Atxiloketen helburua “ETAren biktimak gaizkile bihurtu eta espainiar iritzi publikoaren aurrean susmoak zabaltzea” da

Eusko Alkartasunak ETAren estortsioaren biktimen kontrako Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epailearen erasoa salatu du eta lintxamendu honen berehalako amaiera exijitu dio epaileari. Jesus Guibert-en atxiloketak, Sidenorreko kontseilari ordezkari Jose Antonio Jainagarenak eta Bruño ahizpenarenak bezalaxe, helburu dute “ETAren biktimak gaizkile bihurtu eta espainiar iritzi publikoaren aurrean susmoak zabaltzea”.

“Estatuak ETAren estortsioa pairatzen duten biktimak babestu behar ditu, eta ez atxilotu; ETA da estortsioaren errudun bakarra”, berretsi du Eusko Alkartasunak. Hau dela-eta, Garzon epailearen jokaera zeharo gaitzesgarria da, “ETAren estortsioa pairatzen ari diren pertsonen kontra jotzen ari delako eta, horiek babestu beharrean, atxilotu eta espetxeratu ere egiten ari delako”.

Gaur, berriro ere, Garzon epaileak biktima baten aurka jo du; horregatik espainiar Gobernuari eskatzen diogu zentzugabekeria honekin amaitu eta benetako errudunen aurka jo dezala, hau da, ETAren aurka.

 

 

 

Jatorria: Eusko Alkartasuna