Ziarretak «askatasunen eta eskubideen» aldeko adierazpena irakurri du Gernikan
Euskal Herria «une latzak» bizi dituela esan zuen atzo Unai Ziarreta EAko presidenteak, datorren astean hasiko den hauteskunde kanpaina «mutilatua» dagoelako. «Pertsona askok euren eskubide zibil eta politikoak murriztuta izango dituzte Alderdien Legearen arabera, eta beste asko ez dira aske izango kanpaina nahi duten moduan egiteko, ETAren mehatxuen ondorioz». Oinarrizko eskubideak «bertan behera» gelditu direnean kalera atera beharra dagoela azpimarratu zuen EAko buruak eta, horregatik, elkarretaratzea egin zuen Gernika-Lumoko Foru plazan alderdiko hautetsi eta ordezkariekin batera. Besteak beste, Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izandakoa, Tontxu Campos Hezkuntza sailburua, Joseba Azkarraga Justizia sailburua, Esther Larrañaga Ingurumen sailburua, Maiorga Ramirez Nafarroako EAko presidentea eta Begoña Lasagabaster diputatua izan ziren kontzentrazioan. Askatasunen alde, eskubideen alde leloko hamar puntuko adierazpena irakurri zuen Ziarretak, eta «pertsona guztien eskubide guztiak» babesteko konpromisoa agertzeaz gain, «horiek urratzen dituztenak salatzeko erabaki irmoa» azaldu zuen. Horren harira, «terrorismoaren kontrako diskurtsoaren izenean ideiak espetxeratzea» leporatu zion Espainiako Gobernuari eta, era berean, «deserosoak zaizkion herritar disidenteak baztertzeko eta haietaz libratzeko iritzi delitua erabiltzea» egotzi zion. Jokabide horrek, halaber, «estatu arrazoiengatik gutxiengoak desagerrarazteari» ateak ireki dizkiola ohartarazi zuen EAko buruzagiak. ZILEGITASUNIK EZ Euskal Herriak erabakiak hartzeko eskubidearen alde agertu zen Ziarreta, baina euskal gatazka gainditzeko oinarria «elkarrizketak eta giza eskubideen errespetuak» izan behar dutela berretsi zuen. Horregatik, helburu politikoak lortzeko «indarkeriaren erabilpena onartzen duen diskurtso orori zilegitasun demokratiko osoa ukatu» zion. Proiektu politiko guztiak «bide baketsu eta demokratikoak» erabiliz defendatu ahal izatea exijitu zuen EAko presidenteak, Euskal Herriaren «independentzia aldarrikatzen dutenak barne» eta proiektu horiek, gizartearen gehiengoaren babesa lortzen duten heinean, «gauzatu ahal izango direla bermatzeko neurriak» eskatu zituen.
Jatorria: Unai Ziarreta