Onintza Lasa Euskal Herriko eta Kataluniako futbol selekzioek igande honetan Bartzelonan jokatuko duten partidak, kirola maite dugun guztiontzat ikuskizun aparta izateaz gain, euskaldunok geure kirol selekzioez gozatzeko dugun eskubidea eta aldarrikapena mahai gainean jarriko du berriro ere. Zalantzarik gabe, gai hau eztabaida politikoaren erdigunean jartzeko aukera ederra ematen digu euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzen dugun alderdioi, are gehiago gure jokalariak estatu gabeko beste nazio baten selekzioaren aurka lehiatuko direla kontuan hartzen badugu. Horrek partidaren garrantzia bikoiztu egiten du beraz, sinbolismo hutsetatik baino haratago joanez. Espainiako futbol agintariak ederki jabetu dira horretaz; ipini dituzten oztopoak bakarrik horrela uler daitezke. Euskal Herriko eta Kataluniako jokalariei euren selekzioen ofizialtasuna Camp Noun bertan aldarrikatzea debekatu die Espainiako Futbol Federazioak, eta partida igandera arte atzerarazi du larunbatean Espainiak Suedian jokatzen duelako. Geurea bigarren mailako partida ote?
Debekuak debeku, ofizialtasunaren aldarrikapenak muga eta hesi guztiak gaindituko ditu, ho- rixe baita partida honen oinarrian dagoena. Eta honekin ez dut esan nahi, inolaz ere, EAk ez duela bat egiten aukeratutako leloarekin: «Elkarrekin bakearen alde». Nork esango dio ezetz, bada, bakeari? Inork ez. Kontua ez da hori, baizik eta lelo behartu horren bitartez funtsean dagoen eskakizuna estali nahi izan dela. Lortu gabe, noski. Data, gainera, esanguratsua da, asteburu hau FIFAk jarritako data ofiziala den neurrian Euskal Herriko taldea beste edozein selekzio bezala arituko delako. Ez da nahikoa, argi dago, baina bai norabide egokian ematen dugun beste aurrerapauso bat. Sobera egon gabe ere, Gabonetako partiden folklore hutsean erortzeko arriskua behin betiko ezabatzeko balio beharko lukeen aurrerapausoa, gaineratuko nuke. EAk gure kirolariek nazioartean lehiaketa ofizialetan parte hartzeko eskubidearen aitortza lortu artean ahalegin guztiak egiteko borondate osoa duela ozenki esan dezaket, bai eta helburu horri begira lanean ari den jende andanarekin bat egiteko prest gaudela ere.
Euskal selekzioen aldeko aldarrikapena ez da folklore kontua. Gaur egun, albistegietan-eta, oro har, komunikabideetan kirol informazioak gero eta pisu handiagoa duen garai honetan, bere nazio izaera aldarrikatzen duen gurea bezalako edozein herrirako funtsezkoa da nazioartean bere burua herri gisa aurkeztu ahal izatea, eta horretarako zer hobeto kirol lehiaketa ofizialetan parte hartzea baino. Adibideak ere baditugu: Gibraltar, estaturik gabe eta britainiarren kolonia izanik, albiste izan da aste honetan UEFAk Gibraltarren eskaera onartu eta haien selekzioa ofizialki onartzeko lehen urratsa egin duelako. Faroe uharteetako futbol selekzioa ere hor dago. Nork kokatuko lituzke irla horiek mapa batean futbol selekzioengatik izan ez balitz? Nork ezagutuko luke uharte horrek duen autogobernua?
Seguru asko ez luke horrela izan beharko baina, zoritxarrez, behin baino gehiagotan kirola izaten da biderik eraginko- rrena beste modu batez lortzerik ez legokeen ospea eta izena erdiesteko. Azken batean, existitzen gara besteek ikusten gaituzten neurrian, eta guk, euskaldunok, ikusezinak izateari utzi nahi diogu kirol arloan ez ezik, beste eremu guztietan ere bai.
Eta normaltasunez aldarrikatzen dugu, normala delako, edo izan beharko luke behintzat, kirola- ri batek bere herria ordezkatu nahi izatea eta eskubide hori aitortzea. Arazoa ez dugu euskal selekzioen ofizialtasuna eskatzearren sen ona erabili eta mahai gainean argudiorik onena jartzen dugunok, alegia, euskal gizartearen babes osoa. Hemen benetan arazo bat daukatenak dira gehiengo sozialaren nahiari aurre egiteko espainiartasun kontzeptu sasisakra- tua besterik ez dutenak. Horiek kirol federazioen arauak beren alde izan ditzakete eta horrek ematen dien indarraz baliatzen dira, baina hori ere aldatuko da batzuek uste baino lehenago, gizartearen borondatean ondo sustraiturik ez dagoenak etorkizunik ez duelako.
Horixe da gure abantaila. Euskal selekzioak nazioartean lehiaketa ofizialetan ikustea denbora kontua baino ez da, euskal gizartea alde daukagulako. Madrilen eta Parisen ez bezala, ofizialta- sunaren aldeko aldarrikapena erabat erroturik dago Euskal Herrian eta abertzaleok ez ezik, PPko eta PSEko hautesleek ere bat egiten dute eskakizun horrekin, Soziometroak gai horren inguruan eginiko inkestek adierazten duten moduan. Azkenengoan, duela bi urte eginikoan, EAEko biztanleen %64 euskal selekzioek nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzearen alde agertu ziren. Kontrakoak, aldiz, %14 bakarrik izan ziren. Zenbaki adierazgarriak dira oso, baita 2000. urteko beste Soziometro batean jasotakoak ere. Hartan PPko hautesleen artean gehiago zeuden alde kontra baino. Eta berdin PSEkoekin. Ez gaude, beraz, sektore politiko soil baten aldarrikapen baten aurrean, euskal selekzioarekin bat eginez herri oso bat dagoelako. Orain arte ametsa izan dena errealitate bihurtzea izan behar du hemendik aurrera gu guztion ardura. Bihar, urrats bat egingo dugu, zerrenda luze baten lehena izan dadila. –
Jatorria: Onintza Lasa