2008an kontsulta burutuko da eta Eusko Jaurlaritzak ez du ´atzera pausorik´ emango Eusko Jaurlaritzak eskua luzatu egin dio Espainiako Gobernuari, baina honek borondaterik ez badu itun politiko bat erdiesteko, «gatazka egongo da». Ikuspuntu hori du Joseba Azkarraga (EA) EAEko Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuak Ibarretxek ostiralean egindako proposamenaren inguruan. «Eskua luzatu bai, guztia; baina hertsi-hertsian demokratikoa den planteamendu batean atzera egin, ezta pauso bat ere. Espainiako Gobernuak ziurtasuna eduki behar du hori dela Eusko Jaurlaritzaren borondatea, eta hala 2008ra arte nola hortik aurrera hori garatzen segituko dugula».
Osalaneko arduradunekin izandako bilera baten ostean galdetu zioten Azkarragari Ibarretxeren proposamenari zein honek eragindako erreakzioei buruz. PPk eta PSOEk emandako erantzunen inguruan, EAko buruzagiak antzematen du biek bat egingo dutela «nola edo hala» herri-kontsultaren deialdia galarazteko. Lan sailburuak «antzekotasun kezkagarria» antzeman du 2005ko abenduan «gehiengo osoz Eusko Legebiltzarrak onartutako Estatutu berriaren proposamenari buruz Aznarrek esandakoaren» eta proposamena «zentzugabekeriatzat» jo duen Maria Teresa Fernandez de la Vegaren esanaren artean.
Herri galdeketa deitzea legezkoa edo legez kanpokoa den eztabaidatzetik haratago, Azkarragak azpimarratu du «demokratikoki sakona» dela proposamena: «Euskal gizartearen iritzia zein den jakin nahi dugu soilik». Zehaztu du ez dela independentziaren aldeko proposamena, -«nahiz eta nik hala nahiko nukeen»- . Bere ustez, Europa osoan uneotan estatu berriak sortzeko aukeraz hitz egiten ari direnean, «ez da logikoa norbait urduri jartzea, PP eta PSOE eta komunikabide batzuk jarri diren moduan». Ate guztiak itxita ere, «eduki dezatela ziurtasuna 2008ko urriaren 25ean herrialde honetan kontsulta egingo dela», ohartarazi die.
Jatorria: Joseba Azkarraga