Maiatza Plazako Amonen Elkarteak eta Eusko Alkartasunaren Idazkari Nagusia eta Eusko Jaurlaritzako sailak berak antolatutako Giza Eskubideei buruzko mintegi bat inauguratu du Joseba Azkarraga Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak Buenos Airesen (Argentina).
Bere hitzaldian Argentinako herriak 1976 eta 1983 bitartean diktadura militarraren eskutik nozitutako errepresio bortitza aipatu du Azkarragak, eta bizitzaren, askatasunaren eta desagertutakoaren nortasunaren alde Maiatza plazako amonak azken 30 urteetan eraman duten borroka goraipatu du. Desagerrarazten, torturatzen, hiltzen eta atxilotzezentroetan (benetako kontzentrazio-esparruak) giltzapetzen zituzten pertsonei, gainera, seme-alabak bahitu eta ezarritako beldur-erregimen berriaren aldeko familiei eman zizkieten, adierazi du.
Diktadura eta errepresio zibil eta militar basatia, beste hainbat adierazpen dramatiko eta ezin ankerragoren artean, jaioberrien lapurreta sistematikoaren bidez gauzatu zen hemen, gaineratu du Azkarragak.
Justizia sailburuak adierazi duenez, giza eskubideen aldeko borrokak ez du amaierarik izan behar; izan ere, mundu globalizatu honetan, non kapitalak eta indar politiko eta ekonomiko neokontserbatzeileek berriro ere indartsuenaren legea ezarri nahi duten, non aberatsenek are eta aberatsago izan nahi duten gehiengo pobretuen bizkar, giza eskubideak mundu hobe baten aldeko gotorleku dira. Horrez gain, gaineratu duenez, egiarik gabe ez dago justiziarik, eta justiziarik gabe etorkizuna zalantzazkoa da. Etorkizun horrek, gainera, bidean geldituz joan diren arazoak bueltatu egingo dizkigu azkenean.
Joseba Azkarragaren iritziz, tamalgarria da zigorgabetasunaren aurkako eta egiaren aldeko borrokaren unibertsaltasunak oihartzunik ez izana nazioarteko giza eskubideen zuzenbidean. Horren ildotik gogorarazi duenez, bereziki Latinamerikan, 70 eta 80ko hamarkadetan, isiltasuna eta ahanztura zigorgabetasuna, finean eskatzen ziren, errepresioa geldiarazteko eta diktaduretatik trantsizioa ahalbidetzeko nahitaezko ordain gisa.
Hala eta guztiz ere, eta milaka pertsona anonimoren borrokari esker, nazioartean gero eta gehiengo argiagoa osatzen dute Argentinakoak bezalako krimenak zigorgabe geratu ezin direla errebindikatzen dutenek. Egia bat izan behar da bederen, oroimena ahalbidetzen duena eta nolabaiteko justiziarako bidea irekitzen duena, gertakari berak berriro gertatuko ez direlako berme gisa, adierazi du Azkarragak.
Hori bera eskatzen ari gara gure herrialdean, Euskadin, batzuek trantsizio eredugarritzat saldu nahi izan zuten ahanzturaren eta azken puntuaren politikaren aurrean. Izan ere, egiarik eta justiziarik gabeko ahanztura lur zingiratsua baita, non benetako demokrazia demokrazia hutsetik haratago ez den ez sendotzen ez errotzen.
Joseba Azkarragak bere hitzaldiaren amaieran adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak oroimen historikoa berreskuratzeko politika publikoak bultzatu ditu. Ikusten duzuen bezala, Argentinan egiten ari zareten borrokak batu egiten gaitu; izan ere, errealitate historiko desberdinak ditugun arren, giza eskubideen mamian aurkitzen baitugu geure artean partekatzen dugun esparrua.
Jatorria: Joseba Azkarraga