Herritarrek Europako erakundeetara euskaraz jotzeko daukaten eskubidea aldarrikatzea da ekimenaren helburu nagusia Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Lorena Lopez de Lacalle (EA) Bruselan da Europan, baita ere, euskaraz izenburuko kanpaina bultzatzeko asmoz. Ekimen horren helburu nagusia da Arabako herritarrek nahiz Lurralde Historikoko erakundeek Europako erakundeetara euskaraz jotzeko daukaten eskubidea sustatzea.
Lorena Lopez de Lacallek prentsaurrekoa eman du gaur goizean Europako Legebiltzarrean, aipatutako kanpainaren berri emateko, Eusko Alkartasunak Europan duen legebiltzarkide Mikel Irujok eta Galeseko legebiltzarkide Jill Evansek lagunduta.
Euskara, Kultura eta Kirol diputatuaren esanetan, nahiz eta euskararen ofizialtasuna oraindik errealitate bat ez izan, euskaldunok hainbat erakundetara euskaraz jo dezakegu 2006. urtetik aurrera´. Kanpainaren helburua da, beraz, eskubide hori gizarteratzea. Europak asko dauka eskaintzeko, eta hori guztia profitatu behar dugu, baina Europako Batasunak euskarari garrantzi gehiago emateko, bizirik dagoela ikusi behar du, adierazi du.
Gizarteak eskubidea duela zabaltzeko asmoz, diputatuak gutun bat agertu du, non herritar bakoitzak edozein gairi buruzko galdera, kezka, kexu edo beharrizanen bat izanez gero eskaria euskaraz bideratzeko eredua ematen den.
EUROLANGE-KO BURUAREKIN ELKARRIZKETA
Lorena Lopez de Lacallek elkarrizketa sorta luzea du gaur Bruselan. Goizeko lehen orduan Hungariako La Sapientia Unibertsitateko hizkuntzalari talde batekin bildu da, Transylvaniako eta Euskal Herriko hizkuntzen statusak alderatzeko asmotan. Gero, Eurolange-ko antolatzaile Davyth Hickesekin elkarrizketatu da. Eurolange hiztun gutxi dituen mintzairak elkartzeko sarea da; bere helburu nagusiak dira hiztunen eskubideak aldarrikatu eta gobernuek hizkuntz hauekiko duten jarrera aldatzea.
Diputatuaren ustetan, «garrantzitsua da euskara Europako Batasuneko herri bakoitzean sustatzea, baina Europako erakundeetan ere egin behar da lan hori, bai eta euskara eguneroko lan tresna bilakatu ere.
Diputatuak Europar Batzordeko eleaniztasun bulegoa bisitatu du baita ere, euskararen egoera ezberdinen kasuak azaldu eta, era berean, ofizialtasuna eskatzeko.
Fuente: Eusko Alkartasuna