Zurrunbiloa eragin du Muskizko udal osaketak. 28 urtez EAJk gobernatu duen herria EAk zuzenduko du, PSE-EEren botoei esker. PSOEk zinegotzi sozialistei espedientea irekiko die horregatik.
EAJk lortu du Muskizen boto gehien, baina EAk hartu du alkatetza, PSE-EEren botoen laguntzarekin. Zergatik?
Egia da boto gehien EAJk jaso duela, baina ez ditu herritarrek emandako boto gehienak eskuratu. EAJk 539 boto galdu ditu, EAk 296 irabazi, eta PSE-EEk ere ehundik gora irabazi ditu. Duela zortzi urte, EAJk gainerako alderdi guztiek elkarrekin zituzten botoak baino gehiago zituen, baina gehiengo hori galdu egin du. Herritarrek aldaketa nahi dute. Horixe esan dute hauteskundeetan, modu nabarmenean. EAJren politikagintza zigortu dute eta herrian beste modu bateko politika nahi dutela adierazi dute. Nahi horixe gauzatu nahi dugu.
Zerrendarik bozkatuena errespetatzeko erabakia zuten alderdien zuzendaritzek.
Zuzendaritzek esana zuten printzipioz errespetatu egin behar zirela gehiengoak, baina salbuespenak gertatzen dira. Eta ez dago akordio idatzirik. Gainera, herritarrek esandakoa errespetatzeko neurria zen eta guk horixe egin dugu, herritar gehienen nahia gauzatu dugu. EAJk dituen botoak baino gehiago ditugu EAk eta PSE-EEk elkarturik. Bestetik, hitza ez betetzeari buruz ari bagara, kasu guztiez hitz egin beharko genuke, asko baitira hori bete ez dutenak. Sopuertan, esaterako, EAk boto gehiago izan arren, EAJk hartu du alkatetza.
EAJri alkatetza kentzeko PSE-EEk EAri botoa eman izanagatik hiru zinegotzi sozialistei espedientea irekiko diela iragarri du PSOEk. Zer iruditzen zaizu?
Erabakia ez zuten hiru zinegotziek hartu, herriko PSE-EEren taldeak aho batez hartu zuen, egokiena zela uste zuelako. Gertatzen dena da errealitateak ezagutu egin behar direla. Alderdietako buruzagiei herritarrei begiratzea komeni zaie batzuetan, bertako egoerak ezagutzeko.
Herri bakoitzaren egoera desberdina da, eta beraz, batzuetan ez dago leku guztietarako balio duen irizpiderik. Lekuan lekuko errealitatea ezagutu behar da eta horren arabera jokatu, aukerak ez baitira berdinak izaten.
EAren zuzendaritzak zer dio?
Ez dakit. Oraingoz behintzat, niri ez didate ezer esan.
EAJrena izan da historikoki Muskizko alkatetza. Zer aldatuko da alkatea EAkoa izanik?
Muskizek 28 urtez izan du EAJko alkatea eta aldaketaren beharra nabarmentzen zen herrian. Gobernatzeko modua aldatu nahi dut batik bat.
Eserleku bat edo farola bat non jarri erabakitzeko ez da askorik behar. Baina zein obra mota egin erabakitzeko orduan, herritarren gehiengoari onura egingo dioten lanak aukeratuko ditut. Ez diot erakusleihoen politika horri jarraitu nahi. Beharrei begiratu nahi diet. Baina, batez ere, gobernatzeko modua aldatu nahi dut. Erretorika dirudien arren, benetan diot.
Nola aldatuko duzu gobernatzeko eredu hori?
Herritarrengana gehiago hurbilduta eta parte hartzea sustatuta. Edozein lan egiten denean, lan horiek eragingo dien herritarrak kontuan hartuta egin nahi dut, ahal den neurrian behintzat.
PSE-EErekin gobernatzeko akordioa egina duzue?
Akordio formalik ez dugu oraindik egin. Elkarrizketak izan ditugu eta antzeko ikuspegiak ditugu gauza askotan. Sanjuanetan jaiak dira herrian, eta beraz, geldialdi antzeko bat dugu orain. Baina espero dut astelehenerako akordioa egina egongo dela.
Zeintzuk izango dira akordioaren oinarriak?
Udalgintzara mugatuko gara, politikoki ikuspegi desberdinak ditugulako. Baina udalgintzari dagokionean, adostasun handiak ditugu. Antzeko programak aurkeztu ditugu hauteskundeetan.
Ilusioz hartu duzu kargua?
Egia esan, ez nuen espero. EAJk botoak galduko zituela aurreikusten genuen jendea desilusionatuta zegoelako, baina ez genuen uste horrenbeste izango zirenik. Eta, legearen arabera balio ez duten botoak ere egon dira eta horrek gauzak aldatzen ditu. Baina bai, ilusio handia dut.
EAk zerrenda baliogabe horien parte hartzea bermatu nahi duela esana du. Zer egiteko asmoa duzu?
Gaiak aztertzeko kontseiluak eta parte hartzerako foroak egiten direnean, ez diot inori alderdiaren karneta eskatuko.
Jatorria: Eusko Alkartasuna