Mikel Irujo, Eusko Alkartasunako europarlamentariak Nafarroako Fusilatuen Elkartea Europako Parlamentura gonbidatu du gaur, astelehena. Bertan, batzar luze eta garrantzitsu bat izan dute Europa mailako beste elkarte eta fundazio batzuekin, Auschwitz fundazioa, Vlernika lan taldea, gudako haurrak…tartean zirela.
Izan ere, Nafarroako Fusilatuen ahaideen elkartearen aldarrikapen bat da onartzea espainiar estatuko guda zibila munduko gudaren hazia izan zela. Aldarrikapen hau ez da oraindik ondo hartzen Europan. ´Ezin dugu ahaztu guda zibila guda europar bat izan zela, eta hala, beste hainbeste europar elkarteren grina berdinez mugitzen gara; gure aitona-amonen, gurasoen, ahaideen izen ona garbitu besterik ez dugu nahi. Guda hauetan pertsona errugabe asko erahil zituzten, eta oraindik ez dugu barkamen hitz bat ere jaso´, adierazi dute elkarteko ordezkariek.
Gaurkoa lehen batzarra izan da, eta taldeak konturatu dira badituztela hainbat gauza elkar amankomunak. Hartara, agian Memoria Historikoa lantzen duten taldeen artean sare europar bat sortzea ez litzateke zaila izango, harremanak eginak baitaude, eta ideia mahai gainean jarri baitute.
Jatorria: Mikel Irujo