Eusko Alkartasunaren ustez, «ETAren estortsioa jasaten ari direnen aurka egiten ari da eta horiek babestu ordez, atxilotu eta espetxeratu ere egiten ditu»

“Estatuak ETAren biktima diren estortsionatuak babestu behar ditu, eta ez atxilotu. ETA da estortsioaren errudun bakarra”, adierazi du Eusko Alkartasunak Jose Antonio Jainaga Sidenorreko kontseilari ordezkariaren atxiloketaren ondoren.

Eusko Alkartasunak, beraz, bere harridura azaldu nahi du Auzitegi Nazionala eta Baltasar Garzon epailea hartzen ari diren bidea dela-eta, “ETAren estortsioa pairatzen ari diren pertsonen kontra jotzen ari baitira eta, babestu beharrean, atxilotu eta espetxeratu ere egiten ari direlako”.

Duela egun gutxi, Eusko Jaurlaritzaren bitartez, Bruño ahizpen atxiloketa, ustez ETAri ordaindu eta gero, beren errugabetasun-presuntzioa bertan behera uzteko moduko sendotasunik ez zuten susmoetan oinarritu zela ohartarazi behar izan genuen, eta 28 urtetan zehar ETAren estortsioaren biktima izan zirela salatu genuen.

Gaur, Garzon epaileak biktima baten aurka jotzen du berriro ere; horregatik, espainiar Gobernuari eskatzen diogu zentzugabekeria honekin buka dezala eta benetako errudunen aurka jo dezala, alegia, ETAren aurka.

 

 

Jatorria: Eusko Alkartasuna