Urriaren 25ean egin nahi duten herri kontsultarako galdera zehazteko dagoela dio EAko lehendakariak Normalizazio politikoa lortzeko prozesua behar-beharrezkoa dela uste du EAko presidente Begoña Erraztik. Indar politiko guztien egitekoa eseri eta negoziatzea dela iruditzen zaio, eta, haren ustez, gizarteak «behartu» behar ditu indar politiko «den-denak» horretara. Beraz, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxek Jaurlaritzako hirukoaren babesarekin herri galdeketaren inguruan egindako proposamenaren alde dago, «herritarren agindu garbiak bultzada demokratikoa eman diezaion gatazkaren erroetara jotzen ausartzen ez direnei».

Onartezina iruditzen zaio ETAk edo «gure herriak aurrera jotzeko borondaterik ez dutenek» erabakiak hartzea. Herritarrei egiteko galdera zehazteko dagoela argitu du, eta gaineratu du EAk horregatik gorde duela ekarpenak edo zuzenketak egiteko eskubidea.

«Gustatu edo ez», kontsulta elementu «argigarria eta erabat demokratikoa» dela uste du. Hala, proposamen horri «zakarki» egindako kritikak gaitzetsi ditu, haiek «gezurrezkoak eta onartezinak» direla iritzita.

Martin Ugalde Kultur Foroan izan zen atzo Begoña Errazti, hitzaldia ematen, eta han egin zituen adierazpenok. Martxelo Otamendi Berriako zuzendariak egin zuen Erraztiren aurkezpena, eta hitzaldia entzuten ziren, besteak beste, Iñaki Galdos EAren Gipuzkoako lehendakaria eta Gipuzkoako Diputazioko diputatuordea, Antxon Gomez EAE-ANVko idazkari nagusi ohia, Karmele Aierbe Batasuneko ordezkaria, Joan Mari Torrealdai Jakin-eko zuzendaria, Joxean Lizarribar EKTko Administrazio Kontseiluko lehendakaria eta Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusia.

«ELKARRIZKETA, KRIMINALIZATUTA».

EAEko Auzitegi Nagusiak Ibarretxe auzian epaiketa egiteko hartutako erabakiaren kontra ere aritu da Errazti. Justiziak «elkarrizketa politikoa kriminalizatzea» larria iruditzen zaio. Erabaki horrek argi erakusten du, Erraztiren ustez, «batzuek noraino iritsi nahi duten gure herriaren eztabaida hori askatasunez eta sakon egitea eragozteko».

Gainera, esanguratsua iruditzen zaio ikustea nola ez dituzten Batasunarekin bildutako guztiak eman auzitara. «Kartzelara eraman behar baldin bagaituzte, eraman gaitzatela guztiok!». EA ere Batasunarekin bildu dela, biltzen dela eta bilduko dela dio.

Batasuneko mahai nazionala ia osorik espetxera eramatea ere larria iruditzen zaio. ETAk su-etena hausteak ekarritako ondorio «larri-larrien» artean kokatu du hori. Bonba-autoak, atxiloketak eta atentatu saioak aipatu ditu ondorio larri horien artean, bereziki azpimarratuz Batasunaren kontrako polizia operazioa.

Testuinguru horretan, EAJko «sektore autonomistak» funtsezko aldarrikapen nazionaletan atzera egiten saiatu direla salatu du Erraztik, besteak beste transbertsaltasun hitza erabiliz.

PRINTZIPIO DEMOKRATIKOA.

Jaurlaritzak aurrera eraman nahi duen kontsultan «transbertsaltasuna» egotea gustatuko litzaioke Erraztiri, baina ez du ezinbestekoa ikusten. Azken batean, kontzeptu horren atzean «beto eskubidea» dagoela iruditzen zaio, eta Errazti ez dago hori onartzeko prest. Transbertsaltasunik ezean gehiengoaren babesa nahikoa dela iruditzen zaio, eta horri deitzen dio, hain justu, «printzipio demokratikoa». Horrek Eskoziaren eta Galesen kasuan balio izan zuela ekarri du gogora, eta Euskal Herriarentzat ere balio behar duela uste du.

EAren helburua independentzia da, Erraztiren esanetan, baina horretara bidean bide «posibilistak» beharrezkoak iruditzen zaizkio. Hala ere, nabarmendu duenez, EAk ez du aurrera egingo «autonomismo hutsean» geratzeko asmoa duen bidean.

EAJren EBBko lehendakari Josu Jon Imazek joan zen uztailean idatzi zuen iritzi artikuluko hainbat adierazpenen kontrako iritzia du Erraztik. Indarkeria eta normalizazio politikoa bi gauza direla eta ez direla nahastu behar azpimarratu du, Imazek bezala, baina bat ez dagoela bestearen aurretik nabarmendu du. Haren ustez, inork ere ez dauka «zilegitasunik» bata bestearen aurretik jartzeko: «ETAk ezin du bere desagerpena eskubide horiek aitortzearekin lotu; Estatuak, berriz, ezin du aitormen hori ukatu, mugarik gabe atzeratu».

EAk konponbidea bilatzeko lana egiteko «konpromisoa» hartu du. Lan horretan, instituzioek izan behar dute «gidaritza», haren arabera, gizarteak lagunduta. Orain «mobilizatzeko garaia» dela uste du.

Lotura: Lotura bisitatu
Jatorria: Begoña Errazti