Onintza Lasa Gaur urte amaiera atariko futbol partidua. Lagunarteko lehia. Bere garrantzia izan baduena, egun honetan Euskal Herriko koloreek janzten baitituzte unean uneko futbol zelaiak. Horrek aldarrikapen eta gogoetarako puntu garrantzitsua suposatzen du.
Hortik haratago, Euskal selekzioaren ofizialtasun osoa lortzera, bada pausorik. Eta asko gainera.
Euskadik Serbia izango du lehiakide aurtengoan. Berriki Katalunian ere jokatu zuen gure selekzioak. Izan badira partiduak. Bainan benetako urratsik ematen al da Nazioarte mailan gure herriko selekzioak, Espainia, Frantzia edo Eskozia bezala, maila berean egon ahal izateko? Erantzun honek ezezko borobila du erantzuntzat.
Izan ere, eta aurten ikusi ahal izan dugunez, Futbol Federazioak, hitz politetatik haratago, bere erantzunkizuna ekidin du; federazio gisa aldarrikapen honetan duen erantzunkizuna. Eta benetan burutazio bat datorkit burura etengabe egunotan. Politika maila edo estamendu batzuetatik ofizialtasunaren eskaeraren “zama” federazioetan jartzen da bainan futbol federazioak, aldiz, berriro pilota politika eremura pasa du. Ulertezina, aldarrikapen ofizialaren alde edozein ekitalditan biltzen den atxekipen kopurua aintzakotzat hartuta.
Eusko Alkartasunak ez du inongo lotsarik bere herriko kirol selekzio ofizialaren aldeko aldarrikapen zein lana onartzeko. Nolatan bada? Zer dela eta jasan behar du gure herriak bigarren mailako trataera bat?
Munduko hainbat herri dira gure eskubide honen agerpen argia. Estatu ez izanagatik ere (eta hau beste maila edo beste gai bati heltzea litzateke) selekzioa amets ez baino, ahalbideragarria dela frogatua dago. Borondatea behar da horretarako.
Garrantzitsua da mentalizazio kolektiboa lantzea, eta hori gaur egon egongo da Serbiaren aurka Euskadik jokatuko duen partiduan. Bainan jarrerak, hitzetako aldarrikapen hauetatik hain urrun ikusteak, eta batez ere inork bere gain aldarrikapen honetan aurrera egiteko borondaterik eza honek benetan gauzak serioski pentsatzera eraman beharko gintuzke.
Benetan dago borondaterik ala ez Euskal Selekzio ofizial bat egon dadin? Ba aitzakiak aitzaki, bide horretan egin behar dugu aurrera.
Onintza Lasa, EAko Komunikazio Idazkaria
Jatorria: Onintza Lasa