotasunean presente dagoen errealitate bihurtu da, gure herriak behar duen errealitatea.
20 urte atzera begiratuta bitxia eta erakusgarria da Eusko Alkartasunaren sorreran egin genuen errealitatearen diagnostikoa aztertzea eta alderdiaren jarduera izan behar zena markatzen zuten oinarriei begiratzea.
Neoforalismo, LTH eta herria lurraldeka antolatzearen arriskuaz hitz egiten zen orduan; abertzale batzuek subiranotasuna eta lurraldetasunaren aldarrikapenak ahaztu zituztela esaten zen, eta Estatutua jarduera politikoaren tresna hutsa bezala hartu beharrean helburutzat zutela salatu.
Horregatik, Eusko Alkartasuna sortu zuten gizon emakumeek burujabetza eskubidea aldarrikatzeko konpromisoa hartu zuten: foralismoa eta historizismoaren gainetik, gure nazio kontzientzian oinarrituta aldarrikatu zuten. Edo, gaur esango genukeen bezala, gure subiranotasuna eta demokratikoki erabakitzeko gaitasuna aitortzea eskatzen zuten. Nafarren erabakitzeko eskubidea ere espresuki aldarrikatu zen, lurraldetasunarekin uztartuz.
Euskara, gure hizkuntza, eta Euskal Herria, gure herriarekin konpromisoa. «Gure erakundeen ikuspegi anakronikoak sortu dituen arazoak eta neurri gabeko probintzialismoak» gainditzeko konpromisoa. «Herrien berdintasunean eta estaturik gabeko nazioen errespetuan oinarritutako» Europar Batasunarekin bat egiteko konpromisoa.
Baina hogei urte hauetan aberriaz gain beste gai batzuk jorratzeko helburuarekin aritu gara. Horregatik, orduan eta gaur, Eusko Alkartasunak «garapena -hirigintza, teknologikoa eta industriala- natura eta ingurumenaren errespetuarekin uztartzearen garrantziaz» hitz egin izan du, baita «naturak, zientziaren garapenak eta antolaketa sozialak ematen duten errekurtsoetara iristeko orduan berdintasun osoa» lortzeko lan egiteko beharraz.
Eta guztia, gaur eta beti, «bakea eta giza eskubideen defentsa egiten duen europar progresismoaren tradizioaren barruan». Hau da, «nazioen berdintasuna eta gizarte justizia» aldarrikatuz eta «helburu politikoak lortzeko inolako bortxa erabiltzea» arbuiatuz.
Gakotx artean idatzitakoa duela hogei urte idatzita dago. Horrela begiratuta hogei urte ez dela ezer dirudi. Baina gure herria eta herrialdearen errealitatea ikusita eta batzuk eta besteek izan duten ibilbidea -erakundeetan egindako lana eta koherentzia- aztertuta hogei urteetako emaitza oparoa izan dela esan behar da. Horixe da proiektua eta errealitatea bereizten duena: Eusko Alkartasuna errealitatea da eta Euskal Herria demokratikoa eta bidezkoagoa eraikitzeko erreferentzia.
Jatorria: Fernando Velasco