Rafa larreina Espainako Gobernuak eta PPk “herriaren erantzunari beldur diote”, azpimarratu du Rafael Larreina EAko Politika Instituzionaleko idazkariak. Era berean, galdeketa defendatu du beste behin ere.

Herri galdeketa defendatzeko udan egingo duten kanpaina aurkeztu du Rafa Larreina EAko Politika Instituzionaleko idazkariak. Horrela, pegatinak banatu eta Internetetik bideoak bidaliko ditu Eusko Alkartasunak.

Bai, erabaki’ lemapean kanpainak izaera “informala, arina eta udakoa” izango du, ahalik eta herritar gehienengana heltzeko.

Horretarako, EAk kontsultaren aldeko milaka pegatina banatuko ditu eta bideoak jarriko ditu Interneten. Galdeketa etenda dago Espainiako Gobernuak eta Alderdi Popularrak Auzitegi Konstituzionalaren aurrean errekurtsoak aurkeztu zituztenetik.

“Eskubide lagaezina”

Euskal gizarteak duen erabakitzeko eskubidea, “eskubide lagaezina” dela nabarmendu du Larreinak. EAko agintariaren hitzetan, galdeketak ez luke eragozpen “legalik” izan behar, ezta “indarkeriaren bidetik etorritakorik ere”.

Era berean, Gobernu zentralak eta PPk “herritarren erantzunari beldur diote, euskal gizartea heldua ez dela iritzi diotelako”, Larreinaren ahotan.

“Hartuko dituen erabakiei beldurrik ez diogulako, euskal gizartean konfiantza du EAk”, azpimarratu du Larreinak eta kanpainaren bidez herritarrei “beraiek erabaki dezaten bultzatu nahi ditugu, ez Gobernu zentralak, ez Eusko Jaurlaritzak ezta ETAk ere ez dutelako euren borondatea ordezkatu behar”.

 

 

Lotura: Albistea EITB24an
Jatorria: EP/EITB24