Unai Ziarreta prentsaurrekoan EAko presidenteak Zapaterori eskatu zion euskal gizarteari «argi» azaltzeko «zergatik herritarren erabakitzeko eskubidea Madrilen amaitzen den, eta zergatik herriaren borondate demokratikoa paper errea den» berarentzat.

EAtik galdeketa aurrera ateratzeko «indar guztiekin» bultzatuko dutela, horixe adierazi zuen atzo Unai Ziarreta EAko presidenteak Amurrion (Araba), hango zinegotziei egin zieten omenaldian. Espainiako Gobernuak herri galdeketako legeari EAEko aldizkari ofizialean ateratzen denean helegitea jarriko ziola iragarri duen arren, Ziarretak herri galdeketa egin egingo dela berretsi zuen, galdeketa egitea Eusko Legebiltzarraren «agindu garbia» delako. Gainera, ekimena «erabat demokratikoa» dela gogorarazi zuen.

Horri lotuta, euskal gizartea «frontoi baten aurrean» dagoela azaldu zuen, eta «frontoi horren horma Estatuko eta Madrilgo Gobernuaren marko juridiko-politikoa» dela. Horregatik, euskal gizarteak «horma hori gainditzeko gai» izan behar duela zioen EAko presidenteak.

PSE-EEri ere zuzendu zitzaion Ziarreta, eta eskatu zion euskal gizarteari «argi» azaltzeko «zergatik herritarren erabakitzeko eskubidea Madrilen amaitzen den, eta zergatik herriaren borondate demokratikoa paper errea den» beraientzat.

 

Lotura: Lotura bisitatu
Jatorria: Berria/EITB24