Esparru juridiko berriaren alde egitearen garrantzia nabarmendu du Nekane Altzelai Espainiako Kongresurako EAren Gipuzkoako zerrendaburuak. «Eskumen gehiago edo gutxiago ematen dituen estatutuaren erreforma hutsa» ez da aski EArentzat, eta «bidaia» horretan ez duela parte hartuko jakinarazi du. Unai Ziarreta presidenteak «oztopo guztien gainetik» herri kontsultaren alde egingo dutela gaineratu du. Hauteskunde kanpainaren barruan, Usurbilgo (Gipuzkoa) Alkartetxe berriaren inaugurazio ekitaldian parte hartu dute Altzelaik, Ziarretak eta Iñaki Galdosek Gipuzkoako EAko presidenteak. Ekitaldian, Altzelaik Patxi Lopez eta PSEren jarrera salatu ditu. Eusko Legebiltzarrean gehiengo osoz onartutako estatutu politiko berrirako proiektua tramiterako ez onartzea egotzi die. Espainiako Kongresurako hautagaiaren hitzetan, «EAren ustez, elkarbizitzak besteak aitortzea eskatzen du». Eta PSEri eskatu dio onartzeko euskal herritar gehienen iritziz egungo esparru juridiko politikoa agortuta dagoela. Herritarrek erabakitzeko eskubidea errespetatzea nahi dutela gaineratu du. GALDEKETAREN ALDE. Bestalde, Ziarretak «behingoz herriari hitza emateko garaia» dela azaldu du. «Espainiako Estatuan jarraitu nahi dugun ala ez galdetu behar dugu, hori baita gizarte honen galdera nagusia». Espainiako Gobernuak herri galdeketa egiteko oztopoak jarriko ditu, EAko presidentearen iritziz. Alabaina, «oztopoei aurre egiteko» prest dagoela gaineratu du. Ziarretaren hitzetan, EA beti «koherentziaz» aritu da Euskal Herriaren independentziaren alde, «ez beste alderdi politikoak bezala».
Jatorria: Unai Ziarreta