Aurtengo eztabaida honek, legegintzaldiaren amaierarekin bat egiten du, beraz, mintzaldi honetan azkeneko lau urtetako kudeaketaren azterketa eginen dut.

Legegintzaldia bukatzear dagoela eta hauteskundeak hurbil daudela ikusita, eskuinak lau urte hauetan konpondu ezin izan dituen arazoak, korrika eta presaka konpontzen saiatzen ari da azken bolada honetan.

Alargunen pentsioak, itxaron – zerrendak, Gizon eta Emakumeen arteko Berdintasun Plana, Osasun Plana, besteak beste, hau da, legegintzaldi osoan konpondu gabeko arazo eta gabeziak, eraginik gabeko neurrien bitartez atondu nahi ditu, gobernuaren irudia zuritu nahian, hauteskundeetarako hilabete gutxi batzu falta direnean. Euskarari keinu egiten saiatu da eta guzti!

Baina konbenzimendurik gabe jokatzen duena agerian geratzen da. Hala gertatu zaio Sanz jaunari; Hizkuntza Politika tamalgarriaren inguruan balizko zuzenketak (ez funtsezkoak, jakina) iragartzean, astakeri galantak besterik ez ditu esan. UPN eta CDN-ko jaun andreok, euskarareko duzuena erraietatik ateratako gorrotoa baino ez da! Sen onik gabeko zuen politika eta jarrera justifikatzearren, edozein argudio erabiltzen duzue, ergelkeria hutsak badira ere; hortxe daude Nafarroako presidenteak kateto eta hipotenusaren inguruan egindako adierazpen penagarriak. Ahaztu gabe hauen benetazko helburua dela Nafarroan Unibertsitate ikasketak euskeraz egin ez daitezela.

Honekin guztiarekin lortu duzuen gauza bakarra zuen kudeaketaren huts guztiak agerian utzi ditu, eta aldiberean, eragindako taldeek sutan jarri ditu, erabilita sentitzen baitiraIxtear dagoen ziklo politikoa 2003an formalki 2003-an hasi zen. Baina askoz lehenagokoa da. Hamabi urte igaro dira euskuina gobernura iritsi zenetik, geroztik martxan jarritako estrategiak Nafarroari Estatuan garrantzi politikoa galdu izana, sistema publikoaren ahultze nabarmena eta elkarbizitzaren okertu izana ekarri diolarik.

UPN-k PP-k eramandako estrategia bere gain hartu izan du, kultura, hizkuntza ta ideología mailan sektakeria ezarriz, eta Nafarroarekiko duen ideia fundamentalista eta baztertzailea etengabe inposatu nahi izan du. Honek guztiak, krispazio soziala eta politikoa ekarri izan du.

Sanz jaunak, zure investidura diskurtsoan, Nafar guztientzat gobernatuko zenuela esan zenuen: “Baztangoentzat zein Erriberakoentzat”. Baina zure gobernuak egin zuen lehendabiziko gauza udaletxetan ikurriñaren presentzia debekatzea izan zen, milaka nafar herritarrek berea egiten duten ikur legala, alegia.

Azken sei urteretan, Franco garaiaren ondorengo euskararen aurkako erasorik bortitzena abiatu duzue. Nafar Kutxako Kontseiluan eta Kontseilu Audiobisualean ordezkari abertzaleak baztertu dituzue, baita langileen heren bat ere, ELA-k eta LAB-ek ordezkatuta, parte hartzerako organo publiko guztietan.

Alderdikeriaz jokatu duzue Aurrekontuak banatzerakoan, baliabide publikoak lagun politikotzat jotzen dituzuenei emanez, eta zuen ‘gustoko’ ez ziren udalak alde batera utziz; Lizarra, Barañain, Tafalla, baita Nafarroako eskualde osoak ere, Bortziri kasu.

Abertzaletasuna egiten duzue arazo guztien erantzule, baina UPN eta CDN-ko jaun – andreok, zuek zarete egungo Nafarroaren nortasun ezaren erantzuleak! Euskal Herriko beste herrialdeekin loturak eta harremanak hausteko jo eta su aritu zarete, Nafarroak dituen nortasun ikurrak erasotuz, gure subiranotasunaren defentsa alde batera utziz, zentralismoaren ordezkari zuen aliate den PP-ren interesen zerbitzura jarriz.

Nafarroaren subiranotasuna kolokan dago. Zuen buruari ‘navarrista’ deritzozuenok, etengabe zalantzan jartzen duen botere zentralaren erasoei aurre egiten ez diezuelako. Subiranotasuna defendatzeko eginbehar instituzionala ez duzue betetzen, printzipio hau edozein alderdiren siglen gainetik dagoela ahaztuz.

Parlamentu honek onartutako bost lege baino gehiagoren kontra Aznarren gobernuak aurkeztutako helegiteen aurrean isilik geratu zineten, eta Rodríguez Zapateroren gobernuak Nafarroarekiko daraman politika baztertzailea onartzen duzue. Hori bai, egoera konponezina denean iraindutarena egiten duzue.

Orain dela egun batzuk Parlamentu honetan ekimen bat aurkeztu zenuten, Aurrekontu mailan Nafarroak Estatu aldetik jasan behar izan duen utzikeria salatuz. Zer egin du gobernu honek, UPN eta CDN-ko jaun andreok, Nafarroa Estatuaren ekonomia – baliabideen menpean egon ez dadin, ahalbideratuko luketen transferitu gabeko eskumen guztiak exijitzeko? Zergatik ez duzue behin betiko Nafarroaren aldeko apostua egiten eta Espainiako gobernuei errespetua eskatzen diezue?

Nik ez dituz PSOE-ren gobernuak defendatuko. Hauek ere gure eskubideen itzulera ezaren, eta Foru Hobekuntza eskas horrek aitortzen dituen eskumenen transferentzia ezaren erantzule baitira. PP eta PSOE-ko gobernuekiko mantendu duzuen jarrera ezberdina izan da, eta orain, benetazko konbentzimendurik gabe, baina eskatzen duzue PP-ri planteatu ere egin ez zeniotena.

Euskal Autonomi Erkidegoak kartzelen inguruko eskumena lor dezala itxarongo duzue, Abiadura Handiko Trenaren kasuan egin zenuten bezala, zuek gero Nafarroarentzat eskatzeko?

Beste gobernuekiko protagonismoa galtzen duzuenean, ‘gamazadak’ eta ‘iraultza’ egitera dei egiten duzue, baina azken urte honetan berriz ere agerian utzi duzue Nafarroako dagozkion eskumenak eskuratzeko agertzen duzuen interesa, hauteskundeei begirako antzespen estetikoa besterik ez dela.

Behin bakar ere Eskumen Batzordea bildu duzue azken lau urte hauetan, hain zuzen ere Espainiako gobernua aldatu zenean, sartu berriari aurrekoari eskatu ez zitzaion guztia eskatzeko. Baina eskakizun hura ezer – ezean gelditu zen. Egun ezin diguzue erakutsi legegintzaldi osoan transferitutako eskumen berri bat ere.

Eta gure subiranotasun fiskalari dagokionez, zer esanik ez! Hitzarmen Ekonomikoak ematen dituen mekanismoak ez dituzue erabiltzen, eta Nafarroak onartutako hainbat neurri fiskalak epaiketetara eraman dituzten erkidegoak ‘laguntzat’ jotzen dituzue. Epaitegi Konstituzionalak nafar funtzionarioen soldataren igoeraren kontra plazaratutako bi sententziak, foruaren aurkako erasoa zuzenak izan dira, hala ere ez duzue ezer salatu. Europako epaitegi bat izan da gure subiranotasun fiskalaren onespenari bidea ireki diona!

Espainiako Kongresuan Rajoy jaunak gure eskubide historikoen kontra etengabeko mespretxua onartzen duzue, are gehiago zuen diputatu den Del Burgo jauna izan zen Ermuako Foroak foru erregimenen aurka Iruñean ospatutako ekitaldiaren izar nagusia!

Gogoratu behar dugu zuen gobernua ekitaldi honetara joatekotan egon zela, izan ere, kontseilari bat bertan egon zen, eta oraindik ez duzue presentzia honen inguruan azalpenik eman.

Zuen jarreraren ondoriorik larriena honako hau da: Nafarroa estatutuei buruzko eztabaidatik at gelditu izana. Eta hau guztia gainontzeko erkidegoak subiranotasun handiago lortzen saiatzen ari direnean.

Iaz Euskal Autonomi Erkidegoaren eta Kataluniaren kasuak aipatu nituen, prozesu honetan abangoardia izan zirelako. Egun hamar erkidego baino gehiago dira gure aurretik doazenak, horietako batzuetan PP gobernuan da!

Andaluziak, Galiziak baita Aragoiak ere beren aldarrikapenak proposatu dituzte. Horrela jarraituz gero, Gástela, Asturias edo Kantabriaren atzetik geratuko gara. Beraiek gu baino egoera okerragotik abiatuta, aukera hau aprobetxatu nahi dute.

Uste dut ez dagoela gogoratu beharrik gure eskubide historikoen errealitatea, beraz, gure ahalmenen gaitasuna. Hauek Foru Hobekuntzan murriztuta baldin badaude ere. Orain bere itzulera exijitzeko aukera dugu.

Aldiz, Nafarroan gai honi buruz eman den eztabaida bakarra, subiranotasunaren inguruan mugatutako ponentzia eskas batean, antzu eta anbiziorik gabeko planteamenduetan ez aurrera ez atzera geratu da. Gehiengoak ez baitzuen autogobernu aldarrikapen hori egin nahi.

Gogaitu arte egindako proposamen bakarra da Laugarren Xedapen Iragankorra bertan behera uztea. Hau da, nafar guztiek gure etorkizuna erabakitzeko dugun gaitasuna ezabatzea. Tematuta zaudete Nafarrorako duzuen proiektuarekin, eta honek aurrera egin dezan, edozein gauza egiteko gai zarete, baita nafarrek beren erkidegoaren estatus politikoa era demokratikoan aukeratzeko dituzten bide guztiak ixtea.
Obsesio honek adierazten du demokraziari beldurra diosuela, eta Nafarroarekiko duzuen ikuspegi fundamentalista, nafarren beraien askatasunaren gainetik jartzen duzuena.

Beldur hori bake prozesuari dagokionez hedatu nahain zabiltzate, arduragabekeria osoz jokatuz. Aukera historiko honetan Gobernu bezala dagokizuen erantzukizuna zuen gain hartu beharrean, eta zuen ekarpenak egiteko ematen dizuen parada erabili ordez, beldurra eta zatiketa zabaltzen saiatzen zarete.

PP-k bake prozesuaren aurka daraman estrategia onartezinaren abangoardia zarete! ‘Nafarroa salgai dagoela’ edo ‘ETA-ri emandako ordain politikoa dela’ bezalako gezurren bitartez, hauspoa ematen diezue Estatu mailan azken berrogei urtetako bakea lortzeko esperantza sendoena zapuzteko Nafarroa erabiltzen ari diren iritzi sortzaileei.

Ez al da aski lotsagarria zuentzat Jaime Ignacio Del Burgok 11 – Mren inguruan PP-k mantentzen duen teoria ero horretan duen protagonismoa jasan behar izatea? Ez diete sinisten ez poliziak, ez epaitegiek, ezta Kongresuko gainontzeko taldeek ere! Berriz ere, Euskal Herriaren eskubide nazionalak eta ETA-ren indarkeria nahasteko eraikitako gezurrak. Beti bezala.

Egia esan, Nafarroak izan behar duen paperarekin nahastuta zabiltzate. Batzuetan informaziorik ez duzuela kritikatzen duzue; bestetan, Nafarroa aintzat hartzeak mindu egiten zaituzte. Behin eta berriz kontraesanetan ibiltzen bazarete, eta edonolako berria, zentzugabekoa bada ere, gainontzeko guztiek egiten duguna jotzeko erabiltzen baduzue, ez da harritzekoa Espainiako presidentearekin biltzen lortu ez izana. Sanz jauna, bake prozesua eten dadila eskatu duzu!

Denbora luzez, ETA-ren existentzia zuen diskurtsoaren muina bihurtu duzue. Baina orain, betiko desagertzeko aukera sortzen denean, ez duzue egoerak eskatzen duen maila betetzen.

Gustatu hala ez, prozesua eraikitzen ari gara. Erantzukizunagatik eta alderdi politiko orok bizikidetzarako baldintza egokiak eskaini behar dituelako. Euskal gizarteak – nafar gizartea barne- konponbideak eta bakebiderako aldaketak eskatzen ditu.

Hurrengo urriaren 25-ean Europako Parlamentuan emango den eztabaida, nazioarteko organismoen (Institute of Peace, beste batzuren artean) eta nobel sarien inplikazioa… gatazkaren amaierarako pausuak ematen ari garela erakusten dute.

Guztiek aukerazko momentu baten aurrean gaudela esaten dugu. Zuek ez ezik. Ez duzue besteokin hitzegin nahi; ez dituzue iritziak kontrastatu nahi; ez duzue irtenbiderik nahi. Zuek ez duzue bakearen bidean aurrerapenak ekiditzeko eskubiderik, jokoan dagoena normaltasunezko etorkizuna baita.

Arazoa (edo aitzakia) ez da lurraldetasunaz hitzegingo dela. Joan zaitezte Mahaira, eta esan ezetz. Zuen ordezkaritza baliogarri egin. Alderdi Popularraren eta bere interesen estrategian zaudete, eta hauek Espainia zentralista eta uniformea dira. Homosexualen eta hezkuntza ez konfesionala katolikoaren aurka egiten duena, biktimak erabiltzen dituen hori bera.

Prozesua ez da soilik ETA desagertaraztea. Euskal gatazkaren behin betiko konponbideak, gutxienez azkeneko 150 urteretan urratutako eskubideen itzuleran datza.

Baina zuek ‘arerioa’ ez dagoen lekuan irudikatzen duzue. Abertzaletasunean, okerrago oraindik, Euskal Herriaren existentzian kokatzen duzue, zuen benetazko proiektu politikoa mozorrotzeko. Eta proiektu honek ez du ezer ikustekoriz ez Nafarroarekin ezta bere autogobernu historikoarekin.

Nafarroa borroka, aurkakotasun eta izan dena, orain denaren eta etorkizunean izateko eskubidea duenaren ukoaren zutabe bihurtu nahi duzue. Eta ez duzue inolako kezkarik Nafarroa bere subiranotasuna errespetatzen ez dutenen eta inoiz ere onartuko ez dutenen argudio eta eskenatoki bihurtzeko.

Gizarteari etengabe egindako dei kezkagarriek, indarkeriarekin nahasteko zuen jarrerarekin bat egiten ez duten edozein ideia – noski abertzaleak – herrialde honen bizitza politikoa baldintzatzea eta Nafarroako indar politikoen artean dagoen distantzia areagotzea besterik ez du helburu.

UPN eta CDN-ko jaun andreok, erabateko ziurtasun faltako itxura ematen duzue. Edo agian indarkeria bukatu eta ondorengoari diozue beldur? Hain ziurtasun gutxi daukazue zuen diskurtsoarengan eta zuen proiektu politikoarengan, ez zaretela ausartzen indarkeriaren argudioa alde batera uztera?

Koherentzia eta konpromezugatik, nafar gizartearen ordezkari naizen heinean, zuen jarrera berriz hausnartzea eta urrats historiko honetan parte hartzea eskatzen dizuet. Eusko Alkartasuna Nafarroaren eta Euskal Herriko gainontzeko lurraldeen arazoak konpontzeko behar diren foro guztietan egongo da.

Esan dezakezue nahi duzuena, baina martxan gaude. Euskal gatazkaren amaierarako aurrerapausuak ematen ari gara, zuekin, UPN eta CDN-ko jaun aundreok, edo zuek gabe.

Aukera historikozko esfortzu demokratiko honetan zuek ere lekua daukazuela ulertzea gustatuko litzaidake.

Indarkeria ere izan duen gatazka bat sufritu dugu. Bihotzean jo gaituzten ekimen terrorista gertatu dira. Baina indarkeria existitzen delako ezin gara geldirik egon, amankomunezko puntuak bilatu gabe, konponbiderik bilatu gabe.

Lan esparruak argi markatuta daude. Alde batetik, Gobernu zentrala eta ETA-rena, hau da, bakegintza. Biltzen jarrai dezaten, eta Irlandan bezala, arma – ematea ikus dezagula.

Beste esparrua, politikoa, zuek, gu eta gainontzeko euskal alderdiek osatu beharko genukeena da. Lehendabizi, beste alderdioi zuek ukatu diguzuen interlokuzio hori sortuz, batzuek eta besteek gatazkaren inguruan dauzkagun klabeak aztertzeko eta adostasunaren bidez, elkarren arteko akordiotara pasatzeko beharrezko konfidantza giroa sortzeko.
Eta hori da, preseski, Alderdien Mahaia, adostasuna eta akordioarena.

Batzuek Mahai hori prestatzen ari gara, koiuntura oztopoen, impassen eta, agian, geldiune interesatuen gainetik. Badakigu ez dela erreza, baina elkarbizitza normaltasuna lortzeko ezinbestekoa den kontrastea, elkarrizketa eta esfortzua egitera behartuta gaude.

Eta normaltasun hau normalizazioaren eskutik dator. Hau da, arazoaren muinara jo behar dugu. Euskal gizartearen gehiengoa, eta nafar gizartearen herena gutxienez, ez dago ados egungo errealitate juridikoarekin, gure subiranotasuna murrizten eta ukatzen duelako. Gogoratu behar dugu gure subiranotasunaren jatorria ez dela Konstituzio bat, baizik eta gure existentzian eta gure lege propioetan datzala, eta hauek Espainiako estatu modernoak gero sortu izan dituenak baino askoz lehenagokoak dira.

Prozesuak gehiago edo gutxiago iraungo du, baina itzulezina da. Badira ikurrak, ikusi nahi baldin badira: gizartearen eta alderdi politikoen gehiengoak bide politikoen alde jarrera hartu du, bai ideien expresiorako baita edozein beste aldarrikapenerako, nazionalak edo beste motatakoak.

Arazo bat daukagu eta konpondu behar dugu. Erantzukizunez, eta mendekua eta justizia nahastu gabe.

SAILAZ SAILA

Zuen kudeaketa orokorrak Ongizatearen desegituraketa larria izan du helburu.

Esparru guztietan pribatizazio politikak ezarri izanak, osasun pribatuari emandako pribilegiozko tratuak, urtez urte Hezkuntzari aski diru hornidura ez emanak, etxebizitza arazoari aurre egitean atzerapen interesatuak, kontseilari ohi Jose Ignacio Palaciosen kudeaketa eztabaidagarriak, asistentziazko erronka berriei erantzun emateko paralisiak eta etengabeko irregulartasun salaketek – lehendabizi Egües kasuan, ondoren Humanismo eta Demokrazian, eta orain Nafarroako Urbidea dago epaitegietan–, zuen kudeaketa sistema publikoari atentzio ezaz, gardentasun faltaz eta ustelkeria susmoaz busti dute.

Lehendakaritza, Justizi eta Barne saila

Lehen esan bezala, legegintzaldi honetan Nafarroako Transferentzi Batzordea behin bakarrik bildu da, 2004-an hain zuzen ere. Bilera hartan, Espainiako Gobernuari Trafiko eskumena Foru Poliziari behin betiko emateko eskatzea adostu zen, Legebiltzarrak askotan esijitu izan duenarekin bat eginez. Baina akordio hau ez da aurrera eraman.

Foru Hobekuntzak ia 25 urte bete izan dituenean, agerian utzi duzue jada ez duzuela lege honek aitortzen duen Polizia Integrala garatzeko asmorik, Katalunia eta Autonomi Erkidegoko polizien antzera. Honetan, beste gai batzuetan bezala, Nafarroa berezko autogobernua duten gainontzeko erkidegoen atzetik doa.

Gartzela berria Espainiako Gobernuak lehentasuna emango dion zain dago. Ikusiko dugu proiektua arintzeko beharrezko lana egiten duzuen edo gai hau soilik hauteskundeei begira eta azken momentuan erabiliko ote duzuen.

Hezkuntza eta Osasuna

Hezkuntza eta Osasunbiderako erabiltzen diren baliabide ekonomikoak urriak dira, eta honek gure ongizate sistemaren bi oinarri nagusien zerbitzuen kalitatean eragina dauka.

Estatu osoko bitartekotasun indize altuenak ditugu (irakasleen %15k ez du plazarik, Estatuko tasarik altuena, eta Osasunbideko langileen %40 inguru ebentuala da). Orain, egoera honetan urteak eman ondoren, bapatean bete gabeko plazak ateratzen hasi zarete, hurrengo hauteskundeen atarian.

Honi gehitu behar zaio aste baterako eta egun baterako kontratuen igoera, sistema publikoan – batez ere Osasunbidean – ezegonkortasuna sendotzen duena.

Sistema publikoaren ahulezia, baliabide faltaren aitzakiarekin asistentziazko zerbitzuetan ematen diren atzera pausuak, aurrera egiten ez zaien beharrak hor daude. Eta urte bukaeran 120 milioi eurotako superabit izanen duzuela iragarri duzue?

Hezkuntza

Ez zarete gai ezta Nafarroako zentruen oinarrizko behar materialei aurre egiteko. Iragan urtean barrakoietan ikasten ari ziren 700 ikasle horien egoera salatu genuen, eta oraindik ere ez diozue behar bezalako erantzun eman arazo honi.

¡Zuzendari Orokorrak berak onartu zuen komunikabideen aurrean konpondu gabeko beharrak zeudela! Noski, hurrengo egunean bere adierazpenak argitu behar izan zituen, ziurrenik sortuko zuten alarmaren beldur, eta ez oker zebilelako.

Zuen kudeaketa zentzugabekeria bat bestearen atzetik da. Atlante proiektua oihartzun handiarekin ezagutzera eman zenuten, Eskola Batzordearekin kontatu gabe. Javier Marcotegui organo honen burua izanik aurkezpenean egon zen, eta ez zuen zokoratze hau salatu.

Milaka nafarrei D eredua hautatzeko eskubidea ukatzen dien lege baten pean gaude oraindik; aldiz, eredu hau dagoen lekuetan bere garapenari oztopoak ezartzen zaizkio. Patxi Larrainzar ikastetxearen kasua paradigma da. Urtetan eskatu eta gero, hainbat mobilizazio egin ondoren, azkenik zentroaren handitzea lortu dute.

Baina aurten behar berriak sortu dira eta hainbestekoa izan da Hezkuntza Sailaren axolagabetasuna, azkenean gurasoek, zegoen espazioa eta medioak erabilita, laugarren lerroa bere kabuz martxan jarri behar izan dutela.

Gai honetan ez zoazte gizartearen atzetik, bere aurka baizik. Hezkuntza Sailaren azkeneko enkestaren arabera, D Iruñerrian gehien eskatzen den eredua da.

Errealitate honen aurrean, UPN-ren erantzuna arautegi injustu eta baztertzailea mantentzea da. Are gehiago, gizarteak eskatzen duenari kasurik egin gabe, Iruñako alkatesak ingelera – gaztelania eredua bultzatzen ari da Lehen Hezkuntzan, aukera hau inposatuz gurasoaren gehiengoa euskerazkoa eskatu duen lekuetan ere. Agoitzen gauza bera egin duzue: 0 – 3 zikloa euskeraz aldarrikatzen zutenak gehiengoa izanik, gaztelania hutsa ezarri duzue.

Eta ez duzue horrela jokatzen nafarrekin bakarrik. Etorkinen elkartetako hainbat ordezkarik salatu izan dute kanpotarrek Administraziora jotzen dutenean D eredua ez dietela aipatzen ere.

Hizkuntzen ikasketa borroka politika bihurtzen ahalegintzen zarete. Egia esan zaila ikusten dut, Miguel Sanzek elebitasunari buruz duela egun batzuk bota zituenak entzunda, halako presidente duten Gobernu eta alderdi batek hizkuntza propio bat edukitzeak suposatzen duen abestasuna ulertzeko gai izatea.

Hala nola duela belaunaldi asko Europan errealitate den aniztasun linguistikoa konprenitzea ere.

Osasuna

Sail batetan islatu baldin bada Gobernu honen ezgaitasuna eta atzerapena hori Osasuna izan da. Nafarroako Administrazio Publikoak esparru honetan zeuzkan bi erronka nagusiak alde batera utzi dituzue.

Ikerketaren garapena ekimen pribatuaren eskuetan utzi duzue – Opus Deiren eskuetan, honek dakarren ondorio politikoarekin – inolako ordainik eskatuz.

Minbiziaren tratamendurako asmo handiko plan hau bertan behera utzi duzuela onartu ezik – kontutan izanik gaitz hau nafarren heriotza kausa nagusienetako bat dela -, izkutatzen saiatzen zarete, bere ordez, zaharkituta zegoen erradioterapia zerbitzuaren berritzea zuen kudeaketaren meritu bezala salduz.

Laburbilduz, ezarri duzuen osasun mixtoa zerbitzuak sistema publikotik at desbideratzean datza.

Itxarote zerrenden arazoa lotsagarria da. Eta agerian gelditu den bezala. Nahiz eta era guztietako estrategiak erabiltzen dituzuen datuak kaleratu ez daitezen, adibidez, profesionalak presionatu.

Eta atzerapenak ez dira ematen soilik espezialitateetan, baita Lehen Mailako Arretan ere, beharrezko bizkortasuna oztopatuz. Honen ondorioz gero eta gehiago dira Larrialdietara jotzen duten pertsonak, zerbitzu honen funtzioa eta helburuak indargabetuz.

Egoera guzti honen arrazoia zuen eraginkortasun eza eta planifikazio falta da. Nafarroak azpiegitura onak dauzka, profesional adituak eta esparru batzuetan lehen mailako zerbitzu teknologikoak, baina baliabide hauek ez dira egoki erabiltzen eta kudeaketa txar honek, Estatuan onena izan den gure Osasun zerbitzu publikoaren atzerapen larria eta arrazoirik gabekoa ekarri du.

Ongizatea

Ongizate Sailak guztien artean protagonismo handien lortu duena izan da, bere arduradunek aurrera eraman izan duten kudeaketa eztabaigarriari esker eta zuen konfidantzazko pertsonek euren kargua bere onurako erabili izanagatik (hauetako batzuk, Alli jauna adibidez, Sanz jaunak goraipatua Legebiltzar honen aurrean).

Agian, hurrengo hauteskundeetara begira Palazios jaunaren dimisioak zuen gabinetearen irudia hobetuko zuela pentsatzen zenuten. Baina Aspace, Adona, Humanismo eta Demokrazia… Gure ongizate sistemaren sail garrantzitsuenetako bati aipua kendu izan dion Kudeaketa zalapartatxu baten adibideak besterik ez dira.

Hiru urteretan ez duzue ezerrez egin Sail honetan betetzeke zeuden proiektuak martxan jartzeko. Hori bai, bi kontseilura beren kargutik kendu dituzue eta orain, azkeneko momentuan, betetako helburutzat eman nahi dituzue azken egunetan bultzatu nahi izan dituzuen helburu batzu: Zahartzarorako Plana, Gizarte Zerbitzu Legea eta Berdintasunerako Plana.

Buru osasuna, hirugarren adinarenganako atentzioa, behar sozialenganako egokitzea irtenbiderik gabeko gai mamitxuak dira.

Legegintzaldia amaituta, zuen jokaerak funtsezko sail honen garapenean duzuen sinesmen eta planifikazio falta berretsi du, bere ospea kaltetuta izan delarik.

Kultura eta turismo

Eskaintza kulturala gure nortasuna indartu eta bultzatzeko, eta bisitaria erakartzeko erabili ordez, irizpiderik gabeko kudeaketa kaotikoa egiten ari zarete. Hori bai, euskal kulturari dagokionez, beti estaltzen duzue, baita San Frantzisko Xabier euskaldun zenaren kasuan ere.

Legegintzaldi honetako zuen obra nagusia, Iruñako Auditorio Baluartek 2005-ean berriz ere galera ekonomikoak aurkeztu izan ditu, osotara 11 milioi euro jada.

Nafarroako patroiaren 500. urteurrenak ez ditu itxaropenak bete eta ez du balio izan gure inguruko hirien mailako proposamen erakargarririk ez daukan erkidegoa turistikoki ezagutzera emateko. Are gehiago, Nafarroako Jaialdiak desagertu zirenetik, azken urteretan bertakoek eta bisitariek ez dugu udan zehar beste aukerarik Herriberriko Antzerki Klasiko Jaialdiaz – eskerrak – eta Sanferminaz besterik. Gai honetan, azken datuak ikusi besterik ez da egin behar honen erabateko porrota egiaztatzeko.

Euskal Herriko gainontzeko herrialdeekiko mugak jartzen saiatzen zarete, eta ondorioz ez dituzue aprobetxatzen izugarrizko igoera turistikoa jasaten ari den Euskal Autonomi Erkidegoaren eta Nafarroaren arteko elkarlanak ekarriko lituzkeen sinergiak.

Bestalde, Ondare kulturala, edo ez da aintzat hartzen edo gaizki kudeatzen da, hala gertatzen da, esaterako hondar arkeologikoekin, balore mueistikoekin edota Oteiza Fundazioarekin.

Oso larria da XX. mendeko euskal eskultore nagusienaren ondarearen kasua, izkutatzen edo desagertarazten saiatzen zarete, ondasun kulturalaz duzuen ikuspegi motza erakutsiz. Eta, gainera, Jorge Oteizak bere obra Nafarroari emateko jarri zituen baldintzak urratzen dituzue.

Hizkuntza Politika

Zer esanik ez zuen Hizkuntza Politikari buruz! Iaz Europako Kontseiluaren txostena alderantziz irakurtzeko gai izan bazineten, aurten berriz Euskalerria Irratia lizentziarik gabe utzi duzue, azpijoko baten bidez.

Nafarroako Auzitegi Gorenaren epaiak aurreko adjudikazio prozesuaren irregulartasuna agerian utzi zuen. Hala ere orduko emaitza berdina errepikatu duzue, oraingoan diru publikoarekin euskarri bezala balioko zizuen txostena prestatzeko enpresa bat kontratatuz.

Baina zuen tesiak babesten dituen txostena hain funtsik gabekoa da, ez zaretela ezta publikoki defendatzera ausartzen; hori bai, bertan agertzen diren konklusioak onartu dituzue, Kontratazio Mahaiak bereak egin eta gero.

Lizentzia berriro Net 21 irratiari eman diozue, nahiz eta arrazoi ekonomikoengatik – langileen iritziz – itxita egon. Egia esan hau ez da harritzekoa, enpresa honek ez baitzuen bere garaian lehiaketan aurkeztu beharrezko Bideragarritasun Plana, agertu. ¡Gehiegizkoa da, itxitako komunikabide bati frekuentzia ematea!

Zuen gobernuak eginiko inkesta batean, nafarroako biztanleria euskeraren normalizazioaren alde agertu da, Hezkuntzan eta beste sail batzuetan ere. Legea aldatzearen alde eta guzti.

Gizartea alde batetik eta zuek bestetik. Eta zure lerroan, Sanz Jauna, okerrago. Politika linguistikoaren zuzendari orokorrak Hezkuntza kontseilariak, Campoy Jaunak, aurkeztu zituen datuak gezurtatu zituen.

Foru administraziora sartzeko euskerarekiko mespretzua, bide seinaleetatik desagerpena, Iruñeko kaleen izenetan, administrazio dokumentazioan… posible den guztia egiten ari dira Nafarroan euskera desagertarazteko. Zuentzat, UPNeko jaunak, euskera ez baita hizkuntza propioa, egungo legeak, nahiz eta murritza izan, bai onartzen duen bezala; baizik eta suntsitu beharreko arerio bat.

¿Zenbat diru publiko erabili duzue azkenaldi honetan egindakoa desegiteko? kartelak kendu, idazpuruak aldatu… Sei urte beltz izan dira, ez euskerarekiko inposatu den atzerapenarengatik bakarrik, eramandako izugarrizko aurrekontu murrizpenarengatik ere (elkarte batzuk %60ekoa dela diote).

Gobernuak duen legezkoa ez den jarrera honen ondorioz, azken urteetan politika eman den egoera bitxienetariko baten lekuko gara.

Erdera hutsean dauden seinaleak aldatuko dira hauek hondatzen direnean, baina bere hondapenean intentzioa ikusten bada, orduan berriz ere erderaz utziko dira.

Imaginatzen dut UPNeta CDNek metala aztertzen gizon talde bat jarriko duela, eta zoritxarrez, ziur nago beti ondorio berara iritsiko direla: hondapena nahita egina da. Beraz, erderaz.

Zeuen intentzio nahasian kultura eta tolerantzia eza, gorroto eta liskarrak sustatzen dituzue, komunikazio tresna eta hondare kultura besterik ez dena gizartea banatzeko baliabide bezala erabiliz.

Ez diezue ez gizarteari, ez epaitegiei eta ezta arrazoiari kasu egiten. Hizkuntza hau mehatxu gisa aurkezten duzue, honen garapen eta normalizazioa ekiditeko, beti bezala irainak asmatuz. Hori, nafarren ikuspuntuaren aurka, hauek hizkuntza hau propio bezala erreibindikatzen dute, gizarteari egindako inkestek behin ta berriz agerian uzten duten bezala.

Tokiko Administrazioa

Nafarroako Gobernuak nafar instituzioak izugarrizko gainbeheran sartu ditu. Ez ditu Tokiko Administrazioari dagozkion erronkak aurrera ateratzen, ez eta tokiko erakundeek ezinbestekoa duten autonomia eta finanziazio nahikotasuna ematen, hauek gaineratzen ari dituzten errepontsabilitate berriei aurre egin ahal izateko. Alderantzizkoa gertatzen ari da: hauek Nafar gobernuaren pean gero eta gehiago daude, bezerotasun politikoaren susmoa mahagaineratuz.

Oposizioaren aurrean erakutsitako errespetu faltak (hau gutxiesten dute beti) kutunkeri kontu bat dela agerian uzten du, sigla edo erakunde eta instituzioak kontrolatzeko ahalmena zein den arabera.

Tokiko maparik gabe beste legegintzaldi bat. Berriz ere geure udal erresponsabilitateak aginduta, arrazionalizatzeko eskeintzen dugu geure burua. Tokiko Erakundeeak modernizatzeko plan bakarra ere ez. Azkeneko aldaketa hiri handien legea da, Madrildik oposizioa bidetik at uzteko inposatua.

Nekazaritza: Nafarroako Mendialdeko egoera.

Gobernuak nekazal eta abeltzain ustiapen handien aldeko lanak, nafarroako mendialdearen garapena zailtzen du. Badakizue gainera, turismo aukera ez dela etekin iturri nahikoa Nafarroako zonalde zabal batzuren bidegarritasuna ziurtatzeko, hori bai, hauei lurralde estrategikoetan hirugarren sektorea proposatzen diezue etorkizunerako aukera ekonomiko gisa.

Iparraldeko zonaldea eta nafar pirineoak tratamendu berezi bat behar dute. Hainbat arazori aurre egiteko (adibidez herriak hustu egiten ari direla) berezko planifikazioa ezinbestekoa dute bakarrik horrela eman zaie belaunaldi berriei han gelditzeko arrazoiren bat.

Urrun egonda, erraza da mendialdeari turismoa dagokiola esatea. Zailena dena batzea da: tokiko ohiturekiko errespetua (lehen sektorea), hau baita gainera bere erakartasun turistikoaren arrazoia, garapen industriala eta turismoari bultzada eman ekimen zehatz batzuen bidez eta sail honetan iaioak diren beste lurralde batzurekin harremanetan egonik.

Etxebizitza

Etxebizitza da Nafarren ardura garrantzitsuenetariko bat, batez ere gazteei dagokienean. Hainbeste urtez babes ofizialeko etxebizitzak ez ematearen ondorioz, etxebizitza baten esperoan zegoen jende kopuru altuari aurre egiteko, azkeneko emateak ez dira nahiko izan.

Gero eta etsiagoa da eskaria hau beharrezkoa den ondare honen prezioek izan duten gorakada dela eta. INE-ren azken datuen arabera, azken urte honetan gehien garestitu den produktua etxebizitza izan da, %4’9. Soldatekin bat ez datorren gorakada, honek ekonomi familiarra eta gaztediaren emantzipatzioa zailduz.

Lehengo urtean ondare hau lortzeko soldataren %40 inbertitu behar genuela esaten genuen, banketxeek gomendatzen dutena baino %30 baino gehiago, aurten honi banketxeen interesen igoera ere batu behar diogu, honek sortzen dituen ondorio latzekin batera.

Ekonomia, emplegua eta estrategia industriala

Zorionez Nafarroak oraindik gaur ongizate indize altuak mantentzen ditu, langileen esfortzua, hau enpresen ekimen eta augobernu ahalmenaren ondorio zuzena dena.

Nafarroan ohikoa den datu positibo bakarra, langabeziarena, 2005ekoarekin alderatuta handitu egin da puntu bat baino gehiago, Nafarroako Estatistika Instituzioak dioenaren arabera, %6’73 an kokatuz. Emakumeen kasuan zifra hau %10era igotzen da.

Empleguaren ezegonkortasuna gora doan fenomenoa dugu. Nafar eta estatu eskuinak, azken urte hauetan, sustatu dituen malgutasun neurriak, langilearen baldintzak okertu ditu, hau gero eta gehiago enpresaren egoera, soldata murritza eta behin behinekotasunerarekin atsikituta egonik.

Lan istripu kopuruari oraindik ez zaio irtenbide bat eman.

Azken urte honetan VWek eragindako egoerak, sektore bakarra eta enpresa bakarraren menpe dagoen ekonomiko baten ahultasun eta arriskuak jarri ditu mahai gainean. Azkeneko krisi honetan, gobernuak orain arte esan nahi izan ez duen zerbait publikoki onartu zuen: enpresa honek Nafarroa utz dezalaren aukera.

Zer egin duzue azkeneko hiru legegintzaldi hauetan ekonomia dibertsifikatu ahal izateko? Ezer. Inbestidura diskurtsoan energia berriztagarrien aldeko bultzada lehentasun bezala aipatu zenuen. Eta juxtu goruntz etengabe zioan enpresa bat genuenean, EHN, gure partaidetza saldu egiten duzu Foru Ogasunean zenituzten diru sartze murritzei aurre egiteko. Beste faktore batzuen artean VW en produkzioaren jeitxierak eragindako zerbait.

Zuen erabakiek epe motzeko ikuspegi batean dute oinarri eta Nafarroaren etorkizuneko ekonomia kolokan jartzen dute. Deslokalizazioari aurre egiteko inolako neurririk ez duzue hartzen, enpresen errotzearen aldeko lana, ekimen propioa (txikia, ertaina edo handia izan, ez du inporta) eta EHN ren kasuan erabilitako planteamenduen kontrako batzuk erabiliz eki zitekeen egoera.

Zuek, aldiz, Nafarrokoak ez diren enpresa handiei era guztietako erraztasunak eman dizkiezue, nahiz eta hauek hemengokoekin arazoak sortu. EHN uzten duzue, nafar guztien diruari esker eraikitako proiektua, juxtu errentabilitatea izaten hasten denean, enpresaren erabaki estrategikoetan eragina izateko aukera galduz… Laburbilduz, epe luzeko apostuak egin ordez antzeztea nahiago duzue.

Beste aldetik, Nafar gobernuak Nafarroak behar duen politika fiskal eta finantziario egokia ekar lezakeen hitzarmen ekonomikoaren balioa oraindik ez duzue erabili. Estatu mailan egiten diren aldaketa fiskal batzuk besterik aplikatzera murrizten da zuen lana, berezko planifikazio bakarra ere egin gabe.

Geure subiranotasun fiskala hain konbentzimendu gutxirekin defendatzen duzue beste instantzia batzuren eztabaida ere baimentzen duzuela, hala Errioxa, Españar gobernua edo Epaitegi konstituzionalaren kasuak.

Epaitegi europear bat izan da geure sistema propioa onartu behar izan duena eta Europear Batasunean zegozkigun eskuduntzak zuek lehenago ez eskatzeagatik zeuen posizio politikoaren ahultasuna agerian utzi duena.

IRPFeko zerga erreformek beti errenta altuenaren aldekoak izan dira, desberdintasun sozialak murriztu ordez kontrakoa lortuz. Ganbar honetako talde guztiek osotarako zuzenketa aurkeztu izanak zeuren proposamenaren ezpiritua nabarmetzen du.

Barnegitura eta komunikazioak

N-121-A ren proiektuaren hobekuntza aurkeztu egin duzue. Horretarako beharrezkoa izan da presioa, etengabeko salaketa eta bai alderdi honen nola zonaldeko alkate eta zinegotzien lana ere azkenean Gobernuak Nafarroako iparraldeko zonaldearen eskari zaharra entzun dezan.

UPN eta CDN ek lehengo urtean egoera tamalgarria aurkezten zuen 15 hildako baino gehiago sortu zituen errepide bati irtenbidea eman behar izan diote beste aukerarik gelditzen ez zenean bakarrik. Erresponsabilitateak sahiesten aritu zarete mendialdeko zonaldeenganako duzuen axolagabekeria dela medio.

Iruña-Logroñoren arteko errepiderako Estatuaren finantziazioa ez zenuten lortu, beste bide batzuen garapena atzeratu duen gertakaria, hala nola, Iruña –Jaka. Medinaceli eta Tutera arteko errepidea zeuen erreibindikazioen barne badago, Nafarroa Baik egungo Estatuaren gobernuaren konpromezuetariko bat hau izan zedila lortu zuelako da. Azkeneko 25 urteetan ez zuek PPrekin ez eta PSNek gobernu sozialistarekin lortu ez duzuen konpromezua.

Habiadura handiko trena ahaztu egin zenuten. Sanz Jaunak inbestidura diskurtsoan ez zuen aipatu ere egin Nafarroa Euskal Y-arekin, eta ondorioz Europarekin, lotzeko aukera. EAEK eskatu eta gero, izan zen UPNek besteek zerbait ona lortzen duten aldiro hartzen duen jarrera arro horrekin eskatu zuela. Horrela bakarrik lortu dugu azkenean batzuk hasieratik defendatu genuen lotura.

Zuengatik soilik balitz, Nafarroa europako tren saretik at geldituko litzateke, Y euskalduna egun europear proiektuen giltza denaren kanpo.

Bardeetaz ez zarete ez PPeko gobernuarekin eta ezta PSOE-narekin ere gogoratzen. Nafarren borondateari buruz asko mintzatzen zarete baina hau errespetatu behar denean, ez duzue horren alde ezer egiten. Eta hori ganbara honek orain dela denbora asko nafar biztanlego gehienak nahi ez duen poligono bat bilatzearen exigitzia transmititu zizuela. Estatuko gobernua zentzu honetan presionatzeko ardura duzu eta ez duzue jaramonik egin!

Laburbilduz, Nafarroa, bere autogobernua, egoera geografikoa eta saiakera sozialari esker garatzeko aukera asko dituen erkidegoa da. Baina hau hala izateko, gobernu honek ez ditu bere esku dauden tresneri eta instrumentuak ongi erabiltzen: ez politikoak, ez ekonomikoak, ez sozialak, ez kulturak eta ezta naturalak ere.

Jatorria: Begoña Errazti